Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2022/02/22

EAJ-PNVk Gazteen Euskal Legea defendatu du gazteen emantzipazioan eta entzute aktiboan egindako ekarpenagatik

Batzordeak legearen irizpena onartu du gaur, akordio zabal batekin, eta osoko bilkurak berresteko prest geratu da. “Etorkizun hobea eraiki nahi badugu, gazterian inbertitu behar dugu”, adierazi du Maialen Gurrutxagak

Aurreko legegintzaldietan huts egin ondoren, oraingoan bai onartuko du Eusko Legebiltzarrak Gazteen Euskal Legea, gazteek gaur egun dituzten arazoei erantzun integrala eman nahi dien araua. Gizarte Politika eta Gazteria Batzordeak oniritzia eman dio gaur arratsaldean irizpenari, eta Ganberako Osoko Bilkurak legea berresteko zain geratu da. Albiste oso positiboa, Maialen Gurrutxaga legebiltzarkidearen hitzetan, euskal gazteei itxaropen eta ilusio handiagoa eskainiko diena. “Legeak guri eragiten digun guztia jasotzen du. Enplegua, etxebizitza, hezkuntza, berdintasuna, euskara, boluntariotza. Gaur egun gazte askok beren bizi-proiektuak garatzea eragozten dieten zailtasunei emandako erantzun integrala da. Etorkizun hobea eraiki nahi badugu, gazterian inbertitu behar dugu. Etorkizunari ilusioz begiratu nahi badiogu eta gure gazteek borrokatzea merezi duela pentsatzea nahi badugu, politika publikoak indartu behar ditugu. Eta arau berri hau da erantzuna”.

Neurri eta ekintza zehatzen bidez, legeak honako helburu hauek ezarri ditu: emantzipatzeko batez besteko adina pixkanaka murriztea, gazteen ikuspegia politika publiko guztietan txertatzea eta gizartearen parte-hartzea bultzatzea. Ordezkari jeltzalearen hitzetan, erronka horiek anbizio handikoak baina errealistak dira, eta, Legebiltzarreko eztabaidaren ondoren eta Elkarrekin Podemos-IUrekin akordioa lortu ondoren, indartuta atera dira. Gurrutxagak lortutako adostasuna eta izandako elkarrizketa baloratu ditu. Horren adibide da taldeek aurkeztu dituzten 149 zuzenketetatik 100 baino gehiago onartu edo adostu direla. “Hurbilketa handia izan da, eta, horri esker, babesa indartu dugu hain erabakigarriak diren esparruetan, hala nola gizarteratzean, berdintasunean eta emantzipazioan. Oso leku gutxitan ez dugu sintonia handirik izan. Eta hau albiste bikaina da. Halaber, gazteek ikus dezaten elkarrizketan dagoela arazoak edo desberdintasunak konpontzeko tresna”, esan du.

Gurrutxagak gogorarazi du legea oso une zailean iritsi dela gizartearentzat, eta bereziki gazteentzat, bi urteko pandemia egoera ostean haien ametsetako asko zapuztuta ikusi baitituzte. “Pandemia kolpe latza izan da; prestakuntza-, enplegu-, aisialdi- planak zapuztuta geratu diren etorkizunerako espektatibak. Horregatik uste dugu araua unerik onenean datorrela, babes eta laguntza gehien behar dutenean, haien ahotsak entzun eta gure agenden erdian jarri behar ditugunean. Protagonistak izan behar direnean”. Gazteria etorkizuna da, amaitu du, eta gaur horren aldeko apustua egiten ari gara. “Baietza ematen diogu gazteei beren bizitzak modu independentean eraikitzen lagunduko dien lege bati”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube