Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Euskal Herri osoko udal ordezkariak bildu gara Bergaran, munduari herri bat garela eta herri hau biziberritu nahi dugula esateko
Duela 45 urte Alkateen Mugimenduak deituta, 70 Udal batzartu ziren Bergarako udaletxean eta Bergarako kaleak leporaino bete ziren milaka euskaldunekin. Gaur, mendeurren egunetik 45 urte geroago, Euskal Herriko txoko ezberdinetatik etorritako alkate eta hautetsiek elkartu dira Bergaran eta adierazpen bat irakurri dute.Argazkiak...
Besteak beste, Donostiako Eneko Goia, Zarauzko Xabier Txurruka, Tolosako Olatz Peon, Arrasateko Maria Ubarretxena, Leioako Iban Rodriguez, Altsasuko Jabier Ollo, Amurrioko Txema Molinuevo eta Urruñako Jean Etchegaray izan dira EAJ-PNVren ordezkaritzaren buru.
Maria Ubarretxena Arrasateko alkatea eta Patxi Basauri Elgetako alkate ohia, 1976ko bilerako protagonistetako bat, parte hartu dute hizlari gisa.
ADIERAZPENA
Duela 45 urte, 1976ko uztailaren 21ean, Alkateen Mugimenduak deituta, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroaren izenean, 70 Udal batzartu ziren udaletxe honetan eta Bergarako kaleak leporaino bete ziren milaka euskaldunekin.
Foruen 1876ko deuseztapena, 1839koaren ondorengoa, oroitzen zen egun hartan. Foruak indargabetu zituzten legeak, gerren eta indarrezko ekintzen ondorioa besterik ez, azken finean.
Ordu hartan Bergaran izan ziren alkateek eta zinegotziek aitortu zuten ez zitzaiela samurra gertatu herriaren nahia eta erabakia ulertu eta argitara ematean beren gain hartu zuten erantzukizuna betetzea; hala ere, haiek uste zuten heldu zela garaia argi eta garbi adierazteko herriaren eskubide politikoak iraungiezinak eta ukaezinak direla. Auziaren benetako funtsa ez baitzegoen foraltasun zaharrean, eskubide historiko horiek eguneratzean baizik, foruek adierazten zituzten subiranotasun-eremuak euskal nazio ikuspegitik gaur egunera eta etorkizunera proiektatzean, alegia.
Orain 45 urte “jende arruntaren kezken arabera ezartzen ziren lehentasunak, izan ere herritar soila bazen nor, bazenez, eta beraren irizpideaz idatzi dira geure izatearekin bat datozen erakunde demokratikoak hezurmamitzeko bidea ireki duten legeak, amnistia, integrazioa, euskara hizkuntza ofizialtzat aitortzea, Nafarroa, Lizarrakoaren antzeko Autonomia Estatutua, hau abiapuntutzat hartuz foruak erabat itzuli arte”.
45 urte ondoren, gure herria beste bidegurutze batean dago eta Euskal Herri osoko udal ordezkariak bildu gara Bergaran, munduari herri bat garela eta herri hau biziberritu nahi dugula esateko. Iazko otsailean izurrite ezezagun bat zabaldu zen gure artean, eta gure bizitza goitik behera nahastu zuen maila guztietan. Denok aldatu behar izan ditugu gure asmo, proiektu eta elkarren arteko harremanak, bakoitzarenak eta kolektiboak ez ezik baita erakunde mailakoak ere, birusaren aurkako borroka lehenesteko. Zaila izan da, zauri larriak utzi ditu Covid-19ak gure bizitza pertsonalean eta komunitarioan. Guztien artean larriena, zalantzarik gabe, birusaren ondorioz bizia galdu duten herritarren galera izan da. Hemendik, gaixotasun honen ondorioz utzi gaituzten milaka euskaldunak gogoratu nahi ditugu.
Orduan bezala, bizi dugun egoera honetan ere, desafio berriei heldu beharrean aurkitzen gara, eta argi aldarrikatu nahi dugu, etorkizuneko gizarte erronkei erantzun baikor bat eman ahal izateko, euskal herritarren ahotsak bere lekua behar duela, hitzaren eta erabakiaren jabe behar dugula izan.
Estrategikoki zuzenak diren erabakiak hartzen ez baditugu, gizarte-desberdintasunak, era guztietako arrakalak eta noraez politikoaren arriskua areagotu egingo dira osasun, ekonomia eta gizarte krisiaren eraginez.
Oso garrantzitsua da une hau hartu behar ditugun erabakietan asmatzeko. Erantzunkidetasun politiko eta sozialaren garaia da. Gure herria eta bere jendea aurrera ateratzeko ordua, garapen ekonomikoa, gizarte justizia eta subiranotasun politikoa oinarritzat hartuta.
Orain, mundu zabalaren aurrean, gure herria, Euskal Herria, zutik eta bizirik dagoela aldarrikatu nahi dugu. Bere eskubide politikoen jabe den herria dela gurea eta, hortaz bere etorkizuna erabakitzearena. Ozen adierazten dugu herri irekia eta aurreratua garela eta egungo munduak ekarri dizkigun mehatxuei aurre egiteko prest gaudela. Entzun nahi digun orori azaltzen diogu zer nolako gaitasuna duen Euskal Herriak aurrez-aurre jartzen zaizkion erronka zailenak gainditzeko. Eta, aldarri hutsetatik haratago, herri modura antolatzeko gure asmoa berresten dugu, gutako bakoitzaren gaitasun indibiduala eta gaitasun kolektiboa batuz, herritar guztiei bizi-proiektu duin eta kalitatezkoa bermatzeko beharrezkoak diren tresnak eskuratuz, pertsonak zainduz eta zerbitzu publiko sendoei eutsiz. Orain, munduari esaten diogu herri hau, Euskal Herria, bizi dela eta biziko dela, hori baita gure herriaren gehiengo handi baten nahia.
Orain 45 urte Bergarara deitu gintuztenek igarri zioten herriak zer sentitzen eta zer behar zuen, eta hala, foruak indargabetzeak esan nahi zuen askatasun-deuseztapena oroitzeaz gainera, urratu beharreko bidea zein zen erakutsi zuten konpromiso politikoari eta sozialari helduz.
Jose Luis Elkoro, Imanol Murua, Jose Antonio Altuna, Iñaki Aristizabal, Prudentxio Larrañaga, Jose Mari Kortabarria, Juan Inazio Uria, Jabier Errazti, Luis Arkauz, Pablo Gorostiaga, Patxi Basauri, Inazio Iruin eta beste hainbat izan ziren Udalei eta euskal herritarrei dei egiteko erantzukizuna hartu zutenak, oroitzapen-egun bat ospatzetik ekiteko konpromisora igarotzeko eta mezu bat lau haizetara zabaltzeko: Euskal Herria bazela, izateko eskubidea zuela eta, bidegabekeria eta eramanezinetatik libre, gainerako Herriekin harremanean etorkizuneko bere helmuga non egongo den erabakitzeko eskubidea zeukala.
Adierazpen hura indarrean dago eta gaur, 45 urteren buruan, guri dagokigu aurrera jotzea gure Herriaren askatasunerantz.
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31