Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2021/09/28

Gipuzkoa etorkizunera begira kokatu du Markel Olanok

Maria Eugenia Arrizabalaga: “Gaur, Foru Gobernu indartsu bat ikusi dugu, ideiak argi dituena. Herritarrei konfiantza eta segurtasuna eskaintzen dien foru gobernua, argi duelako Gipuzkoa nora eta nola bideratu, politika sozial, fiskal eta ekonomikoaren arloan"
Gipuzkoa etorkizunera begira kokatu du Markel Olanok

“Markel Olano diputatu nagusiak gaur emandako hitzaldiak gobernu-ekintza osoari heltzen dio, eta foru-gobernuaren erantzuna da bere gobernu-ekintza gizarte-politikak bermatu eta indartzeko, berreskuratzetik lurraldearen aktibazio ekonomikora igarotzeko, kalitatezko enplegua berreskuratu eta sortzen jarraitzeko eta desberdintasun sozialaren aurka borrokatzeko”, adierazi du Gipuzkoako Batzar Nagusietan EAJ-PNV bozeramaile, Maria Eugenia Arrizabalagak, Markel Olano Diputatu Nagusiak politika orokorrari buruzko urteko adierazpenaren ostean. “Gaur, Markel Olano Diputatu Nagusia buru duen Foru Gobernu indartsu bat ikusi dugu, ideiak argi dituena. Herritarrei konfiantza eta segurtasuna eskaintzen dien foru gobernua – nabarmendu du – argi duelako Gipuzkoa nora eta nola bideratu, politika sozial, fiskal eta ekonomikoaren arloan. Etorkizunera begira, ekonomia lehiakorragoa eta gizarte kohesionatuagoa izan dezagun”.

“Pandemiaren larrialdia ez zegoen foru agendan ez inoren agendatan – jarraitu du Arrizabalagak –. Ustekabean harrapatu gintuen, baina prestatuta ere bai. Izan ere, pandemiak agerian utzi du gure zerbitzu publikoen sendotasuna, gure erakundeek, Euskadin eta Gipuzkoan, kalitatezko zerbitzu publikoen alde etengabe egin duten eta egiten ari diren apustua. Eta era berean argi erakutsi digu, herritarrentzako zerbitzu publikoak zaindu eta indartzeko beharra ere”.

Jarraian, Gizarte politiken atalean, Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunek egindako lan bikaina azpimarratu du bozeramaile abertzaleak. “Egoiliarrek eta senitartekoek egindako ahalegina nabarmendu, eta egoitzetako arduradun eta langileek, Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunekin batera pandemiak eragindako larrialdi-egoerari aurre egiteko egindako lan bikaina eskertu nahi dut. Pandemiaren hasieratik bertatik egindako koordinazio-lanari esker, langileek beren egunerokotasunean erakutsi duten profesionaltasunari esker, Osakidetzarekin bat egin den elkarlanari esker eta neurri egokiak hartzeko unean asmatu izanari, konfinamendua edo eraikinen sektorizazioari esker, egoerari aurre egin ahal izan diogu”.

Oposizioko batzarkide taldeei dagokienez Arrizabalagak adierazi du: “deigarria da oposizioko taldeen jarrera, foru-gobernua higatzen saiatzeaz kezkatuago, proposamen eraikitzaileak aurkezteaz baino.  Deigarria da EH Bilduri zein zaila egiten zaion errealitatearekin konprometitzea: betiko gaiekin datorkigu gaurkoan ere: fikziozko politika fiskala edota egoeraren ikuspegi katastrofista. Egungo egoeran, eraginkorrak eta erabakigarriak izan behar dugu. Zorroztasunik gabeko proposamenen bidez titular deigarrien bilaketa alde batera uzteko unea da. Izan ere, errealitatea ez da parke tematiko bat, EH Bilduk gobernatzen duen herrietan irudikatzen duen parke tematikoa. Interes orokorrean pentsatzeko garaia da, guztiok batera lan egiteko unea Batzar Nagusi hauetan, Udaletan eta lurraldeko gainerako erakundeetan, Gipuzkoak etorkizunari begira dituen erronkei aurre egin ahal izateko”.  

Amaitzeko, EAJ-PNV bozeramaile, Maria Eugenia Arrizabalagak, pandemiak agerian utzitako beste alderdia da: “pandemia honetan ere, Gipuzkoan, ikusi dugu euskal autogobernua behar-beharrezkoa dugula, geuk erabakitzea dela gakoa, Madrilen menpe ibili gabe.  Eta ados gaude Markel Olanok zentralizazioa salatu izanarekin: nahikoa da – azpimarratu du –. Horregatik, Eusko Abertzaleak batzarkide taldeak, Euskal Herriaren eskubide historikoen erabilera aldarrikatzen dugu berriz ere, bere autogobernuaren adierazpen instituzional gisa, modu libre eta demokratikoan adierazitako erabakitzeko eskubidearen bidez gauzatzen dena, Estatuarekin hitzartutako ekitaldiaren bidez”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube