Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2021/11/17

EAJ-PNV «Pentsiodun edo erretiratu batek bikoitza baino gehiago ordain dezake 2022an Kiroldegiko abonuagatik»

2021ean, beste diru sarrerarik ez duen pentsiodun edo erretiratu batek 78,40 euro ordaindu ditu Kiroldegiko abonuagatik; 2022an, abonuak berrantolatu eta zergak igo ondoren, 180 euro ordaintzera iritsi daiteke. Kuoten hazkundearen desproportzioa salatu du EAJ-PNVk.
EAJ-PNV «Pentsiodun edo erretiratu batek bikoitza baino gehiago ordain dezake 2022an Kiroldegiko abonuagatik»

Oñatiko Udalak %2,5eko igoera onartu zuen 2022rako tasa, zerga eta prezio publikoetan, Ordenantza Fiskaletarako egindako Ez Ohiko Osoko Bilkuran. Horrekin batera, Zubikoa Kiroldegiko abonuen berrantolaketa ere onartu zuen. Udalak, EH Bildu buru duela, aldaketa hori Kiroldegian egindako berritze lanetan oinarritzen du, besteak beste. Argudiatu duenez, inguruko udalerrietako prezioak aztertu ondoren, Oñatiko abonamenduaren kostua nabarmen txikiagoa dela ikusi dute. Horrela, abonuen prezioen berregituraketarekin, Udalak errentak izango ditu kontuan hobariak ezartzeko garaian. Orain arte, sailkapen ezberdinen arabera ezartzen ziren hobariak: ikasleak, pentsiodunak, erretiratuak, alargunak, bananduak…

EAJ-PNVk uste du egungo berregituraketak Zubikoa kiroldegiko abonamenduaren prezioen igoera orokorra dakarrela, eta kasu batzuetan, neurriz kanpokoa dela adierazi du: «Oñatiko pentsiodun edo erretiratu bat adibide gisa hartzen badugu, igoera neurriz kanpokoa izan daitekeela ikus dezakegu. Izan ere, pentsiodun edo erretiratu batek, bere pentsioa beste diru-sarrerarik ez badu, 2021ean 78,40€ ordaindu ditu Kiroldegiko abonuagatik. 2022an, EH Bilduren gobernuak egindako berregituraketaren ondoren, inolako hobaririk izan ezean, 180€ ordaintzera iritsi daiteke».

Alderdi jeltzaleak gogorarazi du azken sei urteetan behin eta berriz eskatu duela abonamenduaren prezioa berrantolatzeko, baina argitu du EH Bilduren gobernuak hobariak eskuratzeko aplikatu dituen errenta-baremoek ez dutela Oñatiko errealitatea islatzen: «kuotak erabiltzaileen errentan oinarrituta antolatzearen aldekoak gara, baina uste dugu erabilitako baremoak eta aplikatutako hobariak ez datozela bat Oñatiko errenten errealitatearekin. Horren isla da abonu gehienek igoera handia izango dutela. EUSTATen arabera (2018ko datuak), Oñatiko herritarren batez besteko errenta 25.880 €-koa da. Hori kontuan izanda, Oñatiko herritar gehienek ez dute hobaririk jasoko edo hobari oso txikia izango dute; eta horrek, kuotaren igoera handia ekarriko du».

Azkenik, argi dago Kiroldegia berritzeak inbertsio handia eta ahalegin handia ekarri diela Udalaren diru-kutxei, baina, aldi berean, EAJ-PNVk uste du horrek ez duela eraginik izan behar Kiroldegiaren erabiltzaileengan, eta gutxiago abonamenduaren prezioa neurriz kanpo handitzean: «behin eta berriz aipatu dugun moduan, uste dugu ez dela tasak igotzeko unea. Gainera, eta EH Bilduren argudioari jarraiki, uste dugu akats bat dela tasak handitzea, kiroldegi berriaren ustiapenaren kostuen igoeran oinarrituta. Izan ere, oraindik ez ditugu kostu horiek ezagutzen; urtebete igaro behar da datu objektiboak lortu ahal izateko, eta Kiroldegiaren autofinantzaketa maila zein izan beharko litzatekeen aztertzeko eta definitzeko».

Abonuen konparazioa

- Familia: bi heldu eta bi seme-alaba

2021 (21 urte baino gutxiagoko bi seme-alaba): 231,15€

2022 (12 eta 15 urteko seme-alabak): 378,00€

- 21 urteko ikasle gaztea

2021 (21 urte edo gehiagoko ikaslea): 102,50€

2022 (14-22 urte edo ikaslea): 126€

- Familia: guraso bakarra eta seme-alaba bat

2021: 109,60€

2022 (14-22 urte bitarteko seme-alaba bat): 216€

- Pentsioduna edo erretiratua

2021 (beste diru sarrerarik gabe): 78,40€

2022 (22 urte baino gehiago): 180€

- Familia: guraso bakarra eta bi seme-alaba

2021: 109,60€

2022 (6 eta 8 urteko seme-alabak): 243€

Hobaria: diru sarreraren eta seme-alaba kopuruaren araberakoa

Goian aipatutako abonuen konparazioa estandarra da, hau da, inolako hobaririk jaso ezin duten oñatiarrek ordainduko dutena aztertzen da bertan. Oñatiko Udalak ezarritako hobariak kalkulatzeko, familia-unitatearen diru-sarrera gordinak eta seme-alaben kopurua hartuko dira kontuan. Hauek dira Oñatiko Udalak onartutako eta kontuan hartu beharreko bi taulak: abonu estandarrena eta onartutako hobariena.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube