Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Ondarbeltz eta Debako zubiaren arteko azken tartea eginda, amaitutzat eman da Mutriku eta Deba lotzen dituen oinezkoen pasealekua
Urazamendiko bidea hobetzeko obren helburua bidearen zati horren segurtasun orokorra hobetzea izan da, oinezkoek galtzadan ibili beharrik izan ez dezaten.Gipuzkoako Foru Aldundiak Mutrikuko Ondarbeltz hondartzaren eta Debako zubiaren arteko oinezkoentzako pasealekua eraikitzeko obrak amaitu ditu. Horrela, jendeak kostaldeko bi herrien arteko sei kilometroak oinez egin ahal izango ditu, galtzadan ibili beharrik izan gabe.
Markel Olano diputatu nagusiak eta Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak, Joseba Palenzuela eta Guillen Garcia Mutrikuko eta Debako alkateek lagunduta, bi udalerrien arteko pasealekua osatzeko falta ziren 500 metro inguru egin dituzte.
"Bide zati horren segurtasun orokorra nabarmen hobetu da, aurreantzean oinezkoek ez baitute galtzadan ibili beharrik izango. Gainera, errepidearen bi ertzen arteko bidegurutzea antolatu eta erregulatu da. Obra hau amaituta, ikaragarri hobetu dugu kostaldeko bi herri horien arteko komunikazioa, eta ez bakarrik ibilgailuentzat, baita oinezkoentzat ere. GI-638 errepidean trafiko handia dago —eguneko batez besteko intentsitatea 6.000 ibilgailukoa da—; izan ere, bi udalerriak lotzeko ia bide bakarra da", azaldu du diputatu nagusiak.
Olanok gehitu duenez, oinezkoen pasealeku hau egiteak "lurralderako ezinbesteko obra bat burutzea dakar lurraldearen orekaren" ikuspuntutik, horrela, Debabarreneko biztanleekin "zor historikoa" kitatzen baita, bereziki Debako eta Mutrikuko bizilagunekin. Gainera, oinezkoen segurtasuna eta aire zabaleko ibilaldi osasuntsuaz gozatzeko aukera areagotuko ditu, bi udalerriak lotzen dituen kostaldeko ingurune eder horretan.
2020ko udaberrian, GI-638 errepidearen hobekuntza eta Ondarbeltz hondartzako aparkalekuaren eta Mutrikuko hirigunearen arteko oinezkoen pasealekua jendearentzako ireki zirenean, jarduketa eremutik kanpo geratu zen orain amaitu den zatia. Horren ondorioz, Deba eta Ondarbeltz arteko pasealekua erabili nahi zuten herritarrek 200 metro inguruko tartea egin behar zuten errepidetik, Urazamendi auzoaren eta Ondarbeltz hondartzaren artean, eta horrek arrisku handiko egoerak eragiten zituen, bai oinezkoak harrapatzeko, bai ibilgailuen artean istripuak izateko.
"Amaitu berri den obra Ondarbeltzeko aparkalekutik ateratzen den espaloian hasi dugu, eta estuarioaren ibilbideari jarraituz harri-lubeta bat eraiki da; bertan, saneamendu hodia sartu, eta gainean oinezkoen pasealekua egin da", adierazi du Oiarbidek. "Debako zubitik hasita, lehen 375 metroetan lehendik zegoen espaloia aprobetxatu dugu. Ondoren, semaforodun pasabide bat jarri da pasealeku berrira sartzeko, eta, handik abiatuta, ibaiaren ertzetik, Ondarbeltzerai iristen da, 460 metroko pasealeku berritik. Horrez gain, ibilbide osoan 20 led argiak jarri ditugu", zehaztu du Bide Azpiegituretako diputatuak.
Oinezkoentzako pasealekua 2 metro zabal da, eta hormigoizko harri-lubetazko eustorma baten gainean eraikita dago. Horma horrek 200 metroko luzera du, eta altuera ia aldaketarik gabea, 3,3 metro da gehienekoa. Horma horretan sartuta, Ondarbeltzeko txiringitoko eta Gure Estalpe finkako hondakin urak biltzen dituen saneamendu kolektorea eraiki da, eta, horrela, erabat desagertu dira Debako itsasadarrera egiten ziren ur beltzen isurketak.
Azken zati honetako obrak 400.000 eurotik gorako aurrekontua izan du, eta gauzatzeko epea 5 hilabetekoa izan da. Aurretik egindako obra nagusiari gehituz, ibilbide osoaren, Deba eta Mutriku arteko GI-638 errepidearen berritzea eta oinezkoen bidearen gauzatzeak, orotara, 10,5 milioi euroko aurrekontua izan du.
Nabarmenak...
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
DONOSTIA
2024/10/28
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31