Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2022/04/30

Feminismoak ekarri duen aurrerabidean pauso gehiago egiteko konpromisoa hartu du EAJ-PNVk

‘Entzunez Eraiki‘ entzuketa ariketak emakumeen eta gizonen berdintasuna izan du gogoetagai, Donostian gaur egin duten topaketan.
Feminismoak ekarri duen aurrerabidean pauso gehiago egiteko konpromisoa hartu du EAJ-PNVk

Eusko Alderdi Jeltzaleak Gipuzkoako Entzunez Eraiki prozesuaren bitartez lurralde osora zabaldutako entzuketa saioekin jarraitzen du. Donostian gaur, Gipuzko Buru Batzarraren egoitzan, alderdikideekin eta talde feministetako hainbat kiderekin egindako lansaioan berdintasun eta genero gaiak jarri dituzte mahaiaren gainean, aktualitate beteko gai honi legedien eta politiken ikuspegitik heltzeko asmoarekin. Imanol Lasa, GBBko Berrikuntza Politikorako arduradunak gidatu du saioa, Miren Elgarresta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdintasunerako Organoaren zuzendariak eta Joseba Agirretxea, Kongresuko EAJ-PNVren diputatuak lagunduta. Saio berri honekin gaia lehen lerrora ekarri nahi izan dute, Imanol Lasak berak nabarmendu bezala, “gure Herriaren garapena eta ongizatea” ekarri duelako feminismoak eta “aurrerabide honetan, ezin dugu pausu bat ere atzera egin, aurrera egingo dugu”.

Entzunez Eraiki dinamika honetan, Berrikuntza Politikorako arduradunak azaldu duenez, "gure ikuspegia eta proposamen zehatzak partekatu nahi ditugu, eta horien inguruko ekarpenak jaso, gure proiektua sendotu eta aberasteko". “Ekimen honekin gizarteari eta alderdikideei entzuten ari gara”, esan du Lasak. “Aldaketa eta ziurgabetasun beteko garai hauetan, aurrerantzean ere gure Herriarentzako proiektu sendo bat eskaini nahi duelako EAJ-PNVk, elkarri entzunez eta gure gizartearekin bat eginez, geroa lantzen jarraitzeko”. "Guztiz prozesu aberasgarria izaten ari da Entzunez Eraiki”, berretsi du.

Berdintasuna lehen lerroan

Konpromiso irmo bat hartuz osatu du gaurko saioa Imanol Lasak: “Berdintasuna maila guztietan eta gure herri, enpresa, politika eta erakundeen agendan lehen lerroan kokatu behar dugu, irmoki sinesten dugulako gizarte aurreratu bat gizarte berdinzale bat dela”. Hala, defendatu du berdintasuna “postulatu feministen enborra” dela eta printzipio horri helduz, etorkizunera begira hiru erronka ezarri ditu, saioan izan diren kideekin partekatu dituenak. Lehenik, emakumeen eta gizonen belaunaldi berdinago batek gizartea eta ekonomia antolatzeko modu berriak eskatzen dituela uste du EAJ-PNVk eta “berritzaileak eta eraginkorrak izan behar gara horri erantzuteko, inoiz baino gehiago”, Lasaren arabera. Era berean, indarkeria matxista errotik desagerrarazteko borrokak lehentasunezko neurri eta ekimenak eskatzen dituela adierazi du. Hirugarrenik, azaldu du “ekimen guztiek uneoro” behar dituztela “emakumeak indibidualki eta kolektiboki ahalduntzen jarraitzeko ahaleginak”, eta lan horrekin jarraitzeko konpromisoa berretsi du. Zentzu honetan, gure erakundeek izan duten arau-esparruari balioa eman nahi izan dio Lasak, berdintasun politikak bultzatzen jarraitu eta lege aurrerakoien alde lanean jarraitzea ahalbidetu dutenak.

Hain zuzen, legedi eta politiken esparruko lanez eta erronka berriez jardun dute Miren Elgarrestak eta Joseba Agirretxeak eta, testuinguru honetan, foru zuzendariak azpimarratu nahi izan du EAJ-PNVk gizarte mailako konpromisoa hartu eta erakundeetan gauzatzeko egin duen lana. Elgarrestak esan duenez, “berdintasun politiketako mugarri sendoenak, estrukturalak direnak, iraunkor eta eraldatzaileak, EAJ-PNVk elkarlanaren eskutik garatu ditu gure lurraldean”. “Ibilbidea hortaz, ez dugu zerotik hasten”, baieztatu du, “feminismo sozialaren aldarrikapenak gure egin eta euskal erakundeetara eraman ditugu, politika zehatzen forma emanez”. Aurrerapenak aurrerapen, egiteko dagoen lana ere gogora ekarri nahi izan du, “emakumeen aurkako indarkeria matxista ez ezik genero rolak eta estereotipo oztopatzaileak gaindituz, gizartea eta ekonomia antolatzeko modu berriak” eskaintzeko beharra aldarrikatuz.

 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube