Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2022/02/25

Euskotren eta Lurraldebus merketzea eskatu du EAJ-PNVk, Udalbusaren prezioa izan dezaten

Gipuzkoako Garraio Agintaritzari eskatu diote hiribarneko tarifa kobratu dezala Eibar barruko bidaietan, eta ez herri arteko zerbitzua balitz bezala. Jon Pérez: “Ez da bidezkoa berdin kobratzea Urkizutik Amañara joateko, edo Ermutik Mendarora joateko”
Euskotren eta Lurraldebus merketzea eskatu du EAJ-PNVk, Udalbusaren prezioa izan dezaten

Hirigune barruko garraio zerbitzuaren prezioa bateratzea proposatu du EAJ-PNVk, Eibarko auzo batetik besterako bidaietan Lurraldebus eta Euskotren zerbitzuetan ez dezaten Udalbusa baino gehiago kobratu. Izan ere, bi zerbitzu horiek ez dute Udalbusaren tarifa kobratzen, herri artekoa baizik. “Ez da bidezkoa berdin kobratzea Urkizutik Amañara joateko, edo Ermutik Mendarora joateko. Hiribarneko zerbitzua ezin da kobratu herri artekoaren prezioan”, defendatu du Jon Pérez Illana EAJ-PNVko Trafiko eta Ingurumen zinegotziak.

Herri barnean mugitzeko zerbitzu publikoa eskaintzen dituzten operatzaileek ez dituzte tarifa berak, eta horrek kalte zuzenak eragiten dizkie eibartarrei. Herri barnean egiten diren bidaia guztietan, edozein garraiobide erabiltzen dela ere, tarifa bera ordaindu beharko litzateke; hau da, Udalbus tarifa garraiobide guztietan (1’35 € eskudirutan, edo 0,70€ Mugi txartelarekin, bestela jaso ditzaketen deskontu eta hobariez gain). “Ez da onargarria Udalbusaren zerbitzu bera egiteagatik gehiago kobratzea”, uste du ordezkari jeltzaleak. Eta, beraz, hori aldatzeko eskaera luzatuko diote Gipuzkoako Garraio Agintaritzari.

Eibarren hiru garraio zerbitzu publiko daude MUGI sistemaren barruan integratuta: Udalbus, Euskotren eta Lurraldebus. Lehenak soilik herri barneko zerbitzua eskaintzen badu ere, beste biek, inguruko herriekin konektatzeaz gain, egunerokotasuna errazteko eta herrian bertan mugitzeko aukera ere ematen digute. Izan ere, hiriarteko Euskotreneko eta Lurraldebuseko zerbitzuek hiria gurutzatzen dute Ekialdetik Mendebaldera eta Mendebaldetik Ekialdera, eta hiriguneko 3,5km-ko tartean 8 autobus geraleku eta 5 tren geltoki daude, maiztasun handiarekin gainera.

“Eibar herri luzexka da, bere orografiagatik, eta bai trenek, bai autobusek, herriaren luzeera osoa zeharkatzen dute. 3 kilometro t´erdian 8 autobus geraleku eta 6 tren geltoki dauzkagu, eta hori abantaila handi bat da garraio publikoaren alde egiteko”, azaldu du Jon Pérez Illana zinegotzi jeltzaleak. Horrela, bada, eibartar askok herri arteko zerbitzu horiek erabiltzen dituzte hiriko puntu batetik beste batera joateko. “Zerbitzuk onak dira herriko punta batean zein bestean bizi direnentzat, eta baita han dauden zerbitzuetara joateko garraioa behar dutenen herritarrentzat ere. Baina, horretarako, Udalbusaren prezio bera izan beharko lukete”, gaineratu du. Hori da, hain zuzen ere, jeltzaleek egindako proposamena: Mugi txartelaz hiri barruan egindako edozein bidaiatan (Udalbus, Lurraldebus edota Euskotren) prezio berdina izatea eta, horretarako, Lurraldebus eta Euskotren merketzea. “Ez da bidezkoa tarifa interurbanoa kobratzea Eibar barruko bidaietan”, aldarrikatu dute.

Jeltzaleen iritziz, garraiobide publiko guztietako tarifak berdintzeak Eibar barneko joan-etorrien mugikortasun iraunkorraren aldeko apustua egiten du; garraio publikoaren suspertzea eta indartzea klima aldaketaren aurkako eta ekologiaren aldeko berebiziko tresna baita, eta pertsona guztien gizarte kohesiorako lanabes eraginkorra ere bai. “Uste dut guztiok bat egiten dugula garraio publikoaren aldeko aldarrian. Bada, pasa gaitezen hitzetatik ekintzetara: bateratu ditzagun Udalbus, Lurraldebus eta Euskotren zerbitzuen tarifak eta eman dezagun batasun mezu bat garraio publikoaren alde”, gonbidatu du zinegotzi abertzaleak.

Zerbitzu osagarriak

Udalbusak eskaintzen duen zerbitzuaren osagarri dira Euskotren eta Lurraldebuseko zerbitzuak.  Hala ere, garraio operatzaile horien guztien tarifak ez dira berdinak. Izatez, MUGI sistemak hori bermatu nahi du: “erabiltzen duzun garraiobidea edozein dela ere, tarifa bera ordaintzea puntu batetik beste batera joatean”. Haatik, sistema ez dago ondo, eta ez da hori gertatzen. Eibartar batek Udalbus zerbitzua erabiltzeagatik 1’35 euro ordaintzen ditu, eskudirutan ordainduz gero; MUGI pertsonalizatuarekin, aldiz, lehenengo 20 bidaietan, 0’70 euro. Euskotren edo Lurraldebuseko zerbitzuak erabiliz herriko puntu batetik beste batera bidaiatuko balu, ordea, 1’85 euro, eskudirutan ordainduz gero; MUGI pertsonalizatuarekin, aldiz, lehenengo 20 bidaietan, 0’96 euro. Hau da, Udalbusa baino %37 garestiagoak dira Lurraldebus eta Euskotren.

Ildo horretan, Eibarko Udala kide den Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak aurrez aipaturiko tarifak erabaki eta ezartzeko xede eta betebeharra du. Izan ere, erakunde hori da Gipuzkoako garraio publikoko tarifikazioa eta txartel bakarra kudeatzen dituena; ezagunagoa den MUGI sistemarena, alegia. Gainera, GGLAko estatutuen arabera, bere ardura dira garraio-sare bakarra eta osoa sustatzea; garraioaren erabilera bultzatzeko eta suspertzeko asmotan, erabiltzailearen eskura ahal den eskaintzarik onena jartzea, zerbitzuak, sareak eta tarifak koordinatuz; eta baliabide publikoak eta pribatuak optimizatzea, garraio-mota desberdinen arteko jardutea bultzatzeko. Hortaz, Eibarko Udalak, GGLAko kide izanik, gaitasuna du aldaketa horiek proposatu, landu eta lortzeko.

Lurraldebuseko eta Euskotreneko egungo zerbitzuek eibartarrei zerbitzu egokia eskaintzen badie, horien optimizazioaren alde egin beharra dago, Udalbusak ez ditzan zerbitzu horiek bikoiztu, baizik eta osatu. Hain zuzen ere, bikoiztasuna ez sortzea kontuan izan du Eibarko Udalak udal autobus zerbitzua berrantolatzeko orduan, baina hori benetan eman dadin, beharrezkoa da sistemak koordinatzea eta bateratzea; eta guztien arteko bateratze bat sustatzea, MUGI sistemako tarifa-sistema bateratuari eutsiz.

Intermodalizazioaren alde

Eibarko EAJ-PNV udal taldeak hamarkada bat baino gehiago darama Eibarko Tren Geltokia intermodalizatzea aldarrikatzen, eta horrekin batera, Mugi txartelaren bidez garraio modalitate anitzen arteko interoperabilitatea proposatzen. “Uste dugu Eibarrek benetako pausoa eman behar duela garraio publikoaren alde eta herriaren garapen orekatuaren alde. Gure proposamena da garraio publikoa benetan indartzea, aparkaleku perimetralak egitea eta hirigunea espazio seguru eta atsegin bihurtzea haurrentzat eta nagusientzat, eta horren inguruan gogoeta-saio bat egingo dugu datorren martxoaren 9an, herritarrei irekitako mahai-inguru batean”.

EAJ-PNVren ustez, garraio publikoak ahalik eta ondoen funtzionatzeko, ezinbestekoa da erakunde publiko guztien koordinazioa eta herritarrentzako zerbitzua bateratzea. Hori dela eta, hirigune barruko ibilbideetan Lurraldebus eta Euskotren zerbitzuak merketzea eskatzen diote Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako presidenteari, Rafaela Romero andreari, eta GGLAren Batzarrari. Era berean, Eibarko Udalak bertan daukan ordezkariari eskatu diote posizio hori defendatzea Gipuzkoa osorako. Hori bai, proposamena baztertuko balitz, jeltzaleek proposatzen dute Eibarko Udalak dirulaguntza aktibatu dezala, garraio publikoaren erabiltzaileek ez dezaten pairatu bereizketa diskriminatzaile hori.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube