Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2022/01/26

Gipuzkoa aurrera egiten ari da etorkizunerantz, indartsu eta lankidetzatik, etorkizuneko ekonomian Europako erreferentzietako bat izateko anbizioarekin

Markel Olano diputatu nagusiak lurraldeko proiektu estrategikoak xehetu ditu, eta Etorkizuna Eraikizek “gobernatzeko modu berri bat” ezarri duela adierazi du, “erakundeen eta gizartearen arteko lankidetzan oinarritua”
Markel Olano

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak Nueva Economia Forumek antolatutako gosari informatiboan parte hartu du gaur goizean, Bilboko Ercilla hotelean, eta Etorkizuna Eraikizen esparruan hezurmamitzen ari diren proiektu estrategikoak aletu ditu. Aldarrikatu duenez, Gipuzkoa "lankidetzaren lurralde" gisa indartzen ari da eta “gobernatzeko modu berri bat finkatzen ari da, erakundeen eta gizartearen arteko elkarlanean oinarritua, atzera bueltarik ez duena”.

 “Gipuzkoa aurrera egiten ari da etorkizunerantz, indartsu, lankidetzatik eta lidergotik abiatuta, eta etorkizuneko ekonomian Europako erreferentzietako bat izateko anbizioarekin”, adierazi du. Borondate irmo horren erakusgarri, diputatu nagusiak Etorkizuna Eraikizen esparruan garatutako proiektu estrategikoak xehatu ditu. Proiektu horiek Eusko Jaurlaritzaren espezializazio adimenduneko RIS-3 estrategiarekin koherentziaz diseinatu dira, lurraldean “lehendik dauden indarguneetan” oinarrituz, alegia, eta lurralde “gero eta dinamikoagoa, kohesionatuagoa eta lehiakorragoa” eraikitzen lagundu nahi dute.

Ekimen horien artean, zehaztu duenez, aurten bertan hasiko dira Pasaiako Adinberri erreferentzia-zentroaren obrak, zahartze osasungarriaren berrikuntzarako; Donostiako Mugikortasun Berriko Poloarenak, Gipuzkoa mugikortasun adimendunari eta jasangarriari lotutako industriaren erreferente bihurtzea xede duena; eta Naturklimarenak, trantsizio ekologikorako beharrezkoa den berrikuntza bizkortzeko.

Era berean, jakinarazi du lurraldea Quantum proiektuan ari dela lanean, DIPC erreferentziako ikerketa-zentroarekin eta puntako Multiverse Computing enpresarekin elkarlanean, teknologia kuantikoarekin lotutako etorkizuneko industriak bultzatzeko. Ahaztu gabe Gantt proiektua, Gipuzkoan biozientziak bezalako etorkizuneko sektorea sendotzeko sustatua. “Gure lurraldean industria-orientazioa duten terapia aurreratuetan enpresa traktoreak daudela aprobetxatuz, Viralgen eta VIVEbiotech, besteak beste, jauzi kualitatiboa eman nahi dugu etorkizun itzeleko eremu honetan”.

Azkenik, Elkar Ekin Lanean estrategiaren eta Badalab hizkuntza eta gizarte berrikuntzako laborategiaren berri eman du. Lehenengoaren helburua bazterkeria-arriskuan edo -egoeran dauden pertsonen enplegu-aukerak biderkatzea da, kalitatezko enplegu-sistema duin eta inklusibo bat, alegia, lan-merkatuan sartzeko eta finkatzeko zailtasun handienak dituztenentzat. Bigarrenak, berriz, euskara biziberritzeko eta hiztunen arteko berdintasuna sustatzeko esperimentaziorako erreferentzia-gune bat sortuko du, euskararen munduaren eta erakunde publikoen arteko lankidetza indartuz.

Elkarlaneko gobernantza.

Olanok azaldutakoaren arabera, proiektu horiek guztiak elkarlanean garatu dira erakundeen eta Gipuzkoako gizarte- eta ekonomia-ehunaren artean. Elementu bat, elkarlaneko gobernantzarena, zeinaren garrantzia behin eta berriz aldarrikatu duen bere hitzaldian. Olanok azpimarratu du “herritarren eta erakundeen arteko lankidetzan oinarritutako eredu parte-hartzaileagoak” adostu behar direla. Norabide horretan aurrera egiten ez bada, haren iritziz, ondorioak “larriak” izan daitezke, “gure gizartean lekua egin baitezakete ezker muturreko edo eskuin muturreko populismoek, populismo xenofoboek, edota autoritarismoak; demokrazia eta desberdinen arteko bizikidetza demokratikoa kaltetzea helburu duten korronteek, alegia”. “Gure garaiko eztabaida nagusia da: lankidetzan oinarritutako demokrazia, ala populismoa. Zubiak eraiki behar ditugu herritarrekin", berretsi du.

