Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2021/10/27

Gipuzkoako egoitzetako egoiliarren eta senitartekoen %74,5ek positiboki baloratu dute zainketen kalitatea pandemian zehar

Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko adinekoen egoitzetan egindako ebaluazioaren emaitzak aurkeztu ditu, arretaren kalitatea eta COVID-19aren eragina neurtzeko.
Maite Peña

Gaur goizean, Gizarte Politikako diputatuak, Maite Peñak, Gipuzkoako adinekoen egoitzetan egindako ebaluazio-prozesuaren emaitzak aurkeztu ditu prentsaurrekoan. Ebaluazio-prozesuak hiru helburu izan ditu: zainketen kalitatea eta COVID-19aren eragina neurtzea, eta zentroen berrikuntza-gaitasuna ebaluatzea. Diputatuak, azterlanaren egile diren Javier Castro eta Álex Gómez adituekin batera, nabarmendu du Gipuzkoako egoitzetako egoiliarren eta senideen %74,5ek aldeko iritzia ematen duela adinekoek jasotzen duten arretaren eta zainketen kalitateari buruz; adineko pertsonak dira jasotzen duten arreta hobekien baloratu dutenak (%77,2), ondoren familiak (%73,5) eta profesionalak (%62,7).

Azterlanean parte hartzeko gonbidapena sare osora bidali ondoren, guztira 2.026 pertsonak parte hartu dute, egoiliarren, senideen eta langileen artean (247, 660 eta 1.119, hurrenez hurren), ekainetik uztailera bitartean. Maite Peñak oso positiboki baloratu ditu parte-hartze maila eta ateratako ondorioak: “Sareko 2.000 lagunek baino gehiagok erantzun diote inkestari, eta 112k parte hartu dute erantzunetan, proposamenetan eta iritzietan sakontzeko antolatutako 14 kontraste-tailerretan”. Azterlanak teknika kuantitatiboak eta kualitatiboak konbinatu ditu, “eta horrek 360º-ko perspektiba lortzea ahalbidetu digu”.

Diputatuak adierazi duenez, aurrera egiten eta hobetzen jarraitzeko, ezinbestekoa da gure abiapuntuko errealitatea ezagutzea. Iraupen luzeko zainketak gero eta pertsonalizatuagoa den arreta batera igarotzeko helburuarekin, eta Agenda 20>30aren esparruan, Peñak adierazi du “partaidetza- eta ebaluazio-sare bat sortu dugula, oso tresna eraginkorra etorkizuneko gizarte-politikak diseinatzen jarraitzeko”. Urtero errepikatuko den ebaluazio-azterlan bat da, “horrela, erabiltzaileen, senideen eta profesionalen parte-hartzea sistematizatuko dugu, jauzi kualitatibo oso garrantzitsua emanez, eta etorkizuneko egoitzak diseinatzeko gomendioen preskriptore gisa funtzionatuko duen ebaluazio-sare oso baliotsu bat finkatuz”.

Ondorio orokor gisa, eta lortutako emaitzetan oinarrituta, azterlanak etorkizuneko bizitegi-ereduetaranzko trantsizio-ardatzetako batzuk aurreratzen ditu. Peñak esan duen bezala, azterlanaren zati hori parte hartu duten pertsonekin eta taldeekin egiaztatu, partekatu eta osatuko da; eta ibilbide-orria adostu ondoren, hurrengo urratsak ezagutzera emango dira.

Hala, azterlanak gomendatzen du etorkizuneko egoitzak ikuspegi estrategiko eta parte-hartzailearekin garatu behar direla, eta zerbitzuak eta espazioak zainketa-eredu berri batean oinarrituta antolatu behar direla. Gainera, azterlanean parte hartu duten pertsonen iritziak kontrastatu eta jaso ondoren, ondorioztatu da etorkizuneko egoitzak honako ezaugarri hauen inguruan antolatu behar direla: premien arabera egokitu daitezkeen espazioak, batez ere banakako geletan, zainketa pertsonalizatuetan oinarrituta, ikuspegi inklusibo eta komunitarioak dituzten zentroetan, ingurumenaren aldetik jasangarriak eta eraginkorrak direnak, eta beharrezko zerbitzuen ekosistema osoa biltzen dutenak.

Emaitza orokorrak

Egoiliarrak dira jasotzen duten arreta hobekien baloratu dutenak (%77,2), baita COVID-19aren kudeaketari buruzko baloraziorik onena egiten dutenak ere (%78,1), ondoren familiak (%73,5 eta %66,1) eta profesionalak (%62,7 eta %59,2). 

COVID-19aren kudeaketa

Egoiliarren %78,1ek, familien %66,1ek eta profesionalen % 59,2k balorazio positiboa egiten dute COVID-19aren krisiari eman zaion erantzunari buruz. Kontsultatutako alderdien artean, COVID-19aren zainketa-sistemak, prebentzio-neurriak, familiekiko komunikazioa eta bisiten eta irteeren araubidea izan dira ongien baloratutako alderdiak; protokoloen argitasuna eta langileen eskuragarritasuna, ordea, izan dira balorazio okerragoa jaso duten alderdiak. Batez besteko balorazioa positiboa izan da: galdetutako pertsonen %63,7k iritzi hori eman du.

Erreputazioari, komunikazioari edo egindako lanaren aintzatespenari buruzko gaiak sakonago landu dira kontraste-tailerretan. Horrela, azterlanaren emaitzek iradokitzen dute komunikabideetan COVID-19aren kudeaketari eman zaion tratamenduak egoitza-zentroen ospearen krisia eragin duela, eta horrek ez diola zentroen irudiari soilik eragiten, profesionalen irudiari ere bai.

Zainketen kalitatea

Azterlanean parte hartu duten pertsonen %69,3k balorazio positiboa egin dute emandako eta jasotako arretaren kalitateari buruz. Egoiliarren %77,2k positiboki baloratzen dute, baita familien %73,5ek, eta profesionalen %62,7k ere.

Egoiliarren %77,3k eta familien %76,1ek positiboki baloratzen dute zentroek eskaintzen duten ongizate materiala; egoiliarren %83,4k eta familien %78,9k positiboki balioesten dute ongizate fisikoa. Hauek dira ondoen baloratutako alderdiak: mediku eta erizaintza arreta, adinekoen ahalduntzea, zentroen mantentzea, intimitatea, adeitasuna eta enpatia, garbitasuna, malgutasuna eta moldagarritasuna, arreta duina eta erabilera pribatiboko espazioak. Arreta-maila horietako puntu kritikoak dira gaitasun funtzionala estimulatzeari lotutako zerbitzuak, elikadura eta garbitegi zerbitzua.

Bestalde, egoiliarren %72,6k eta familien %67,5ek positiboki baloratzen dute zentroek eskaintzen duten ongizate psikosoziala. Hauek dira balorazio onena jasotzen duten alderdiak: baliagarritasun-sentsazioa, entzute aktiboa eta berdinen arteko bizikidetza. Arreta-maila honetako puntu kritikoak, berriz, egunean zehar jarduera estimulatzaileei lotutako zerbitzuak hobetzeko beharra, aukera askearen errespetua eta banakako jarduera-planen diseinuan parte-hartze aktiboa izatea dira.

Berrikuntza gaitasuna

Azterlanaren azken atalean arreta eta zainketa hobetzeko berrikuntza-gaitasunak aztertzen dira. Galdetegietan lortutako emaitzek adierazten dute gutxi gorabehera egoitza-zentroen erdiek (%49) berrikuntzaren bat egiten dutela, eta berrikuntza horien artean nabarmentzen da familiekin komunikatzeko teknologiak sartzea. Aldiz, berrikuntzari buruzko pertzepzioa desberdina da profesionalen (%61,3) eta familien (%33,7) artean, hau da, familiek gutxiago hautematen dituzte egoitza-zentroek bultzatutako berrikuntzak eta aldaketak.

Ratioak kalitatearen eta pertsonalizazioaren aurrean

Azterlanak egiaztatu duenez, bi “aurkikuntza esanguratsu” egin dira, zainketen kalitatearen eta ratioen artean dagoen erlazioari buruz, baita zainketen pertsonalizazioaren eta ratioen artean dagoenari buruz ere. Langile kopuruari buruz dagoen pertzepzioaren eta ematen den arretaren artean desberdintasunak daude, eta horrek iradokitzen du desoreka erreal eta esperientziala dagoela ratio/kalitate eta ratio/pertsonalizazio erlazioak ulertzeko moduari dagokionez. Langileen ratioei buruz hedatuago dagoen ikuspegiak iradokitzen du ratioa zenbat eta handiagoa izan, kalitatea orduan eta handiagoa dela. Aldiz, eskuratutako datuek erakusten dutenez, teorian urriegia den ratio bat izan arren, arretaren kalitatea ona da egoiliarrentzat, senideentzat eta profesionalentzat. Horrek esan nahi du paradoxa baten aurrean gaudela.

Horrez gain, ratioen balorazio positiboaren eta etorkizuneko hobekuntza-eremuen arteko erlazioan, ikusten da ratioen elementua azken hobekuntza-arlo gisa azaleratzen dela; aldiz, hobekuntza elementu nagusi bezala ageri dira kudeaketa-eredu ekologikoagoa bultzatzea, egoiliarren eskubideak indartzea eta familiekiko komunikazioa indartzea. Horrek adierazten du beste paradoxa baten aurrean gaudela.

Horri buruzko iritzi eta pertzepzio heterogeneoak daudenez, azterlanak dio enpirikoki eta adierazle objektiboekin aztertu behar dela langile-ratioen eta zainketaren kalitatearen eta pertsonalizazioaren arteko harremana, harreman horiei buruzko irudi argi eta objektiboa lortzeko. Horregatik, ratioak ikuspegi estrategiko batetik eztabaidatzea gomendatzen da, zenbait gairi erantzuteko, hala nola espezializazioari, mendekotasun-profilen konbinazioari edo zentroen banaketa modularrari.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube