Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Gipuzkoako eredu sozioekonomikoaren etorkizuna aztertuko du Arrasaten EAJk
Alderdiak 'Entzunez Eraiki' ekimena jarri du abian, entzute aktiboko prozesua, non datozen asteetan bost lan-ildo aztertuko diren: gizarte-politikak, klima-aldaketa, sustapen ekonomikoa, gobernantza eta euskara.Arrasaten egingo da larunbat honetan ‘Entzunez Eraiki»’ ekimenaren bigarren hitzordua, EAJren entzuketa aktiboaren, elkarrizketaren eta lankidetzaren dinamika, alderdi jeltzalea lanean ari baita bere proiektu politikoa herritarrekin partekatzeko eta etorkizuna modu kolektiboan eraikitzeko. Topaketa hori hilabete hauetan lurraldeko eskualde guztietan izango diren topaketen agenda trinko baten parte da. Topaketa horietan bost erronka nagusi jorratuko dira, euskal herritar guztiei eragiten dietenak, eta Gipuzkoaren eta Euskadiren bilakaera markatuko dutenak: klima-aldaketa, garapen ekonomikoa, gizarte-politikak, gobernantza eta euskara.
“Herritarrengana gehiago zabaldu nahi dugu, eta gure ereduaren nortasun ikurra diren elkarrizketa eta adostasunen bilaketa indartu, estatuan ikusten ari garen konfrontazioaren eta populismoen gorakadarekin kontrajartzen dena. Euskal herritarrok politika egiteko modu hurbil eta gizatiar batekin identifikatzen dugu gure burua, eta eredu hori berritzeko ekimena da hau. Azken batean, gure erronkei izaera kolektibotik eta komunitate bateko kide izatearen zentzutik aurre egitean datzan eredu hori, alegia”, azaldu du Imanol Lasa GBBko Berrikuntza Politikoko arduradunak.
Hain zuzen ere, lehen bilera joan den astean izan zen Errenterian, politika sozialak ardatz hartuta, eta oraingoan Arrasatek hartuko du lekukoa Gipuzkoako eredu sozioekonomikoaren etorkizunari heltzeko. Igande honetan izango da, hilak 26, 9:30etatik aurrera Abaroa zahar egoitzan, eta afiliatu alderdizaleei, zein herritar guztiei irekita egongo da. Besteak beste, Jabier Larrañaga Ekonomi Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak eta Maria Ubarretxena Entzunez Eraikiko garapen ekonomikoaren arloko arduradunak hartuko dute parte. Alderdiko organoetan adostutako proposamenak eta printzipioak partekatuko dira, eta parte-hartzaileen eta ekonomia-sareko eragileen ekarpenak bilduko dira, bultzada ekonomikoaren eta enpleguaren arloan jeltzaleen etorkizuneko proiektua finkatu eta aberasteko.
Lasak nabarmendu duenez, “gure gizarte-ongizateko ereduaren jasangarritasunak, nahitaez, ekonomia indartsu bat behar du, kalitatezko lanpostuak sortuko dituena eta gizarte-aberastasuna eta finantza-baliabideak emango dituena zerbitzu publikoei eta gizarte-politikei aurre egiteko, inor atzean ez uzteko eta munduan desberdintasun gutxien dituen gizarteetako bat izaten jarraitzeko”. Ildo horretan, gaineratu duenez, Arrasatek eta Debagoienak “lehiakortasuna eta gizartearekiko konpromisoa bateratzen dituen industriaren aldeko apustua irudikatzen dute, balio kooperatiboen bidez du. Beraz, argi geneukan leku egokia zela hau eredu sozioekonomikoarekin lotutako lehen dinamika egiteko”.
Agenda 2030
‘Entzunez Eraiki’ proiektua Euzkadi Buru Batzarrak Euskadi osoan abian jarri duen eta urrira arte gauzatuko den dinamikaren barruan kokatzen da, egungo erronkei erantzuten dien agenda politiko eta sozial baten inguruan, eta Agenda 2030ean jasotako erronka handiekin lotuta dago: globalizazioaren eragina, desafekzio politikoa, iraunkortasuna, enpleguaren etorkizuna edo digitalizazioa. Gipuzkoan 15 topaketa baino gehiago egitea aurreikusten da, eta horien artean Arrasaten asteburuan egingo dena dago.
GBBko burukideak adierazi du “entzutea eta partekatzea” dela “herritarrek politikan eta erakundeetan duten konfiantza indartzeko modu bakarra. Entzuteko elkar ulertzeko, elkar ulertu eraikitzeko, eta eraiki elkar aurkitzeko. Hemen ulertzen dugu politika tresna bat dela arazoak konpontzeko eta guztioi eragiten diguten erronkak gainditzeko, ez liskarrerako eta zatiketarako. Arazo horiek konplexuak dira eta adostasunetik heldu behar zaie. Horretarako, proaktiboak izan behar dugu eta entzun egin behar dugu, herritarrak eta eragile eta elkarteak politika publikoen diseinuan, martxan jartzean eta ebaluazioan inplikatzeko”.
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31