Gainera, diputatu nagusiak erantsi du euskal erakundeak ere “aitzindariak eta berritzaileak” izan daitezkeela elkarlaneko gobernantzaren arloan, beste hainbat arlotan izan diren bezalaxe, hala nola ekonomia lehiakorraren garapenean, punta-puntako gizarte-politiken garapenean edo gobernu-ekintzaren gardentasunean. “Ez da gure herrian bakarrik pentsatuz egiten dugun ekarpena. Europaren eraldaketa jokoan dagoen une honetan, etorkizun sozial, berde eta lehiakor bat eraikitzeko ekarpena egin nahi dugu. Europaren arima demokratikoa indartzen lagundu nahi dugu”, esan du.

Autogobernuaren defentsa

Olano “agenda nazionala” sortzearen alde agertu da, egungo testuinguruak planteatzen dituen erronka sozial ugariei “herrialde gisa” ekiteko. “Horregatik, funtsezkoa da gure erakunde-sistema defendatzea eta balioestea”, berretsi du. Era berean “estrategia zentralizatzaileak” sustatzen dituztenen eta Estatutua “gutxiesten” dutenen aurrean, “babes osoa” agertu dio Eusko Jaurlaritzari, gauzatzeke dauden transferentziak osatzeko exijentzian.

"Euskal autogobernuaren zilegitasuna atsedenik gabe defendatzen jarraitu behar dugu, beharrezko akordioak bilatuz, baina euskal gizarteak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubideari uko egin gabe", azpimarratu du.

Gipuzkoaren diagnostikoa

Lurraldearen erradiografian, diputatu nagusiak azpimarratu du Gipuzkoako gizarte-politiken eredua “zaindu beharreko altxorra” dela, erakundeen eta gizarte-eragileen arteko lankidetzan oinarritutako babes-sistema delako. Hori horrela, Gipuzkoako gizarte-zerbitzuek “eraginkortasun handiz eta erreakzionatzeko gaitasunez” erantzun diete pandemiak planteatutako erronkei, Osakidetzarekin eta gainerako euskal erakundeekin lankidetzan.

“Lehen aipatu dudan eredu propioan sakonduz gero, hots, erakundeen eta gizarte-erakundeen arteko lankidetzan oinarrituta, lurraldeko gizarte-zerbitzuak indartuta aterako dira, eta erreferente izaten jarraituko dute etorkizunean ere”, hausnartu du.

Egoera ekonomikoari dagokionez, Olanok “zantzu itxaropentsuak” antzeman ditu krisiaren osteko susperraldian, hala nola Gipuzkoako enpresetako salmenten gorakada, enpleguaren “bilakaera positiboa” eta Foru Ogasunaren diru-bilketaren zifrak.

Bayer konpainiak Viralgen enpresaren Donostiako lantegi berrian 120 milioi euroko inbertsioa egin duela gogoratu du eta, ViveBiotech tokiko enpresaren bultzadarekin batera, Miramongo industria-parkea terapia genikoen Europako gune nagusietako bat bihurtzen ari dela aipatu du. Bestalde, Olanok aditzera eman du Gipuzkoa “urrats sendoak” ematen ari dela enpresa-proiektu berriak sustatuko dituen eta enpresak beren garapenean lagunduko dituen inbertsio-ekosistema bat garatzeko. “Eremu horrek gure lurraldean eklosio handia bizi du, kapital adimentsuan oinarrituta, eta bere ekarpenak eragin biderkatzailea izan dezake gure ekonomia- eta enpresa-ehunean”, zehaztu du.

 “Ekonomia sendo bat eta gizarte kohesionatu bat txanpon beraren bi aldeak dira. Alferrik da gure gizarte-ongizatearen mailari eusteko asmoa edukitzea, industria aurreratuan oinarritutako ekonomia lehiakorra izan gabe. Eta, era berean, gizarte-ongizateari lotutako balioak, hala nola hezkuntza, gizonen eta emakumeen berdintasuna eta gizarte-kohesioa, beharrezkoak dira ekonomia indartsu eta lehiakorra garatzeko. Gipuzkoaren etorkizunerako, binomio horren garapena ezinbestekoa da, Euskadi osoarentzat bezala”, laburbildu du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube