Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2021/12/10

EH Bilduk estrategia politikoa baino ez du jarraitzen: Eusko Jaurlaritzarekin adostu eta Gipuzkoan “esentziak” gorde

Maria Eugenia Arrizabalaga: “Une honetan denok geure buruari egiten diogun galdera da: nolatan EH Bildu gai den Euskal Herrian (Nafarroan zein EAEn) edo Madrilen aurrekontuen onarpena errazteko, eta Gipuzkoan, aldiz, aurrez aurreko oposizio-jarrerari eusten dion”
EH Bilduk estrategia politikoa baino ez du jarraitzen: Eusko Jaurlaritzarekin adostu eta Gipuzkoan “esentziak” gorde

“2022ko Foru Aurrekontuen Proiektuak 1.042 milioi euro aurreikusten ditu, inoizko handiena. 2021ekoak baino 59 milioi gehiago, % 6ko hazkundearekin. Eta gaur egun Foru Aurrekontu hau aurkeztu ahal badugu, Gipuzkoak Covid-ek eragindako krisiari erantzuten jakin izanari esker da. Erantzuteko gaitasun hori bi arrazoirengatik da nagusiki. Lehenengoa, gure gizarteak erakutsi duen dinamismoa eta aurrerapen-erreferente egokiak bilatzen jakiterakoan. Eta bigarrena, egoera zail horri aurre egiteko Foru Gobernuak garatutako politiketan asmatu izana”, adierazi du Maria Eugenia Arrizabalaga EAJ-PNVko bozeramaileak, Gipuzkoako 2022. urterako Aurrekontu Orokorrei egindako osoko zuzenketen eztabaidari buruz.

Bozeramaile abertzalea pozik agertu da aurrekontuek aurrera jarraituko dutelako tramitazioan, osoko zuzenketen eztabaida gainditu ondoren. “Aurrekontuen helburua – azpimarratu du Arrizabalagak – egungo egoerari aurre egitea eta legegintzaldiaren hasieran ezarritako ardatz nagusiak garatzen jarraitzea da: gizarte-babeseko sistemaren iraunkortasuna bermatzea (egungo krisi-egoeran hain emaitza onak ematen ari zaiguna); ekonomia suspertzea eta kalitatezko enplegua sortzen bultzatzea; eta gizarte-desberdintasunaren aurka borrokatzea eta Berdintasuna sustatzea. Laburbilduz – adierazi du – Lurraldearen benetako egoerari erantzuten dioten aurrekontuak eta Gipuzkoaren etorkizuneko erronkei aurre egiten lagunduko digutenak”.

“Une honetan denok geure buruari egiten diogun galdera da: nolatan EH Bildu gai den Euskal Herrian (Nafarroan zein EAEn) edo Madrilen aurrekontuen onarpena errazteko, eta Gipuzkoan, aldiz, aurrez aurreko oposizio-jarrerari eusten dion. Beste behin ere inpresioa ematen digu – jarraitu du Arrizabalagak – EH Bilduk foru gobernuarekiko desadostasuna ikusarazi besterik ez duela nahi, ustezko “ideologia-esentziak” gordez eta bere estrategia politiko alderdikoiak lehenetsiz. Izan ere, EH Bilduren jarrera EZ da ideologikoa, estrategikoa baizik”.

Osoko zuzenketei dagokienez, Maria Eugenia Arrizabalagak adierazi du oposizioak urtez urte behin eta berriz erabilitako argudio berak direla, beste behin Fiskalitatea ardatz nagusi. “Fikziozko datuetan oinarritutako fiskalitatea, gure errealitate sozialaren eta gure ekonomiaren datu errealekin bat ez datorren “irudimen fiskal” ariketa. Ez da serioa – nabarmendu du –. Eta oposizioak gizarte-politiken arloan erabilitako argudioei dagokienez, gauza bera. Beste behin ere, urtez urte, gizarte-politikek aurrekontuan duten eragina handiagoa da: 455 milioi euro (aurreko ekitaldian baino 37 milioi gehiago), eta biztanleko gastua 642 eurokoa da (aurreko ekitaldian baino 42 euro gehiago). Honek guztiak agerian uzten du EH Bilduk eta Elkarrekin Gipuzkoak aurrekontuaren osoko zuzenketei eusten zieten argudio nagusiek ez dutela inolako zentzurik”.

“Baina gainera Foru Gobernu honek oposizioko taldeekin akordiorik lortu nahi ez duela dioen argudioa agerian geratu da aurrekontuak negoziatzeko 7 milioi euroko partida bat helarazi zaizuelako – azpimarratu du bozeramaile abertzaleak –. 3 miloi enpresa txiki, autonomo, merkatari, ostalari eta garraiolariei trantsizio ekologiko eta digitaletan laguntzeko. Beste miloi 1 kalitatezko enplegua sustatzeko, 700.000 euro etxeetan zerbitzua emateko, 2 miloi dependentziarako laguntzak gehitzeko eta 300.000 etxerik gabekoen estrategia garatzeko”.

Azkenik, Maria Eugenia Arrizabalagak adierazi du, "krisialdi egoera honetan, eraginkorrak eta erabakigarriak izan behar dugu. Gipuzkoak, inoiz baino gehiago, erakundeen eta talde politikoen erantzukizuna behar du. Eta ez, interes orokorrari eta herritarrei inongo ekarpenik egiten ez dioten edkukirik gabeko aldarrikapen antzurik. Espero dut Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako akordioak bere isla izan dezala Gipuzkoan, aurtengoan ez bada datorren urtean" amaitu du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube