Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2021/10/25

Tolosak pixkanaka berreskuratuko du bere ohiko jarduera alor guztietan

Olatz Peon Ormazabal alkatea: “fase berri bati ekin diogu eta kultur, kirol eta jai jarduerak antolatzearen aldeko apustua egin dugu, eta orain horiek nola gauzatu aztertu eta landuko dugu eragileekin, uneoro osasun egoera oso kontutan hartuta eta trantsizioa pixkanaka eginda, zuhurtziaz jokatzen jarraitu dezagun”
Tolosak pixkanaka berreskuratuko du bere ohiko jarduera alor guztietan

Udazkena ekintzez beteriko garaia izan ohi da Tolosan eta dagoeneko udalerria hasi da poliki-poliki zenbait ohiko jarduera berreskuratzen, indarrean dauden neurriak jarraituta: Nazioarteko Abesbatzen Lehiaketa, Titirijai, auzoetako festak… Bi aste baino gehiago igaro dira Covid19ari aurre egiteko neurriak arindu zirela eta jada datozen hilabeteetan kultur, kirol eta jai-jarduerak berreskuratzeko lanean hasi da Udala, eragileekin elkarlanean eta egoerari jarraipen estua eginda.

Gaur prentsaurrekoan Olatz Peon Ormazabal alkateak eta Nerea Letamendiak Herritarren arloko zinegotzi arduradunak eman dute hasitako prestaketa lan horien berri. 

Azoka bereziak, ekintza txikie lotuta, Gabonak arte

Udazkenean azoka berezi ugari ospatzen dira Tolosan: Garagardo azoka, Mikologika, Goxua, Babarruna, Eguberrietako azoka berezia… Horien prestaketa lanak oso garaiz hasten direla adierazi du Letamendiak: “ekainean hasi ginen udazkeneko azoka bereziak antolatzen, eta garai hartako egoerari erreparatuz, ohiko eran behintzat, azoka berezirik ez egitea, adostu genuen eragileekin; horrek ez du esan nahi lanketarekin jarraitu ez dugunik, ekintza sinbolikoak lantzen aritu garelako denbora honetan azoka berezien esentziari eusteko”.

Azoka Lagunak proiektuaren baitan, Mikologika azoka bereziari keinu bat egiteko, irteera egin zen joan den asteburuan, Tolosa Goxuaren kasuan, larunbatean, urriaren 30ean,  bezeroen artean gozoak oparitan emango dira herriko gozotegietan eta Turismoko blogean gozogileen inguruko erreportajea egingo da  beren lana  eta produktuak ezagutzera eman eta bisitariak  saltokietara eta Tolosara erakartzeko.

Halaber, denbora honetan, Tolosa Gourmet ekimenaren baitan Tolosako gozogileen inguruko azterketa antropologikoa egin da, ondorio esanguratsuak mahaigaineratu dituena.

Babarrunaren azokari dagokionez, azaroaren 20an, babarrun lehiaketa egingo da babarrun ekoizle onenari saria emateko, Gure Kaiola elkarteak lehiaketa gastronomikoa egingo du Alondegia plazan eta egun horretan ospatu ohi den frisio txapelketa ere egingo da. Azkenik, babarrun azokaren aste horretan, babarruna izango da Azoka Lagunak egitasmoko protagonista.

Gabonei begira, azoka berezia antolatzeko prestaketa lanekin hasi da Udala. “Azoka berezia egitea erabaki dugu; orain, azoka nola egin, zenbat posturekin, zein eremutan etab. aztertzen eta lantzen ari gara” azpimarratu du Letamendiak.

Olentzero, kabalgata eta inauteriak nola ospatu lantzeko bilerak eragileekin

Alkateak azpimarratu duenez, “fase berri bati ekin diogu eta orain, kultur, kirol eta jai-jarduerak nola gauzatu landuko dugu eragileekin, beti bezala, erabakiak adostasunez hartzeko”.

Kirol frogak ere berreskuratuko dira datozen asteetan: lehen aldiz, azaroaren 28an Euskadiko Aizkolari txapelketa egingo da Tolosan, azarotik urtarrilera bitartean Soroa memoriala ospatuko da eta urteari amaiera emateko, areto futboleko gabonetako Shanti torneoa berreskuratu eta abenduaren 31ean Elkartasun krosa egingo da, besteak beste.

Eguberrietako gainerako ekintzak antolatzeko: Olentzero, haur parkea, kabalgata… bilerak egingo ditu eragileekin udalak.  Joan den astean egin ziren lehen bilerak asialdi-taldeekin eta eragileekin eta laster deituko dira inauteriak antolatzen hasteko bilerak. “Zer eta nola egin aztertzen eta lantzen hasiko gara orain inauterietan parte hartzen duten eragile guztiekin: aisialdi taldeak, karrozak eta konpartsak, txarangak…” azpimarratu du alkateak.

“Ospakizun horiek guztiek garrantzia handia dute tolosarren artean, batu egiten gaituzte eta balio sinbolikoa, emozionala eta kolektiboa dute, komunitatearen parte sentiarazten gaituztelako, horregatik normaltasunerantz aurrerapausoak eman behar ditugula uste dugu eta horregatik egin dugu horiek antolatzearen aldeko apustua, baina orain horiek nola aurrera eraman aztertu eta landu behar dugu eragileekin, indarrean dauden osasun arauak kontuan izanda” adierazi du Olatz Peon Ormazabalek.

Uneoro dagokion osasun egoera kontuan hartuta

Alkateak adierazi du beharrezkoa dela normaltasunerantz urratsak pixkanaka egitea, “trantsizioa pixkanaka egin behar dugu, ezin gara 0tik 100era pasa, birusa ez baita desagertu, neurriak arindu egin badira ere; horregatik, zuhurtziaz jokatzen jarraitu behar dugu eta oinarrizko osasun arauak bete egin behar ditugu, aurrerapausoak ematen jarraitzeko”.

“Gure herria ohiko jarduera berreskuratzen joango da datozen hilabeteetan, une oro dagokion osasun egoera kontua hartuta, orain arte bezala” esan du. “Orain arte, erakutsi dugu egoerara egokitzeko gaitasuna eta orain, denbora luze honetan hartutako esperientzia eta ezagutza hori datozen ekintzen antolakuntzara bideratzeko unea da, Tolosak berezkoa duen izaera, dinamismoa eta bizitasuna  berreskuratu dezagun” amaitu du alkateak.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube