Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
“Ekarpen Legearen akordioak sendotasuna eta egonkortasuna dakartza Gipuzkoarentzat”
Diputatu nagusiak nabarmendu du lege berriarekin lurraldearen interesak hobeto babestuta daudela, eta akordioak lortzeko gaitasuna aldarrikatu duMarkel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak pasa den astean, Herri-dirubideen Euskal Kontseiluan lortutako akordioaren irakurketa positiboa egin du. Orduan, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru maila instituzionalek (Jaurlaritza, aldundiak eta udalak) 2012 urtetik luzatuta zegoen Ekarpen Legea berritzeko adostasuna erdietsi zuten. Olanok esan duenez, akordio honek “sendotasuna eta egonkortasuna” emango dizkio bai Gipuzkoari zein erkidegoari bere osotasunean, pandemia eta honen ondorioei aurre egiteko ahaleginean ezinbestekoak izango direnak. “Gipuzkoa indartuta ateratzen da, gure interesak hobeto babestuta daude lege berriarekin”, adierazi du.
Diputatu nagusia Gipuzkoako Batzar Nagusietan agertu da gaur goizean, erakunde honen Batzorde Iraunkorrean, pasa den astean lortutako akordioaren xehetasunak batzarkide taldeekin partekatzeko. Berekin izan da Jokin Perona, Ogasun eta Finantzetako foru diputatua. Ekarpen Legea euskal sistema instituzionalaren oinarrietako bat da, honek ezartzen baitu itunduetako zergak nola banatzen diren erkidegoko maila ezberdinen artean: Eusko Jaurlaritza, hiru lurralde historikoetako aldundiak eta udalerriak.
Olanoren ustetan, akordioak sendotasuna eta egonkortasuna adierazten ditu. “Sendotasuna, zeren eta testuinguru zail batean, desadostasunak daudenean, akordioetara iristeko gaitasunean datza ezaugarri hau”. Bere ustetan, sendotasuna ez da enfrentamendu hutsala edo emaitzarik ematen ez duten eztabaidetan katramilatzea, baizik eta akordioetara iristeko gaitasunarekin erakusten da. “Kasu honetan, baldintzak genituen horretarako, gehiengoak lau legebiltzarretan, eta hori baliatu dugu akordioa erdiesteko. Arazoak egon egon dira, teknikoak zein politikoak, baina malgutasuna egon da guztion partetik eta alde guztiek erakutsi dute zailtasunak gainditzeko gaitasuna. Ardura bat geneukan, eta adostasunera heldu gara”, nabarmendu du.
Egonkortasunaren kasuan, diputatu nagusiak azpimarratu du egun dagoen testuinguruan ezinbestekoa dela. “Sistema politikoa krisian dagonean, gizarteari eragiten dio; eta orain, pandemia erdian, erakundeen arteko liskarrak kalte handia egiten du”, esan du. Honen aurrean, azaldu du euskal erakundeek “ahalmena” izan dutela akordioetara iritsi eta gizarteari egonkortasuna emateko. “ Hurrengo hilabeteak oso garrantzitsuak dira, ekonomia eta gizartea indartzeko, pandemia guztiz gainditzeko. Eta horretarako egonkortasuna behar dugu erakundeen partetik. Ekarpen Legearen auziak arazoak sortzen zituen lurraldeen artean, gure herriak merezi ez dituenak, eta, orain, akordio honekin, auzi hori gainditzen da”, azaldu du.
Akordioaren edukiari erreparatuta, lau neurri nagusi dituela gogoratu du: koefiziente bertikala igo egiten da, %70,04etik %70,81era, baina argituz honek ez duela esan nahi Jaurlaritzak baliabide gehiago jasoko duenik. “Alde batetik, egiten dena da koefizientean integratu Estatuak Euskadiri azken urteetan egin dizkion transferentziak. Eta, bestetik, Gizarte Politikako Funtsa eta euskara sustatzeko politikak ere hemen txertatzen dira”, azaldu du. Ondorioz, “lehen zegoena ordenatzen da”. Koefiziente horizontalak, bestalde, bere horretan mantentzen dira.
Hirugarren neurriak Egokitzapenerako Funts Orokorrari eragiten dio, eta 2019ko otsailean Herri-dirubideen Euskal Kontseiluan adostutako Ezohizko Funtsa integratzean datza. Ondorioz, funtsaren zuzkidura hazi egiten da, %1etik %1,45era. Erabaki hau Gipuzkoarentzat “oso garrantzitsua” dela nabarmendu du Olanok, lehen akordioa bat zena orain lege bihurtu baita, eta honek hobeto babesten baitu lurraldearen finantza nahikotasuna. Azkenik, laugarren neurriak entitate lokalei eragiten die, eta gutxieneko partaidetza zehazten da beraientzako itundutako zergetan, %39,23koa. “Aurretik %37,33 gutxienekoa zuten, baina gomendio hutsa zen, eta hau ere lege bihurtu da orain”, esan du Olanok, gogoratuz Gipuzkoan ehuneko hori altuagoa dela.
Amaitzeko, diputatu nagusiak gogoratu du datozen hilabeteak oso garrantzitsuak izango direla COVID-19 gaitzaren pandemia behin betiko gainditzeko, eta honek eragin dituen ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiteko. “Indarrak batzeko garaia da, elkarlanean aritzeko momentua. Eta euskal erakundeek erakutsi dugu zailtasunak gainditu eta indarrak batzeko gai garela”, esan du foru arduradunak. Honenbestez, gaineratu du etorkizunera begira ere hori behar duela lurraldeak, “adostasunak behar ditugu, aurrera irten nahi badugu”.
Nabarmenak...
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
DONOSTIA
2024/10/28
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31