Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
2030erako Eibarren mugikortasuna eraldatzearen alde egin du EAJk
Donostiako eta Gasteizko alkateek potentziala ikusten dute Mendikuteren proiektuanEskualdeko ikuspegia eta pertsonentzat berreskuratutako kaleak. Horiexek dira Mugikortasun Iraunkorraren Aldeko Alkateen Topaketak identifikatutako gakoetako bi. Asteazkenean izan zen jardunaldia, Errebal Plazian, Entzunez Eraiki entzute aktiboaren dinamikaren baitan. Eneko Goia eta Gorka Urtaran Donostiako eta Gasteizko alkateek babestu egin zuten Josu Mendicute jeltzale eibartarrak azaldutako hiri-garapenerako eredua. Bi alkateen esanetan, jeltzaleek Eibarrerako diseinatutako etorkizuneko eredua bat dator beraiek abian jartzen diharduten ekimenekin, baita nazioartean erreferentzia diren hirietako ildo nagusiekin ere.
Eibarren mugikortasun jasangarrirako EAJren proiektuak apustu sendoa dakar kaleak oinezkoentzat egiteko, gaur egun bideak eta aparkalekuak dituen espazioa berreskuratuz. Horretarako, talde jeltzaleak Aparkaleku Perimetralen Sarearen alde egin du, saihesbidearekin lotuta dauden gune estrategikoetan aparkaleku ugari izatea ahalbidetzeko. “Helburua da oinez 5 minutura dauden lekuetan aparkatzea, eta, horrela, kaleetan lekua berreskuratzea, kale bizigarriagoak eta erakargarriagoak izan daitezen. 350 autok okupatzen duten lekua 8.500m2 dira, hain zuzen ere beste batzuek trenbidea estaliz lortu nahi duten azalera bera. Guk planteatzen duguna da 2.500 aparkaleku perimetraletik gora egitea, eta horrek 40.000m2-ko oinezkoentzako azalera lortzea ekar lezake hiri barruan”, Josu Mendicute bozeramaile jeltzaleak azaldu duenez.
Jeltzaleen proposamenak Hiri Antolamenduko Plan Orokorrera bideratuko dira. Egun, plan horren aurrerapena idazten ari da Udala, mugikortasun iraunkorraren ikuspegia kontuan hartu gabe. “Hirigunetik kanpo parkeak proposatu dizkigute. Guk paradigma aldaketa bat planteatzen dugu: oinezkoentzako ardatz egituratzaile bat egitea, Azitainetik Ego Gaineraino. Eibar Zentrala. Eta baita eredu hori auzoetara zabaltzea ere, auzo horietan bizi diren pertsonen beharretara bideratutako planen bidez”, azaldu zuen Mendikutek. “Kaleak pertsonentzat berreskuratu nahi ditugu. Espazioak lortzea harreman sozialetarako eta jarduera ekonomikoetarako: merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak. Geldirik dagoen auto batek ez du tokiko ekonomiarik sortzen”, gogoratu zuen.
Hori dela eta, 2030erako Azitain eta Ego Gain arteko kaleak oinezkoentzat egitearen alde agertu da EAJ-PNV. “Bidebarrieta kalea 4.000m2 inguru lirateke, eta deitua dago ekialdea eta erdigunea lotzen dituen oinezkoentzako etorbide handia izatera”. Etorkizunak atseginagoa, garbiagoa eta seguruagoa izan behar du, hiri eredugarria izaten jarraitzeko.
Justizia espaziala
Udalak duela 8 urte idatzitako Mugikortasun Planaren zirriborroaren arabera, Eibarren bizi direnen barne desplazamenduen % 10 baino ez dira autoz egiten. Hori horrela izanik, Mendikutek uste du ez dagoela justifikatuta kale berean 15 metroko zabalera izatea autoentzat, espaloiak irisgarriak ez direnean. “Kale askotan ezin dira bi gurpil-aulki gurutzatu. Legedia ere urratzen dute espaloi horiek”. Ildo horretan, udal oposizioko buruak, berehalako neurri gisa, espaloi guztiak zabaltzearen alde egiten du, araudia betetzeko. “Ez litzateke 2 metro baino gutxiagoko espaloirik egon behar. Are gutxiago, irtenbide errazak daudenean, adibidez Arraguetako etxe hondatuak botatzea edo aparkalekuren bat kentzea. Hiriaren ikuspegi inklusiboa behar dugu: mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonak aintzat hartzea ezinbestekoa da”, azaldu zuen Mendikutek.
Araudia betetzeko espaloiak egokitzeaz gain, Mendikutek "Justizia espaziala" terminoa erabili zuen kaleetako espazioaren banaketa desorekatua deskribatzeko, non askoz leku gutxiago dagoen pertsonentzat, autoentzako baino, nahiz eta barne-mugikortasun gehiena oinezkoena izan. “Ez dago justizia espazialik, gauzak eraldatzeko benetako borondaterik ez badago. Oinezkoak protagonista izan behar du kaleetan”, nabarmendu du.
