Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2021/09/28

Ekonomia eta gizarte susperraldia pertsona ororengana iritsi dadin, azeleragailua zapaltzeko momentua da

Pandemiaren hilabete latzenak gainditzen ari garen honetan, gizarte zerbitzuak indartzea eta “etorkizuneko lehiakortasuna eta kohesioa” bermatzeko proiektuak garatzea izango dira Markel Olano diputatu nagusiaren lehentasun nagusiak
Ekonomia eta gizarte susperraldia pertsona ororengana iritsi dadin, azeleragailua zapaltzeko momentua da

Pandemiak utzitako hilabete “ilunenak” gainditu eta “normaltasunera bidean” garen honetan, ekonomia eta gizarte susperraldia are eta gehiago indartu eta “pertsona zein sektore ororengana” iritsi dadin, “azeleragailua zapaltzeko momentua” dela adierazi du Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, eta horretarako Foru Aldundiak eskura dituen tresnak eta inbertsioak baliatuko dituela iragarri du. “Berreskuratzetik aktibaziora pasa behar dugu eta, epe luzera begira, gure ekonomiaren lehiakortasuna sostengatuko duten oinarriak sendotu behar ditugu”, gehitu du, eta helburu hori lortzeko Etorkizuna Eraikizeko proiektu estrategikoetan inbertsio berriak iragarri ditu.

Gipuzkoako Batzar Nagusietan gaur egiten ari diren politika orokorreko osoko bilkuran egin ditu adierazpen hauek diputatu nagusiak, zeinek gogoratu duen azken hilabete hauetan foru gobernuaren helburu nagusia izan dela “birusaren aurrean ahulenak” babestea, adineko pertsonak, alegia, nahiz “pandemiaren ondorio ekonomiko eta sozial kaltegarriak” jasaten ari diren horiei sostengua ematea. “Azkeneko krisialdian lortu genuen desberdintasun sozialek gora ez egitea, oraingo honetan ere horixe bera dugu jomugan”, aipatu du.

68 milioi MUBIL, Naturklima eta Adinberrirako

Etorkizunean ere “ekonomia lehiakorra eta gizarte kohesionatua” izan dezagun, datorren urtebete honetan “indar betez” proiektu estrategikoetan eragingo duela iragarri du Olanok. Hala, azken bi urte hauetan ZIUR (zibersegurtasun industriala), LABE (gastronomia digitala), 2deo (ikus-entzunezkoak) eta Arantzazulab (gizarte berrikuntza) zentroak martxan jarri ostean, 68 milioitik gorako inbertsioa iragarri du lau egitasmo nagusi hauetan: MUBIL Mugikortasun Berriko Zentroaren behin betiko egoitzan, Naturklimaren (aldaketa klimatikoa) eta Adinberriren (zahartze osasuntsua) eraikuntzan eta Badalab Hizkuntza eta Gizarte Berrikuntzarako Laborategian. Hain zuzen ere, aurreikusi duenez, MUBILen lehen harria datorren urte hasieran jarriko da eta Adinberri zentroren eraikuntza, berriz, Pasaiako Trintxerpe auzoan hasiko da 2022an, baita ere.

Azken horiei, gainera, beste bi proiektu estrategiko gehitu dizkie diputatu nagusiak. Lehenak, Quantum-ek, Gipuzkoa teknologia kuantikoaren alorrean “erreferente” bilakatzea du helburu eta aurreikusi duenez, egitasmo “aitzindari” honek 12 enpresa berri, zuzeneko 500 lanpostu eta zeharkako beste 2.000 sortzeko potentziala izan dezake. Bigarren proiektuak Gantt izena du eta lurraldea biozentzien eremuan posizionatzeko sustatu da, “terapia aurreratuetan oinarritutako tratamendu berritzaileak” ahalbidetuz, gurean Viralgen eta VIVEbiotech bezalako enpresen presentzia probestuz. Nazioarteko enpresa proiektu eta inbertsio funts espezializatuak erakarri nahi dira Gipuzkoara, “industria ekosistema aurreratu bat”  osatuko duten bederatzi enpresa eskalatuz, besteak beste.

 “Horrela, mekanika kuantikoaren eta biozientzien alorrean puntako bi polo sustatuko ditugu; puntako bi sektore hauetan Gipuzkoa mundu mailan kokatzea lortuz, ehunka lanpostu sortuz eta unibertsitateetan prestatzen ari diren gazteek bertan lana izateko aukera eskainiz”, azpimarratu du lurraldeko ordezkari nagusiak.

Alor ekonomikoan, Olanok gehitu duenez, 2021eko apirilean Ekonomia Indartuz plana abiarazi ostean –95 miloi diru-laguntzetan, neurri fiskaletan eta inbertsioetan–, etorkizunera begirako lau lehentasun ezarriko ditu Foru Aldundiak, lurraldeak “berezkoa duen eredu industriala eta sozioekonomikoa” indartzeko “erabakigarriak”. Lehenik, enpresen eraldatze digitala bizkortzea; bigarrenik, gerora begira ere “kalitatezko enpleguen” sorrera bermatzea; hirugarrenik, espezializazio adimendunaren eskutik Gipuzkoa “berritzaileago eta inteligenteago” baten aldeko apustuan sakontzea; eta, azkenik, ekonomia ehunaren errotzeari eusteko gipuzkoarren “talentua eta lidergoa” aktibatzea.

Honi guztiari, gainera, Elkar Ekin Lanean egitasmoa gehitu behar zaio, bazterkeria arriskuan edo egoeran dauden herritarren gizarteratzea eta lan munduan txertatzea helburu duen estrategia, alegia. 38.000 pertsona horiei “enplegu duina eta inklusiboa” eskaintzea du xede, diputatu nagusiak xehetu duenez, eta horretarako erakunde, enpresa eta gizartegintzako elkarteen “lankidetza sistema trinkotzea” ekarri du. “Ez dugu politikaren irakurketa hutsa egiten. Ekintzara eta eraldaketara bideratua dago gure kudeaketa. Hori horrela, Elkar Ekin tresna oso baliagarria izan liteke migrazioaren gaia lantzeko garaian, atzerritik gurera bizitzera datozenen errealitateari erantzuteko balioko du eta”, aipatu du Olanok, zeinek adierazi duen 2021tik 2023ra 36,6 miloi bideratuko dituela Aldundiak ekimen honetara.

Neurri horien guztien bidez, epe ertainera eta luzera begira Gipuzkoan “eraldaketa digitala, berdea eta soziala” gauzatzeko estrategia abiarazi du Foru Aldundiak. “Azken hamarkadetako ahaleginari esker, azpiegitura sare garrantzitsua daukagu ezagutzan, teknologian eta ikerketan. Horrek ongi kokatzen gaitu Europatik iragarri diren Next Generation funts ezagunak lortzeko garaian. Itxaropentsu gaude”, gaineratu du.

“Epe luzeko zaintzak”

Etorkizunera begira gizarte politikak indartzeko, berriz, diputatu nagusiak gogorarazi du Aldundiak COVID-19 ondorengo agertokia diseinatzeko 2020>2030 Agenda jarri duela martxan, testuinguru honetan gizarte zerbitzuak “indartu” eta “lurralde osorako bide orria” markatu asmoz. Lan horren fruitua, hasteko, datozen bi urteetarako ekintza plan bat da, 10 ardatz estrategiko, 37 jarduera eta 65 ekintza zehatz jasotzen dituena.

“Ahalegin berezia egiten ari gara epe luzeko zaintzen inguruan urrats kualitatibo sendo bat emateko, osasun arloarekin, hirugarren sektorearekin eta komunitatearekin elkarlanean”, aurreratu du. Horren lekuko, lurraldeko hainbat herritan garatzen ari diren “zaintza ekosistema lokalak” eta “etxeko zaintza indartzeko” Etxean Bizi bezalako ekimenak. Gainera, nabarmendu duenez, egoitza eredu berriak “garatzen jarraituko dugu, gure zaharrak “etxean ez bada, etxean bezala bizi ahal izan daitezen”. “Horretarako, elkarbizitza unitate txikiagoak sortuko ditugu, 12-18 pertsonakoak. Logika horrekin, egoitzek etxe-giroa eta etxeko goxotasuna izatea bultzatzen da”, esan du.

“Lan horretan, ezinbestekoa dugu lotura komunitarioak indartzea, komunitatea epe luzeko zaintzekin lotzea. Azken batean, Gipuzkoako eredu propioa lantzea eta sendotzea da helburua, gure lurraldea zaintzaren abangoardian kokatzeko. Hirugarren sektorearekin elkarlana sustatzea, komunitatea indartzea. Boluntariotza bultzatu eta gizartea ahalduntzeko saiakera berezia egingo dugu”, esan du.

Dela etorkizuneko gizarte politiketan sakontzeko, dela ekonomiaren eraldatzea gauzatzeko, diputatu nagusiak “funtsezko” elementutzat jo du “gobernantza kolaboratiboa”. “Globalizazioak egitura politikoen eraldaketarako gaitasuna nabarmen mugatu du. Herri baten edo komunitate politiko baten garapena beste egitura batzuetara eta, baita ere, eragile ekonomiko eta sozial ugaritara baldintzaturik ageri da. Egoera honek iraganean ezagutu ditugun gobernantza baldintzak gainditzera garamatza, legitimitate demokratikoan sakontzeko eta eraldaketarako gaitasuna irabazteko herri politiketan”, gogoeta egin du.

Diputatu nagusiaren iritziz, pandemiaren ondorioek “berretsi” dute Etorkizuna Eraikizen aldeko apustua “egokia” izan zela, “egunetik haratago begiratu” eta “erantzun kolektiboko prozesuak” ahalbidetu dituelako, “lurraldearen erronkei eraginkortasunez erantzun ahal izateko”. Hori horrela, Olanok nabarmendu nahi izan du programa honetako hainbat espazioren bitartez egindako ekarpena: Think Tankaren lau eztabaida taldeak, Gipuzkoa Deep Demonstration, Udal Etorkizuna Eraikiz –eratu berria–, Mahai Politikoa eta Arantzazulab, kasu.

Samina eta elkartasuna

Hain zuzen ere, diputatu nagusiak gogoeta egin duenez, lankidetzak berebiziko garrantzia izan du pandemiari aurre egiteko garaian. “Lehentasuna larrialdi egoerari aurre egitea izan da, helburu argi batekin: bizitzak eta enpleguak salbatzea” eta, bere esanetan, Gipuzkoak “elkarlanari esker” eutsi ahal izan dio “garai ilun honi”. “Bai alor sozialean, bai ekonomikoan. Hori da Gipuzkoaren eredua, lankidetzazko gobernantzan oinarritzen dena eta pandemia honi indarrez erantzutea ahalbidetu diguna”, adierazi du.

Horren lekuko, hirugarren sektorearekin elkarlanean osatutako “sare sendoak” egindako lana azpimarratu du. “Guztiaren oinarrian helburu nagusi bat egon da: birusaren aurrean ahulenak zirenak babestea, adineko pertsonak, alegia”, azaldu du eta adibide gisa aipatu ditu DYA Gipuzkoarekin elkarlanean zaharren egoitzetan egindako 120.000tik gorako PCR prebentiboak, COVID-19 gaixoentzako erreferentziazko zentroak, eta gizarte zerbitzuetako Txoke Planean jasotako ehundik gora neurri. “Hala eta guztiz ere, txertoa iritsi arte, pandemiak sekulako eragina izan du egoitzetan. Guztiok dauzkagu gertuko senideak, lagunak, gaizki pasa dutenak, gurekin ez daudenak. Gure samin eta babes osoa adierazi nahi diet berriro hemendik”, gehitu du, zaharren egoitzetan hildako 340 lagunak gogoan.

Olanok, amaitzeko, hilabete hauetan guztietan LABI batzordeak egindako lana goraipatu du, zeinetan pandemiari aurre egiteko beharrezko neurriak hartu diren, adituen gomendioei jarraituz. Azken hilabeteetan indartzen joan diren “jarrera berekoi eta negazionisten aurrean”, “ezagutza zientifikoaren” balio aldarrikatu du eta, demokraziak bizi duen “eraldatze prozesu izugarriaren aurrean”, belaunaldi gazteei “kultura demokratikoan sakontzen laguntzeko” beharraz mintzatu da. “Euskal herritarrak eta, batez ere, belaunaldi berriak, izan daitezen demokrazian sakonki sinesten dutenak, gaitasun kritikoa dutenak, komunitatean parte hartzen dutenak eta tentazio totalitarioetatik ihes egiten dutenak”, planteatu du.

Estatus politiko berri baten beharra

Amaitzeko, euskal autogobernu sistemaren garrantzia azpimarratu du diputatu nagusiak, gure “erakunde sistema defendatu eta haren balioa nabarmendu asmoz”. Gogorarazi duenez, Gernikako Autonomia Estatutuak gure herriaren eskubide historikoak eguneratu zituen eta horrek, oztopo eta estrategia zentralistez gaindi, “bizi kalitate maila handia” ekarri dio euskal gizarteari. “Euskal autogobernuaren legitimitatea defendatzen jarraitu behar dugu, beharrezko akordioak bilatuz, baina euskal gizarteak bere etorkizuna erabakitzeko duen borondateari uko egin gabe”, azpimarratu du, eta Euskadik “bere borondate demokratikoa gauzatzeko eta bere izaera nazionala errespetatua izateko bide propioa landu” behar duela nabarmendu du.

“Euskal Herriaren etorkizuna eraikitzeko eraldaketa tresnak bermatu behar ditugu. Espainiako gobernuak pandemiaren eta Europako funtsen kudeaketa ikuspegi birzentralizatzaile batekin enfokatu ditu eta horrek oraindik ere gehiago areagotu du estatus politiko berri baten beharra”, iradoki du.

Amaitzeko, diputatu nagusiak “eskua luzatu” die batzarkide taldeei, “etorkizunera begira ditugun erronkei” elkarlanetik heltzeko. “Pandemia atzean uzten ari garen honetan, azeleragailua zapaldu behar dugu hiru arlotan: gizarte-politikak, ekonomia eta enplegua, eta klima-aldaketari aurre egiteko estrategia. Inoiz baino indartsuago. Elkarlanean. Susperraldia ahalik eta lasterren iritsi dadin pertsona guztiengana eta ekonomia eta gizarte sare guztira. Gipuzkoak badu etorkizuna, eta hori elkarrekin eraikitzera animatzen zaituztet”, gonbita luzatu du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube