Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2021/11/03

Elgoibarko Udalak, herriko hainbat eragilerekin elkarlanean, egitarau zabala antolatu du azaroaren 25aren harira

Ana Beitia alkateak gogoratu du indarkeria matxista giza eskubideen urraketa larria dela, eta Udalak lanean jarraituko duela Elgoibar berdinzaleagoaren alde.
Elgoibarko Udalak, herriko hainbat eragilerekin elkarlanean, egitarau zabala antolatu du azaroaren 25aren harira

Elgoibarko Udalak prentsaurrean aurkeztu du gaur goizean Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira antolatutako programa. Ane Beitia alkatea, Maialen Gurrutxaga zinegotzia, Mikel Etxaniz Berdintasun teknikaria eta herriko hainbat eragile elkartu dira Lilan, inauguratu berri den Emakume Etxean.

Ane Beitia alkateak azaldu duen moduan, Elgoibarko Udalak irmoki salatzen ditu emakumeenganako indarkeria guztiak. Era berean, gogorarazi du azaroaren 25a bezalako egunek Udalaren jarrera berresteko, eta are garrantzitsuagoa dena, indarkeria matxista ekintza isolatu bat ez dela ikusarazteko balio dutela, gure gizartean errotuta dagoen jokamolde bat baizik: «Udalak gogor gaitzesten ditu emakumeenganako indarkeria mota guztiak, oihu argi batekin: aski da. Indarkeria matxista giza eskubideen urraketa larria da, lehen mailako arazo soziala, eta hori sufritzen duten eta aurre egiten dioten emakumeen eta LGTBI+ pertsonen duintasunaren eta osasun fisikoaren eta moralaren aurka doa».

Pandemia garaiak emakume hauek bizi duten egoera larria areagotu egin duela ere gogorarazi du Beitiak: «lehendabizi, isolamendu garaia etorri zen: emakume askok, asteak eta hilabeteak pasa behar izan zituzten tratu txarrak ematen zizkien pertsonarekin bizitzen. Eta handik honako hilabeteak ere ez dira errazak izan guztientzat. Elgoibarko Udalean argi dugu, inoiz baino gehiago, baliabideak eta laguntza areagotu behar ditugula». Azaroaren 25aren harira, indarkeria bikarioaz ere aritu da Beitia: «gizonak emakumea mintzeko duen modurik gogorrenetakoa da indarkeria bikarioa. Gizonaren helburua da, emakumeari min ematea seme-alaben bitartez. Ez dugu ahaztu behar, seme-alaba horiek jasaten duten kaltea konponezina dela, eta hauek ere, indarkeria matxistaren biktima direla».

Hala, eta egitarauari helduta, Elgoibar berdinzaleagoaren alde lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du Beitiak: «Udalak bere eskumenak erabiltzen jarraituko du indarkeria matxistarik gabeko gizarte baterako bidean pausuak emateko. Bide horretan, besteak beste, zabaldu berri dugu Lila, Elgoibarko emakumeentzako espazioa, eta indarkeria matxista era integral baten lantzeko erreferentziazko etxea izango dena. Eta bide horretan, baita ere, hilabete honetan zehar izango diren ekitaldi, tailer, hausnarketa, elkarretaratze... antolatu ditugu».

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube