Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2021/09/13

Etorkizuna Eraikizek 17 proiektu herritar berri babestu ditu aurten, Gipuzkoaren “komunitate izaera” indartzeko

2016tik hona 125 egitasmo esperimental sustatu ditu Aldundiak deialdi honen bidez; 2021ko ekimenek lankidetzazko gobernantza, garapen komunitarioa, gazteen partaidetza eta belaunaldi arteko elkarlana jorratuko dituzt
Etorkizuna Eraikizek 17 proiektu herritar berri babestu ditu aurten, Gipuzkoaren “komunitate izaera” indartzeko

Etorkizuna Eraikiz egitasmoko Gipuzkoa Taldean programaren babespean, 17 proiektu herritar esperimental abiaraziko dituzte aurten lurraldeko hainbat elkarte, enpresa eta eragilek, guztira 590.000 euroko diru laguntzarekin. Gipuzkoarron “izaera komunitarioan” sakontzeko ekimenak izango dira, guztiak ere, eta lau esparru zehatzetan dinamika berriak eta berritzaileak sortzea izango dute helburu: lankidetzazko gobernantza, garapen komunitarioa, gazteen partaidetza eta belaunaldi arteko lankidetza.

Guztiok elkarrekin Gipuzkoako gizarteak etorkizunean izango dituen erronkak hautematea eta horiei aurre egiteko modua diseinatzea, askotariko eragileekin lankidetzan eta esperimentazioan oinarrituta. Horixe da, finean, Etorkizuna Eraikiz foru programaren xedea. Helburu hori lortzeko bidean abian jarritako lan lerroen artean kokatzen da 2016tik, besteak beste, herritarren proiektuak garatzeko diru-laguntza deialdia. Aurtengo edizio honekin, guztira 125 egitasmo esperimental sustatu ditu foru erakundeak urte hauetan guztietan.

“Dagoeneko gure gizartea eta lurraldea eraldatzen ari diren ekimenak dira. Guztiok nahi dugun etorkizuneko Gipuzkoa, lehiakorra, solidarioa eta berdea irudikatzeko eraikitzeko lanean bidegile dira. Etorkizunaren aitzindariak, alegia”, adierazi du gaur goizean Markel Olano diputatu nagusiak, aurten diruz lagundutako 17 proiektuetako arduradunekin egindako lan jardunaldian. Egitasmo horien guztien berri izan eta ekinbideak partekatu asmoz antolatu du gaurko bilera Foru Aldundiak, Etorkizuna Eraikiz Gunean.

Diputatu nagusiaren iritziz, azken hilabeteotan, pandemiaren ondorioei aurre egiteko garaian “berebiziko garrantzia” izan du “lankidetzan jarduteak”. Erakunde, ekonomia eta gizarteko eragile eta herritar, arazo konplexuei irtenbideak bilatu ahal izateko. “Lankidetza eremuak, baina, ez dira bat-batean sortzen. Urtetako saretze lan bat eskatzen dute. Gizarte ehun aberats hori sendotzen jarraitu nahi dugu, gipuzkoarrok berezko dugun lankidetzarako sena sustatzen, ikuspegi berritzaile batetik, beti ere”, gogoeta egin du Olanok. Azken batean, herritarren proiektuek “lankidetzaren, erantzunkidetasunaren, gizarte inplikazioaren eta talde lanaren kultura” sendotzen dute, diputatu nagusiaren iritziz.

Aurrera begira Gipuzkoak dituen desafio “sakonen eta konplexuen” aurrean, “izaera komunitario” hori “ezinbestekoa” izango da, Olanok iradoki duenez. “Gure ekonomiaren lehiakortasunari eutsi nahi badiogu, gizarte desberdintasunak mugatu eta ahulenak babestu, klima aldaketari eraginkortasunez aurre egin, batetik, behar dugu gizarte aktibo eta konprometitu bat. Bestetik, berrikuntza eta elkarlana sustatzen duten dinamika eta espazioak”, nabarmendu du. Horregatik, Etorkizuna Eraikizen eta, bere baitan, herritarren proiektuen aldeko apustua berretsi du diputatu nagusiak.

Diputatu nagusiak gogorarazi duenez, “lankidetza eta esperimentazioa” dira Etorkizuna Eraikizen zutabe nagusiak, “guztion artean etorkizuneko Gipuzkoa eraiki” ahal izateko. “Bi oinarri horiek baliatzeak berebiziko garrantzia izango du COVID-19aren krisialdia gainditzeko garaian. Pandemiaren eraginez gure munduaren eraldatzea bizkortu egin da eta, lurraldeko ekonomia eta ongizatea jokoan dauden honetan, garrantzia berezia du gisa honetako proiektuak laguntzen jarraitzeak. Epe ertainera begira, ziur nago egitasmo hauek bere ekarpena egingo diotela gure gizartearen kohesioari”, azpimarratu du.

125 proiektu esperimental azken 6 urteotan

Guztira, 60 proiektu aurkeztu dira 2021ko diru-laguntza ekitaldira, eta hauetatik esandako 17ak onartu dira. Diru laguntza deialdi hau 2016 urtean jarri zen martxan eta, aurtengo edizioarekin, dagoeneko 125 proiektu finantzatu dira, hiru milioi eta erdi eurotik gorako inbertsioaren bitartez eta 200 eragile baino gehiago inplikatuz. Aurtengo deialdian honakoak izan dira lehentasun gisa identifikatutako lanerako alorrak: gobernantza publiko kooperatiborako eredu berriekin lotura duten proiektuak; lurraldeko garapen komunitarioko ekimenak, nahiz natura eta landa ingurunea ezagutzera eta balioestera zuzendutakoak; gazteen parte-hartzeari zuzendutako proiektuak eta belaunaldien arteko lankidetza proiektuak.

Berritasun gisa, deialdi honen babesa jaso dute egitasmoei jarraipena egingo die ArantzazuLAB gizarte berrikuntzako laborategiak.

Gaurko jardunaldira bertaratu diren hedabideek 17 proiektuetatik hiruren berri zuzenean edukitzeko aukera izan dute. Horrela, Lotura Giza Garapena kooperatibako ordezkariak, Nadia Fabok, Gaztelabs: gazteen partaidetza sozialerako laborategiak egitasmoa aurkeztu du. UPV/EHUko Donostiako campusarekin elkarlanean, inkubagailu esperimental bat sortuko dute, gazteen espiritu parte-hartzailea, ekintzailea, motibatzailea eta sortzailea piztu asmoz. Horretarako, gizarte-erronka desberdinei irtenbideak proposatzeko metodologiak eta tresnak ikastera bultzatuko dituzte ikasleei, ideiei forma emanez gizarte-berrikuntzaren balioarekin.

Food Hack Lab-eko Andoni Munduatek, berriz, Lurlab proiektua aurkeztu du, zeinek bultzatu nahi duen landa eremuko makerspace edo laborategi digital ireki bat. Horrela, landa-jardueretan teknologia berrien erabilera bultzatzea du jomugan egitasmo honek, landa-inguruneko biztanleak fabrikazio digitaleko tresna eta tekniketan heziz, bertako jardueren produktibitatea haziz eta agro-food sektorean, 4.0 industriari dagozkion praktikak abian jarriz. Gainera, talentu gaztea landa-ingurunera atxikitzeaz edo erakartzeaz gain, teknologia berrien erabilera ingurumenaren zaintzarako erabiltzea sustatuko du. Ataunen izango du abiapuntua Lurlabek, Ataungo Udalaren parte hartzearekin.

Aztiker kooperatibako Susana Martinezek, berriz, Gipuzkoan Herri kontseilu edo behatokiak martxan jartzeko baliabideak lantzeko proiektua aurkeztuko du. Ikerketa zientifikoan eta proiektu pilotuen inplementazioan oinarrituta, euskarri eta baliabide guztiak webgune batean eskuragarri jarriko dituzte herri eta hiri guztietarako.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube