Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2022/02/04

EAJ-PNVk VIA IRUN 2030 proiektu anbiziosoa aurkeztu du

Vía Irun ibilbide luzeko proiektua da. 2018. urterarte, gure taldeak, Gobernuak aurkezten zuen Vía Irun proiektuarekin bat egiten zuen. Hala ere, duela hiru urte Udal Gobernuak ADIFen proposamena onartu zuen. Proposamen hau aurreko urteetan aurkeztutakoa baino xumeagoa da eta ez ditu inondik-inora hiriak dituen beharrak eta arazoak konpontzen.
EAJ-PNVk VIA IRUN 2030 proiektu anbiziosoa aurkeztu du

EAJ-PNVn Udal Gobernuak aurkezten duena baino anbiziosoagoa den proiektu bat landu dugu: VIA IRUN 2030.

VIA IRUN 2030, Irunentzako aukera paregabea da. Trenbide eremua leheneratuz eta gure hiria bitan banatzen duen arrakala ezabatuz, hiriaren erdigunea zeharo eraldatu dezake proiektu honek.

EAJ-PNVtik trenbideen 20.000m2  estaltzea proposatzen dugu. Irungo erdigunean berreskuratuko litzatekeen eremu publikoa, Zabaltza plaza adinako lauren neurrikoa izango litzateke. Trenbideak estaliz eremu berri bat sortuko genuke, eta trenaren ibilbideak Irunen eragiten duen zatiketa historikoa ezabatuko genuke.

Trenbideek sortzen duten arrakalak, Irungo erdigunera sarrera eta irteera zailtzen dute, izan ere, Kolon zubian pilatzen baita trafiko gehien. Guk arazo honi irtenbide bat eman nahi diogu. Horregatik, San Miguel Pio XII-rekin lotuk duen errepide berri bat eraikitzea proposatzen dugu. Errepide hau, bi auzoen arteko lotura berria izango da eta zirkulazioa arinduko du Irungo erdigunera sarbide berria irekiz.

Gainera, mota guztietako konexioak eratuko dira. Oinezkoentzako bideak, bidegorriak, garraiobide publikoa, eta oro har, mota guztietako garraiobide jasangarriak.

Autobus geltoki berriak, Anaka kaletik, sarbide berri, zuzen, seguru eta azkar bat izango du. Gainera, proposatzen dugun errepide berriari esker guztiontzako irisgarria izango da.

VIA IRUN 2030ek Euskotren trenbideen lekualdatzea proposatzen du. Aldaketa honek, mugikortasun hobea eta erosotasun handiagoa eskainiko die irundarrei.

Geltoki intermodalari dagokionez, garraiobide guztiak eremu bakar batean bilduko dira: trena, topoa, autobusa, bizikleta eta autoa.

Gainera, VIA IRUN 2030ek garapen ekonomikoa aurreikusten du. Irungo erdigunean, promozio ekonomikorako, elkarrekintzarako, enpresa berrientzako eta startups-entzako gunea proposatzen dugu. Horrez gain, korridore ekologiko berde bat proposatzen dugu, Bentatik Plaiaundiraino igaroko dena.

Bestalde, azken asteetan, 2022ko aurrekontuen negoziaketetan izan dugun ardatz nagusietako bat azpimarratu nahi dugu: Udal Gobernuak ADIFekin exekuzio proiektua, VIA IRUN 2030ek jasotzen dituen baldintzetan, negoziatzea eta aurrera eramatea eskatzen dugu.

Denbora asko daramagu proiektu honeta lanean eta denbora honetan, hainbat elkarte eta eragilerekin bildu gara VIA IRUN 2030ri buruzko ideiak landu eta alderatzeko. Gainera, EAJ-PNVtik hiritarren iritzia jakin nahi dugu eta era guztietako iradokizunak jasotzeko prest gaude.

Beste aldetik, VIA IRUN 2030 HMJPrentzako proposamen gisa erregistratu dugu, hala, datorren astean izango dugun jasangarritasun batzordean aztertu eta kontuan har dadin.

EAJ-PNVtik gehiago nahi dugu. Vía Irun anbiziosoago bat nahi dugu. VIA IRUN 2030 nahi dugu eta horrek Irun modernoago bat sortzea esan nahi du. Etorkizunera begiratuko duen Irun bat, hain zuzen. Jasangarriagoa eta berdeagoa dena, hiriaren potentzial guztia aprobetxatuko duena eta onena ez ezik, Irungo hiritarrei merezi dutena eskainiko diena.

Irundarrok urte asko daramatzagu Vía Irun proiektua abian jartzeko irrikaz, baina hainbeste urteren ondoren ezin dugu egindako lana alde batera utzi eta lasterka gauzak egin. Aukera guztiak aprobetxatu eta ondo aurkeztu behar ditugu. Hori da, Irunentzako hoberena bilatuz egiten dugun apostua.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube