Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
EAJ-PNVk proposatu du hilerri berrian `hutsik dagoen espazioa´ kolunbario bat egiteko erabiltzea, herritarrek eta familiek errautsak uzteko leku indibidualizatua izan dezaten
Alderdi jeltzaleak parte hartu du hilerri berrian eman diren urrats estrategikoetan, eta bi proposamen egin ditu: 5etik 15 urtera pasatzea gorpuzkiak nitxoetara edo kolunbariotara lekualdatzeko epea; eta hilerri berrian gorpuzkiak ateratzeko epea urtero luzatu ahal izatea, behin 5 urteak igaro eta gero.Debako hilerri berriak ateak ireki ditu gaur, martxoak 25. Inaugurazioarekin urteetako lanketari amaiera eman zaio eta Amillagako hilerriaren alternatiba egikaritu egin da: «prozesu eta lan urteak izan dira, behar baino gehiago luzatu direnak. Debako EAJ-PNV partaide izan da eman diren urrats estrategikoetan, hilerri berria Debako herritar guztientzako gune irekia izatea bermatzeko helburuarekin: guztientzako berdina izango den gune bat, gure udalerrian gaur egun dauden sentsibilitate eta behar desberdinei erantzungo diena».
Alderdi jeltzaleak gaitzetsi egin du herritarrek prozesu osoan eta, batez ere, azken fase honetan izan duten informazio falta: «hilerri berria urrats estrategikoa den arren, Debarentzat guztiz beharrezkoa, ez gaude ados EH Bilduren gobernu taldeak erakutsitako informazio eta sentsibilitate faltarekin. Debarrek ez dute jakin, ia azken unera arte, nola egingo den lekualdaketa. Gai oso pertsonala dugu eskuartean, delikatua, eta kasu askotan, aurre egiteko zaila. Herritarrek kartel batekin egin zuten topo santu guztien bezperan Amillagako hilerrian. Bertan, oso sentsibilitate gutxirekin, kontakturako telefono baten berri ematen zen, maite zituzten pertsonen gorpuzkiekin zer egin jakin nahi zutenei zuzenduta. EAJ-PNVk kartela aldatzea eskatu zuen. Gainera, herritarrek martxora arte itxaron behar izan dute hilerriari, baldintzei, prezioei, lekualdatzeei eta abarri buruzko informazio zehatza jasotzeko. Guk, jakina den moduan, beste modu batera jokatuko genuen».
5etik 15 urtera, EAJ-PNVri esker
Lekualdaketa egiteko ezarritako baldintzei dagokienean, alderdi jeltzaleak hasieratik adierazi zuen bere desadostasuna hainbat klausulekin: «gobernu taldeak 5 urteko epe-muga ezarri zuen hildakoen errautsak kolunbario edo nitxo berrietara eramateko. Argi genuen 5 urte ez zela nahikoa, eta epe hori 15 urtera luzatzeko eskatu genuen. Onartu egin zuten eta hori izango da ezarritako denbora». Era berean, hilerri berrian lurperatutako gorpuak ateratzeko aurreikusitako 5 urteko epea luzatzea ere proposatu zuen EAJ-PNVk: «gure ustez, hilerri berria betea ez dagoen bitartean ez dago epe mugatu beharrik. 5 urteak igarota, epea luzatzeko aukera egotea eskatu genuen, eta hala izango da. Urtero luzatu ahal izango da».
Espazio propioa, hilerri berrian
Amillagan dauden gorpuzkiak hilerri berrira eramateko prozesuak eztabaida eta ezinegon handia sortu du herrian, batez ere, 15 urtetik gorako gorpuzki guztiak errautsen parkean lurperatu beharko direlako, modu komunitarioan: «ezin dugu alde batera begiratu, aldaketa handia izango da. Gaur egun familia askok panteoiak dituzte, eta beste askok errautsak kaperako kolunbarioan dituzte. EAJ-PNVk uste du garrantzitsua dela, batetik, errautsak eraman nahi dituen orok eraman ahal izatea. Eta, bestetik, hala nahi duen pertsona edo familia orok espazio indibidual bat izatea». Hori horrela, alderdi jeltzaleak proposatu du hilerri berrian dagoen espazio hutsa errautsentzako horma-hobi bat sortzeko erabiltzea: «aukera honi esker, espazio indibidual bat nahi duten pertsonek edo familiek aukera hori izango dute, beren identifikazio-plaka eta guzti. Horretarako gunea existitzen da hilerri berrian, eta borondatea baino ez da behar debarren eskaera honi erantzun ahal izateko».
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31