Espazio publikoaren berreskuratze horretan, Mendikutek lau proposamen egin zituen hirian auto kopurua murrizteko: lehena, hegoaldeko hegalean trafikoaren alternatiba sortzea. “Ezin da auzo horietako trafiko guztia erdigunetik bideratu, konponbide bat eman behar da”. Bigarrenik, garajeetako pasabideak lortzeko aukera malgutzea planteatu zuen. “Eibarko garaje asko ezin dira erabili, 125m2 exijitzen baititu Udalak pasabidea izateko. Larregizkoa da. Autoak kaletik kentzen baditugu garaje horietan sartzeko, espaloirako lekua irabazten dugu”, azaldu zuen. Hirugarrenik, TAOren kudeaketa aldatzea planteatu zuen. “Ezin da izan beste herri batzuetako jendea Eibarrera etortzea lanera eta autoa egun osoan geldirik uztea hiriaren erdigunean 15m2 okupatuz, lehentasuna egoiliarrei eman behar zaie eta bisitatzen gaituztenen txandaketa arautu behar da”. Laugarrenik, autobus geltoki intermodala egitea; izan ere, “Eibarrek ez du geltoki duinik, eta gure apustua da tren-geltokia intermodalizatzea, erdigunetik eta irteera eta sarrera logikotik gertu, hau da, saihesbidetik gertu”. Azkenik, Aparkaleku Perimetralen Sarearen proposamena azaldu zuen, doako aparkaleku handiak proposatuz Azitainen, Matsarian, Jardiñetan, Itzion, Legarren, Amañan edo Ubitxan. “Aparkaleku-sare hau planteatzen dugun eraldaketaren hasiera da, aparkalekuaren arazoari irtenbidea ematen diogu eta, horrekin, berreskuratutako espazio hori pertsonei itzultzearen alde egiten dugu. Alde horretatik, agintaldi honetan herritarrekin hartu genituen konpromisoak abiarazi ditugu, hala nola Legarre eta Jardiñetako aparkalekuen obrak abiatuz eta Ubitxa eta Fray Martin Malleako azterlanak idatziz. Entzun, egingo duguna esan, eta esandakoa egin. Entzutea, esatea eta egitea, hori da ezagutzen dugun formula bakarra.
Goia: “EAJren proposamenak irtenbide integrala aurreikusten du Eibarren”
Eneko Goia Laso Donostiako Alkateak txalotu egin zuen Mendikutek aurkeztutako hiri-eraldaketarako plana. Eibarrek erreferenteak diren hirietan aplikatzen dituzten lerro nagusiak aplikatzeko eskaintzen dituen aukerak oso sakon aztertu dituztela goraipatu zuen, eta helburu horretara iristeko faseak aurreikusi izana. “Benetako arazoei irtenbideak eman dizkiezue, hala nola aparkalekuari eta saihesbidea izateak dakarren aukeraz baliatuz”. “Nik ez dut uste Donostiako erdigunea Antigua eta Gros arteko auto-pasagune bat denik, eta gauza bera planteatzen duzue Eibarren”, alegia, Untzaga-Urkizu ardatza ezin dela izan auzoak lotzeko errepidea. “Horrelako proiektu batekin Eibarrek etorkizuna du ", esan zuen.
Urtaran: eskola-inguruneak ezin dira errepideak izan
Gorka Urtaran Agirre Gasteizko alkateak zorionak eman zizkien Eibarko jeltzaleei, hiriarentzat etorkizunerako duten proiektuagatik. “Egiten duzuen analisia Gasteizen egiten dugun bera da. Jendeak elkarbizitzarako espazio berriak eskatzen ditu eta, espazioaren administrazio horretan, oinezkoen azalera % 30etik % 70era pasatzea da gure apustua. Ikastetxeetan jarri dugu fokua, Eibarren planteatzen duzuenaren oso ildotik”, lehen hezkuntzako ikastetxeak errepidearen ondoan baitaude. Eibarren ibiltzeko distantzia laburrak eta bost tren geltoki daude. “EAJk Eibarrerako eskaintzen duen proiektua ilusio handikoa da”, esan zuen.
Entzute aktiboa
Jardunaldia Entzunez Eraiki dinamikaren barruan kokatu zen, EAJ-PNVk abian jarritako entzute aktiboko dinamikaren barruan. Horren bidez, alderdi jeltzalea herritarrekin kontrastatzen ari da bere proiektu politikoa hainbat arlotan, hala nola gizarte-politiketan, euskaran, garapen ekonomikoan, jasangarritasunean edo autogobernuan eta gobernantzan. Eibarko jeltzaleak modu aktiboan parte hartzen ari dira prozesu honetan, hiri agenda berriari lotuta. “Bat egiten dugu Garapen Jasangarriaren Helburuekin. Eta horrek konpromiso programatikoak dakartza, ezin da zerbait estetikoa izan. Hiri-plangintzak helburu horiek lortzeko zer ekarpen egin dezakeen galdetu behar diogu geure buruari, eta zalantzarik gabe, funtsezko gaietako batzuk ingurumena, osasuna edo trantsizio energetikoa dira. Eibar erreferentzia bihurtu nahi dugu Europan giza mailako hiri-garapenean, mugikortasun jasangarrian eta hiri-berroneratzean”, azaldu du Mendikutek.
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31