Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2022/03/05

Euskararen erabilera indartzeko, “elkarlanaren eta proiektu berritzaileen” aldeko apustua berretsi du EAJ-PNVk

40 bat lagunek parte hartu dute gaur Andoainen 'Entzunez Eraiki' dinamikaren hirugarren jardunaldian, hizkuntzaren biziberritzeari indar berri bat emateko giltzarri nagusiak aztertu eta gogoeta egiteko helburuarekin.
Euskararen erabilera indartzeko, “elkarlanaren eta proiektu berritzaileen” aldeko apustua berretsi du EAJ-PNVk

Andoainen egin da larunbat honetan ‘Entzunez Eraiki’ ekimenaren baitan Gipuzkoan egiten den hirugarren hitzordua. 40 bat lagun elkartu dira Bastero kulturgunean, euskararen erabilera indartzeko giltzarri nagusiak aztertu eta partekatu asmoz. Afiliatuak, alderdizaleak eta euskararen munduko ordezkariak elkartu dira Euskarak egiten gaitu izenburupean egindako jardunaldian. GBBko burukide eta Entzunez Eraiki egitasmoko zuzendariak, Aitor Aldasorok, gidatu du jardunaldia eta bertan izan dira, besteak beste, Garbiñe Mendizabal, Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria, eta Estibaliz Alkortak, Eusko Jaurlaritzako Euskararen Sustapenerako zuzendaria.

Entzunez Eraiki egitasmoak Gipuzkoan izan dituen lehen bi hitzorduak Errenterian eta Arrasaten egin dira joan diren asteotan, politika sozialak eta ekonomiaren etorkizuna ardatz hartuta, hurrenez hurren. Oraingoan, berriz, euskararen geroari buruzko gogoeta egin dute parte hartzaileek, Basteron goiz osoan zehar egindako lan jardunaldian. Lan saioaren lehen zatian, Aitor Aldasorok  EAJ-PNVren proposamenak eta printzipioak aurkeztu ditu, alderdiaren Batzar Orokorrean onartutako euskararen etorkizunari buruzko erresoluzioa oinarri hartuta, eta ondoren euskararen gaur egungo egoerari buruzko lanketa egin dute. Bigarren zatian, berriz, entzuketa aktibora bideratutako mahai-ingurua eta taldekako gogoetan parte hartu du Garbiñe Mendizabalek, euskaraz diharduten sortzaileen partaidetzarekin batera.

Aldasorok gogorarazi duenez, “sakoneko eraldatzeak” gertatzen ari dira gaur egun mundu osoan, digitalizazioa eta gizarte aniztasunaren areagotzea, kasu. Paradigma berri horiek modu nabarmenean eragiten diete hizkuntza gutxituei eta euskara ez da salbuespena. Desafio horien guztien aurrean, bere iritziz,  “funtsezkoa” dugu “jomuga berriak eta egitasmo berritzaileak urratzea” eta, gainera, hori guztia “elkarlanean” egitea. “Garai berriek tresna, proiektu, baliabide berriak eskatzen dituzte eta ahalegin horretan ekarpena egiten jarraitu nahi du gure alderdiak. Euskarak egiten gaituelako eta, etorkizunean ere,  hala izaten jarraitu dezan nahi dugulako”, adierazi du.

 “Euskararen ezagutza maila azken hamarkadetako handiena da gure gizartean. Erabilera indartzeko prozesuari erreparatzen badiogu, ordea, halako geldialdi bat bizi dugu. Horregatik, euskararen etorkizuna jardun publiko zein pribatuan bermatzea eta garatzea da, gure ustez, herri gisa, aurrean dugun desafio nagusietako bat. Horretarako, beharrezko ikusten dugu, besteak beste, euskarazko eduki berritzaileen sorkuntza hauspotzea eta euskarak jauzi bat egitea eremu sozioekonomikoan. Horretarako beharrezkoa dugu elkarlanari eustea, berrikuntzarako bideak laguntzea eta gizartea euskararen aldeko lanean aktibatuta mantentzea”, aipatu du Aldasorok.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube