Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Donostiak 18 milioi euro jaso ditu Next Generation funts europarretatik
Mugikortasun jasangarri, turismo, gizarte ekintza edo merkataritza alorretako hainbat proiektu gauzatzekoDonostiak 18.208.995 euro jaso ditu, oraingoz, Next Generation EU funts europarretatik mugikortasun jasangarri, turismo, gizarte ekintza edo merkataritza alorrak sustatzeko hainbat proiektu diruz laguntzeko.
Eneko Goia alkateak adierazi duenez, “dirulaguntza hauek lortzea albiste oso ona da hiriarentzat, eta baita Europaren aitortza jasotzea ere, Udala jasangarritasun eta modernizazio politiketan egiten ari den lanarengatik. Horrek erakusten du norabide onean goazela aurrera egiteko”.
Ekonomia suspertzeko funts europar hauek Europan garatzen diren sektoreetan modernizazioa, jasangarritasuna eta digitalizazioa sustatzeko bokazio argia dute. Horrela, Donostiak 18 milioi euro inguru izango ditu eskura hainbat jardueraz osatutako 50 proiektu handi inguru gauzatzeko.
Hainbat sektore
Mugikortasun jasangarriaren sektorea izan da onuradun nagusietako bat; izan ere, 12.207.374 euro jaso ditu guztira emisio txikiko eremuak ezartzeko eta hiri garraioa modu jasangarrian eraldatzeko, laguntza programaren barruan.
Funts horiekin ordainduko dira, besteak beste, 19 autobus elektriko (12 m-ko hamahiru eta 18 m-ko sei), karga guneak eta azpiegiturak, hondakinen 2 kamioi, hiri garraioan ordaintzeko moduen digitalizazioa eta geltokien eskaria nahiz sentsorizazioaren aurreikuspena.
Bestalde, hiriko turismo sektorearen jasangarritasun eta modernizaziorako plan integralak 4.400.000 euro jaso ditu, lau ardatz nagusitan banatuta: trantsizio berdea (1,2 milioi), trantsizio energetikoa (1,4 milioi), trantsizio digitala (1,1 milioi) edo lehiakortasuna (700.000 euro).
Ardatz horien barruan honako jarduera hauek egingo dira: Artikutzako natur ingurunearen balioa nabarmentzea, Illunbeko aldirietarako aparkalekurako autobus elektrikoa erostea, Parte Zaharrean zuntz optikoa hedatzea, enpresentzako sentsibilizazio energetikoko kanpainak, monitorizazioa, laguntza eta aholkularitza.
Merkataritzari dagokionez, 1.354.960 euro jaso dira, merkataritza jarduera indartzeko, honako ekintza hauen bidez: obra zibila egitea Antso Jakitunaren Hiribideko ardatz bikoitiko espaloiak zabaltzeko, apaintzeko, edertzeko eta lorategiz hornitzeko, bide publikoan inbertsioak egitea, eguzki banku adimendunak jartzea, jende pilaketak eta mugikortasuna kontrolatzea eta argiztapen adimenduna instalatzea.
Azkenik, Gizarte Ekintza sailak 246.661 euro jaso ditu, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera proiektu pilotu bat garatzeko, hain zuzen, Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren erabiltzaileak etxean luzaroan zaintzeko estrategia bat egiteko.
Etorkizuneko funtsak
Jasotako funtsez gain, Donostia aurkeztutako beste proiektu batzuen ebazpenaren zain dago, eta oraindik ireki ez diren deialdi berrietarako proiektuak prestatzen ari da; beraz, ia 18 milioi euroko kopuru hori handitu egin daiteke etorkizunean.
Aurki finantzatu daitezkeen proiektuen artean daude, besteak beste, alor hauekin zerikusia dutenak: ahal nola, herri administrazioen eraldaketa eta digitalizazioa, hirien birnaturalizazioa eta erresilientzia, ibaien ekosistemak leheneratzea, bizitegi sektorean sistema termiko berriztagarriak ezartzea edo eraikin publikoak birgaitzea.
Next Generation funtsak
Next Generation EU Europar Batasunak bultzatutako susperraldirako aldi baterako tresna da, 800.000 milioi euro baino gehiagoko diru kopuruarekin, koronabirusaren pandemiak eragindako berehalako kalte ekonomiko eta sozialak laguntzeko. Laguntza horien xedea da COVID-19aren ondorengo Europa ekologikoagoa, digitalagoa, erresilienteagoa eta egungo zein etorkizuneko erronketara hobeto egokitutakoa izatea.
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31