Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Mª Eugenia Arrizabalaga: “Krisi klimatikoari aurre egiteko ezinbestean bideratu behar dugun eredu energetiko, ekonomiko eta sozialaren eraldaketak lehentasunezko lekua izan behar du ‘Entzunez Eraiki‘ ekimenean”
EAJ-PNV alderdiaren EBBko Lurralde Antolamendu, Garraio eta Garapen Iraunkorraren arloko burukide eta arduradunak EAJ-PNVk bultzatutako entzute aktiboko prozesuaren beste topaldi batean parte hartu du, HernaninMª Eugenia Arrizabalagak, EAJ-PNV alderdiaren EBBko Lurralde Antolamendu, Garraio eta Garapen Iraunkorraren arloko arduradunak, adierazi duenez, «mehatxuak pilatuz doazkigun garai honetan, eta, jakina denez, klima-aldaketaren mehatxuak zuzenean eragiten digu mundu osoan, ezin dugu bazter utzi NBEko Klima Aldaketari buruzko Adituen Gobernu Arteko Taldearen azken txostenak dioskula planetak jasan dezakeen kalte itzulezina geratzeko azken aukeraren aurrean gaudela. Ildo horretan, nabarmendu du azken Batzar Nagusian onartutako ebazpenak ezarri zuen legez, «EAJ-PNV alderdiaren politika publikoek eta erakunde-ekintzak zuzen-zuzenean eman behar dutela ingurumenaren eta klima-aldaketaren aurkako borrokaren berri».
Arrizabalagak adierazpen horiek egin ditu EAJ-PNVk, Sabino Arana Fundazioaren laguntzaz antolatu duen “Entzunez Eraiki” entzute aktiboko prozesuaren topaldi berri baten esparruan. Topaldi hori gaur egin da, Hernaniko Parke Teknologikoan dagoen Orona Fundazioan.
EBBko burukidearen arabera, «erronka horren aurrean, Euskadi leku bikainean dago gaur egun, gure erakundeek aspalditik egin eta egiten duten lanagatik eta, batez ere, gizarte-kohesioan oinarritutako herri-eredua eraiki dugulako guztion artean. Eta, hain zuzen ere, gizarte-kohesio horrek aukera ematen du gure ekonomia egokitzeko eta egoerak eskatzen dizkigun bizimodu-aldaketei aurre egiteko.
Horregatik, «Entzunez Eraiki ekimenaren barruan, klima-krisiari aurre egiteko ezinbestekoa dugun eredu energetiko, ekonomiko eta sozialaren eraldaketak lehentasunezko tokia galdatzen du, horrek dakartzan ondorioak eta konplexutasuna kontuan hartuta», azpimarratu du.
Xabier Barandiaran Euzkadi Buru Batzarreko Berrikuntza Politikoaren arduradunak koordinatutako jardunaldi horretan, EAJ-PNV alderdiaren ordezkari publiko eta barne-ordezkariek ere parte hartu dute, ingurumenari lotutako eragile eta sektoreekin batera.
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak adierazi duenez, «bi urte baino gehiago joan dira Euskadik Europako Green Deal delakoarekiko konpromisoa hartu zuenetik, baina gure ibilbide-orria ezarrita, hots, gure Euskadiko Itun Berdea, 2050. urtean, ekonomiaren deskarbonizazioa eta neutraltasun klimatikoa erdiesteko helburuz».
Ildo horretan, Tapiak argitu du «Euskadiko Itun Berdea ez dela klimaren aldeko apustu edo ingurumen-politika soila. Aitzitik, eredu ekonomikoa da, industria eta teknologia eragile nagusiak dituela. Eta zientzia, teknologia, industria, trantsizio digitala edo ekonomia zirkularra estrategia horren inguruan ardazten dira».
«Azken batean, enplegua sortzen duen susperraldi ekonomikoa bizkortu nahi da, eraldaketa digitala, energetikoa, klimatikoa eta soziosanitarioa bultzatuz, ekoizpen-egituraren lehiakortasuna indartzeko aukera gisa harturik, eta ingurumen-irizpideak arloetako politika guztietan txertaturik, ez baldintzatzaile gisa, balioa sortzeko lehiarako faktore gisa baizik», azaldu du Arantxa Tapiak.
Jorge Fernández Orkestrako Energia arloko koordinatzaileak adierazi duenez, «Europar Batasunak epe ertainean (2030eko muga) eta epe luzeagoan (2050eko muga) proposatu dizkigun helburu energetiko-klimatikoak beteko baditugu, sakoneko aldaketak egin behar ditugu euskal ekonomiaren balio-kate osoan (ekoizpena-banaketa-kontsumoa) eta aldaketa horiek eragin egingo diete sektore eta jarduera-arlo guztiei».
Horri dagokionez, adierazi du «helburua dela deskarbonizazio-prozesuan aurrera egitea, halako eran, non enpresen eta lurraldearen lehiakortasuna babesten eta gizartearen ongizatea bermatzen dugun».
Beste alde batetik, Itziar Eizagirre ingurumen adituak Lurraren berotze edo berotze globalaren abiadari buruz ohartarazi du, eta adierazi du bosturteko honetan «1,5 gradura irits daitekeela; isuriak murrizteko konpromiso nazionalek, berriz, igoera hori apaltzeko beharrezkoak liratekeenak baino askoz ere txikiagoak dira». Gainera, azaldu du «gobernantza klimatikoari lotutako erabakigune anitzen sistemak gizarte osoari eragiten diola, bai herritarrei, bai gizarte-mugimenduei, bai eta enpresa eta gobernuei ere, gure egiteko moduak esparru guzti-guztietan aldatzeko.
Ukrainako gatazkari buruz ere hitz egin du adituak, eta ondokoa esan du: «gerra hotzeko ingurumari batean, non gobernagarritasuna eta bake soziala kolokan dauden Ukrainako gatazkaren mendean, klimaren aldeko gobernantzak, energia-politikarekin eta baliabideekin oso modu korapilatsuan lotuta dagoenak, zailtasun larriak dakartza sistema politiko eta instituzionala azkar egokitu dadin, sektore jakin batzuetan (energia, nekazaritza, garraioa eta mugikortasuna, lurralde-plangintza eta abar) unean uneko egoera biziki aldarazten duelako».
Alexander Botok, IHOBEko zuzendari nagusiak, klima-aldaketari buruz hitz egin du garapen ekonomikoaren ikuspegitik; eta Kirsten Dunlopek (Climate-KIC ekimenaren zuzendari exekutiboak), aldiz, klima-aldaketari ikuspegi integral batetik heltzeko aukerei buruz.
‘Entzunez Eraiki’ ekimenaren jardunaldi elkarreragile horien bidez, EAJ-PNVk gizartearen eskariak entzun nahi ditu, alderdi gisa aditu eta, denetan garrantzitsuena, ekintza bihurtu behar ditu, Euskadik Nazio moduan aurrera egin dezan eta Herri gisa gure gizarteak nahi eta merezi duena izan dezagun.
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31