Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2021/11/02

Andoainek Martin Ugalderen jaiotzaren mendeurrena ospatuko du azaroan

Angel Lertxundi idazleak 1997an Ugalderi idatzitako glosak osatu ditu, eta Udalak “MARTIN UGALDE MENDEURRENA: Herriminaren prosak” liburua argitaratu du.
Andoainek Martin Ugalderen jaiotzaren mendeurrena ospatuko du azaroan

Martin Ugalderen jaiotzaren mendeurrenaren kariaz, azaroan zehar, herriko seme kutunaren omenezko egitarau zabala osatu da, Kultura eta Euskara sailen artean koordinatutako hitzordu ugarirekin. Erakundeen arteko lankidetza estu baten emaitza, zenbait ekimenetan Udalak bidelagun izango ditu Martin Ugalde Kultur Parkea, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Hondarribiako Udala, Elkar Fundazioa, Berria Taldea, Jakin, Euskal Idazleen Elkartea eta Martin Ugalderen familia bera. Hala, hitzordu esanguratsuenak aurkezteko asmoz, agerraldia egin dute Bastero Kulturgunean Alexander Huitzi euskara zinegotziak, Txitxu Ruiz hezkuntza eta kultura zinegotziak, eta Joanmari Larrarte Martin Ugalde Kultur Parkeko ordezkariak.

Huitzik gogora ekarri du 1997ko azaroaren 9an Andoaingo udal ordezkariek aho batez herriko izendapen gorena eman zitzaiola Ugalderi: “Martin Ugalde Orradre, Andoaingo herriko seme kuttun izendatu genuen. Euskal kulturaren ordezkari eta herriko eragile ugari lekuko zirela. Andoaingo herriarentzat eta Udalarentzat, baita euskalgintzarentzat, Ugalde erreferente garrantzitsua izan da eta izango da. Kazetaria, idazlea, euskaltzain urgazlea, politikaria… arrasto oparoa utzi zuen gizona, euskaldun nekaezina. Andoaingo herriarentzat erreferente nabarmena.”

Erakusketa Basteron ostiraletik aurrera

Haren ibilbideari omenaldia egiteko, erakusketa zabal batean jasoko da idazle, kazetari eta euskaltzale ezagunaren lana. Azaroaren 5ean, ostirala, inauguratuko da eta abenduaren 4ra arte egongo da ikusgai, Bastero Kulturguneko erakusketa aretoan ohiko ordutegian (astelehen-ostiral 18:30-20:00, larunbatetan 10:30-13:30 eta 18:00-20:30, igande eta astearteak itxita).

Martin Ugalde Kultur Parkeko Joanmari Larrartek azaldu du “erakusketaren helburua Andoaingo kazetari eta idazlearen bizitza eta lan oparoa ezagutzera ematea” dela. Horretarako, lau ataletan banatuta, bere ibilbidea eta bere obra erakutsiko dira, irudi ezberdinen proiekzioa ikusgai egongo da, Ugaldek idatzitako hainbat liburu, beste hainbeste elementurekin batera. Erakusketa hau dagoeneko Hondarribian, Donostiako Koldo Mitxelenan edo Bilboko EHUko egoitzan aurkeztua izan da. Andoainen itxiko du urte osoan zehar burutu duen ibilbidea.

Bere lanaren irakurketa publikoa

Ekitaldiekin jarraituz, azaroaren 11ko data esanguratsuan, bere lanaren irakurketa publikoa egingo da Martin Ugalde Kultur Parkean. Larrartek adierazi duenez, bertan parte hartuko dute jaiotzaren 100 urteak ospatzeko elkarlanean jardun duten erakunde ezberdinek, tartean, Andoaingo Udal ordezkariek eta Andoaingo herriak, bai eta euskalgintzaren ordezkaritza zabal batek ere. Hala, Itzulera baten historia izeneko Ugalderen lana irakurriko da, goizeko 11:00etatik aurrera etenik gabe.

Irakurraldi publikoa zuzenean jarraitzeko, bi aukera izango dituzte andoaindarrek, herriko 2 puntutan irakurketa eta irakurleak zuzenean entzun eta ikusteko aukera egongo baita pantaila bidez: Udaletxeko arkupean edo atarian, eta Bastero Kulturguneko  kafetegi ondoko plazan. Gune hauetan, aulki batzuk ezarriko dira, zuzeneko emisioa jarraitu ahal izateko.

Ipuin lehiaketak 25 urte

Era berean, herriko seme kuttunarekin lotutako efemerideekin jarraituz, Martin Ugalde Ipuin Lehiaketak ere urteurren biribila beteko du aurten, XXV. Edizioarekin, hain zuzen. Andoaingo Udalak antolatutako ipuin sariketa 10-17 urteko gazteentzat bideratuta dago. 25 urte hauek behar bezala ospatzeko, sari banaketa ekitaldia idazlearen jaiotzaren egunean bertan egingo da, azaroaren 11n, 19:00etan Basteroko auditorioan.

Txitxu Ruiz zinegotziak agertu duenez, “lehiaketa hau dagoeneko erreferente bilakatu da eta edizio berezi honetan guztira 127 lan aurkeztu dira, oso maila altukoak”. A kategorian (10-11 urte) 34 lan, B kategorian (12-13 urte) 36 lan, C kategorian (14-15 urte) 25 lan, eta D kategorian (16-17 urte) 32 lan. Urteurren edizio berezia izan da aurtengo hau gainera, izan ere, “oraingo honetan, parte-hartzaileek, kategoria bakoitzean Martin Ugalderen testu baten ala aurretik lehiaketan irabazle aterako ipuin baten hasieratik abiatu behar izan dute euren kontaketa”.

Halaber, Ruizek gogoan izan du “nola urtero Ugalde bera etortzen zen sari banaketara, idazle gazteekin solasean aritzera, eta hura hil ondoren bere ondorengoek ere eutsi dioten ohitura horri”. Familiaren elkarlana etengabea izan da eta Udalaren izenean “soilik esker hitzak esan ditzakegu”, esan du Ruizek.

Angel Lertxundik Ugalderi eskainitako “Herriminaren prosak”

Angel Lertxundi idazleak, 1997an Martin Ugalde: leialtasun baten historia glosak liburua idatzi zuen. Mendeurrenaren ospakizun honetan, Lertxundik bere ekarpena egin nahi izan du, eta orduan idatzitako glosa horiek osatu egin ditu, eta Andoaingo Udalak liburua berrargitaratu egin du.

Huitzik aurreratu duenez, liburu berriaren izena honakoa da: MARTIN UGALDE MENDEURRENA: Herriminaren prosak. Azaroaren 15ean aurkeztuko da, arratsaldeko 19:00etan Bastero Kulturguneko ekitaldi aretoan.

Martin Ugalde eta Lezo Urreiztieta aurrez aurre

Ugalderi eskainitako omenaldi ekitaldi sorta, azaroaren 17an proiektatuko den Jainkoak ez dit barkatzen filmak osatuko du. Ugalde berarekin egindako elkarrizketa bat abiapuntutzat duen dokumentala 19:00etan emango da Basteron eta emanaldia eta gero, Josu Martinez zuzendariarekin solasaldi batean parte hartzeko aukera izango dute ikusleek.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube