Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Oñatiko EAJ-PNV alderdiak zergarik ez igotzea proposatu dio Udalari, COVID 19a dela eta, herritarrek, autonomoek eta enpresek egin duten esfortzua orekatzeko
EAJ-PNVk hainbat hobari proposatu dizkio Udalari, hiru helbururekin: COVID 19ak erasandako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen arloa sustatzea; landa-eremuaren ekarpena eta lana babestea eta saritzea; eta jasangarritasuna bultzatu eta klima-aldaketa saihestea.Oñatiko Udalak, EH Bilduren gidaritzapean, 2022ko tasak, zergak eta prezio publikoak %2,5 igotzea bozkatuko du Ordenantza Fiskalen Ez Ohiko Osoko Bilkuran. Joan den urtean hainbat zerga igo eta gero, OHZ edo Ibilgailuen zirkulazioaren gaineko zerga esaterako, aurten ere bide beretik jo du Udalak. Oñatiko EAJ-PNVk prentsa ohar bidez azaldu du honen aurrean duen desadostasuna eta Udalari egindako proposamena: 2022ko zergak izoztea, hau da, igoerarik ez izatea.
Oñatiko EAJ-PNVren ustez, COVID 19ak eragindako pandemiaren eraginez, hilabete zailak bizitu dituzte herritarrek, autonomoek zein enpresek: «eta hau ez da amaitu, argiaren ordainagiriari erreparatu besterik ez dago eta noski, aintzat hartu beharko da honek bizitzaren garestitzean izango duen eragina. Oraindik ere, hilabeteak beharko dira egoera bere onera etortzeko. Oñatiar guztiek ahalegin ekonomia handia egin dute eta orain arnasa emateko momentua da». EAJ-PNVren ustez, bizi dugun egoera bakarra da eta inoiz baino gehiago, neurri sozialak hartzeko momentua da: «herritarrek eta arlo guztietako langileek likidotasuna berreskuratu behar dute, bizi kalitatea hobetzen lagunduko dien neurriak behar dituzte».
Alderdi jeltzaleak azaldu moduan, Oñatiko Udalak diru-soberakina dauka gaur egun: «Udalak duen diru-soberakina aintzat hartzea eskatzen dugu. Izen ere, EH Bilduren gobernuak oraindik ez du erabaki nora bideratuko duen, batetik 2020ko soberakina, 3.117.804 eurokoa; eta bestetik, Kiroldegiko obra egiteko eskatu zuen kredituaren soberakina 2.100.000 eurokoa. Izan ere, Udalak 11.000.000 euroko kreditua eskatu zuen, eta Kiroldegiko obrarako 8.900.000 euro erabili zituen».
«Udalari hainbat hobari proposatu dizkiogu oñatiarren aldeko apustua eginda»
Egoera hori izanda, EAJ-PNV udal-taldeak oñatiarren aldeko apustua egin du eta Udalari hainbat hobari proposatu dizkio, hiru helburu nagusirekin: batetik, COVID 19ak erasandako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen arloa sustatzea; bestetik, landa-eremuaren ekarpena eta lana babestea eta saritzea; eta azkenik, jasangarritasuna eta klima-aldaketa saihestea.
Merkataritzaren, ostalaritzaren eta zerbitzuen arloari dagokionean, alderdi jeltzaleak bi hobari eskatu ditu. Batetik eskatu du %75eko hobaria ezartzea Jarduera Ekonomikoen Gaineko Zergaren lehenengo ataleko multzo, talde edo epigrafe hauetako batean sailkatutako jarduerak eraikitzean edo birgaitzean. Eta bestetik, tokiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen arloa sustatzeko helburuarekin, %40ko hobaria izango dute Jarduera Ekonomikoen Gaineko Zergen (JEZ) lehenengo ataleko multzo, talde eta epigrafe hauetakoren batean sailkatutako jarduerek, Sozio-ekonomiako Batzordean adostuak.
Landa-eremuari dagokionez, EAJ-PNVk nahi du bertan bizi diren oñatiarrek egiten duten ahalegina kontuan hartzea: «baserritarrek eta abeltzainek lan handia egiten dute beren egunerokoan; landa-eremuetan erreferente dira». Ildo horretan, EAJ-PNVk eskatu du hauek egiten duten ekarpena eta lana babestea.
Horretarako, % 95eko gehieneko hobaria proposatu du Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko zergan, baserri batean bigarren etxebizitza egiteagatik, gure landa sektorearen eta historiaren ondare direlako. Hobari hori lortu ahal izateko, eskatzailea, zinpeko idatzi baten bitartez, obra bukatzen denetik urtebeteko epean bigarren etxebizitzan norbait erroldatzera konprometitu beharko da, eta ondorengo lau urteetan erroldatze hori mantentzera. Gaur egun %50eko hobaria dago ezarrita: «gogorarazi nahi dugu haiek laguntzen digutela gure belardiak mantentzen».
Ibilgailuen zirkulazioaren gaineko zergari dagokionez, EAJ-PNVk gogorarazi du 2021ekoa 15 euro garestiagoa izan zela zilindrada handiko ibilgailuentzat, eta, hain zuzen ere, baserritarrek horrelako ibilgailuak erabili behar izaten dituztela: «abereak behar bezala artatu ahal izateko erabiltzen dituzten ibilgailuak, nahitaez, lur orotako (todoterreno) ibilgailuak izaten dira».
Azkenik, eta landa-eremuarekin jarraituz, alderdi jeltzaleak hobariak proposatu ditu baso-sailean: «Oñatiko baso-kudeatzaileak dira, zalantzarik gabe, lan gehien egiten dutenak eta Oñatiko atmosferaren deskarbonizazioaz gehien arduratzen direnak. Lerro hauetatik, Oñatiko herritarrei gogorarazi nahi diegu hazkunde azkarreko baso-landaketek, insignis pinuarenak, itsas pinuarenak edo cryptomeriarenak esaterako, eskubidea dutela landatu eta hurrengo hamabost urteetan beren lursailen ekarpena ez ordaintzeko. Eta gauza bera gertatzen da hazkunde moteleko baso-landaketekin ere, orri zabalekoak hain zuzen; hauek bizi-ziklo osoan dute zerga salbuesteko eskubidea, nahiz eta kasu honetan jabe bakoitzak tramitatu behar duen eskaera Foru Aldundian (Udalean ere egin daiteke).
Bestalde, jasangarritasuna jomugan izanda eta klima-aldaketa saihesteko helburuarekin, EAJ-PNVk hobari bat proposatu du berokuntza-instalazio iraunkorretarako: hau da, plaka fotovoltaikoak eta ura berotzeko eguzki-plakak erabiltzen dituztenentzako. Alderdi jeltzaleak proposatu du, alde batetik, obretarako baimenek % 90eko hobaria izatea. Berokuntza-sistemei dagokienez, EAJ-PNVk hobari berberak proposatu ditu Geotermia, Aerotermia eta Biomasaren erabiltzaileentzat: obra-baimenek % 90eko hobaria izatea eta Higiezinen Ogasunen Gaineko Zergan hobaria %50ekoa izatea, 1.500 euroko mugaraino. Trakzio mekanikoko ibilgailuei dagokienez, EAJ-PNVk %75eko hobaria proposatu du motor hibridoa duten ibilgailuentzat, «gaur egun % 50eko hobaria dute elektrizitatearekin eta gasolinarekin, elektrizitatearekin eta dieselarekin edota elektrizitatearekin eta gasarekin zirkulatzen duten ibilgailuek. Hobari hori jasotzeko, fabrikatik homologatuta etorri behar dute». Era berean, % 100ean elektrikoa den motorra duten ibilgailuen hobaria hobetzea proposatu du: «Gaur egun % 75ekoa da, eta guk %95era igotzeko eskatu dugu. Kasu horretan ere, ibilgailuek fabrikatik homologatuta etorri beharko dute».
Hainbat doikuntza, tasetan
Tasei dagokienean ere, EAJ-PNVren proposamena bera da: izoztea, hau da, igoerarik ez izatea. Hori horrela, EAJ-PNVk hainbat doikuntza proposatu dizkio Udalari.
Kirol-Jardueretako tasetan esaterako (igerilekua, pilotalekua, tenis pista…) EAJ-PNV eskatu du tasaren murrizketa jaso ahal izateko adinaren muga handitzea: «joan den urtean eskatu genuen, eta aurten ere eskatu dugu. Egun 21 urtera arteko gazteek jaso dezakete tasaren murrizketa. Gure proposamena da 25era igotzea muga hori, gaur egun atzeratu egin baita gazteen emantzipazio adina, berantiarragoa da».
Azkenik, EAJ-PNVk azaldu nahi du, orohar, ados dagoela Kiroldegiko tasen berrantolaketarekin: «jakina da, azken sei urteetan behin eta berriz eskatu dugula berrantolaketa hori. Eta Kirol Managment-ak berak ere, halaxe aholkatu zion Udalari honek eskatuko txostenean; hain zuen ere, EH Bilduren Udal Gobernuak 2011-2015 legealdian eskatu eta ordaindu zuen txostenean».
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31