Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2022/01/07

Ordiziako udalak trasteak kendu ez dituelako Osakidetzak anbulatorioko obra hasi ezin

Ordiziako herriak merezi duen anbulatorio berritu bat lortzeko bideari ekin genion aurreko agintaldian Udal-gobernu arduratik.
Ordiziako udalak trasteak kendu ez dituelako Osakidetzak anbulatorioko obra hasi ezin

2017an, Anbulatorioko langileen eskutik hasi ginen asmoa lantzen, beti ere, Ordizia eta ingurukoetako –Zaldibia eta Itsasondo– herritarren beharrak kontutan hartuz. Izan ere, Anbulatorioak artatzen duen inguru guztian azken hamarkadetan emandako biztanle kopuruaren hazkundea oso handia izan da, %30 ingurukoa.

Gauzak horrela, bai ordiziarrentzat bai inguruko herritarrentzat lehen arretako osasun zerbitzu publiko egokiagoa lortzeko asmoz, anbulatorioa handitzearen eta mediku gehiago jartzearen beharra azaldu genion Eusko Jaurlaritzari. Osasun saileko arduradunekin lehen zirriborro bat lantzetik hasi eta hamaika bileretan proiektua garatzen joan ginen.

Osakidetzak joan den abuztuan atera zuen Ordiziako Osasun Zentroa eraberritu eta handitzeko lanen lehiaketa, milioia eta zortziehun mila eurotan (1.794.393 euro gehi BEZ). Proiektuaren arabera anbulatorioko osasun zerbitzuek beste 1.163 m2 gehiago hartuko dituzte. Baina azalera berri hori irabazi ahal izateko, ezinbesteko baldintza da osasun zentroko eraikinean bertan Udalak gaur egun artxibategi modura erabiltzen duen eremu guzti hori, libre uztea.

Udal-artxibategia lekuz aldatzeko 105.000 eurotako partida bat onartu zen 2020ko udal-aurrekontuetan. Orain bi urte onartu zen partida eta ez da inoiz gauzatu: udal-artxibategiak, gaur-gaurkoz, anbulatorioko egokitzapen obrek behar duten lur-azalera okupatzen jarraitzen du.

Osakidetzak ezin ditu lanak hasi Ordiziako Udalak anbulatorio azpian duen artxibategia hustu arte. Eta bi urte ez dituzte nahiko izan artxibategia lekuz aldatzeko. Horrek ematen du EH Bilduren udal-gobernu taldearen eta alkatearen kudeaketarako gaitasun eskasaren neurria.

EH Bilduren utzikeriak, dagoeneko, zenbait hilabeteren atzerapena eragin du herriarentzat hain garrantzizkoa den lehen arreta zerbitzuaren hobekuntzan. Lotsagarri samarra ere bada Osakidetzak lanak ezin hasi izana Udalak bere trasteak bertatik kendu ez dituelako.

PNVko herri-ordezkariek Ordiziako EH Bilduren udal gobernuaren kudeaketarako gaitasun eza salatu nahi dute eta azken bi urte hauetan egiteko gaitasunik izan ez dutena -artxiboak lekuz aldatzea-, lehen bait lehen egiteko eskatzen diote, Anbulatorioko obrak behingoz has daitezen eta ordiziarrek merezi duten osasun arreta zerbitzua izan dezaten.

Bide batez, Ordizian hau guztia gertatzen ari den bitartean, hor dabil EH Bildu eta Ordizia Orain PODEMOS, kanpaina politiko lotsagabe batetan murgilduta, Osakidetzaren izen ona etengabe zikindu nahian. Ederki ikusi degu Ordizian EH Bilduren eta Ordizia Orain PODEMOSen hipokresiaren eta ezgaitasunaren neurria.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube