Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2021/06/29

Euskararen defentsa eta hizkuntza-normalizazioa, lehentasunezko helburu dira Gipuzkoako Batzar Nagusientzat

Maria Eugenia Arrizabalaga: “Euskara gure kultura kolektiboan funtsezko oinarria da, lurralde-banaketetatik harago”
Euskararen defentsa eta hizkuntza-normalizazioa, lehentasunezko helburu dira Gipuzkoako Batzar Nagusientzat

“Hizkuntza-normalizazioa, gure lurraldeko bizikidetzaren eta gizarte-kohesioaren funtsezko osagai dela uste dugulako, euskararen defentsa aldarrikatzen dugu beste behin. Norbanakoaren hizkuntza-berdintasuna eta hizkuntza-aukera gipuzkoar guztien arteko aukera-berdintasunaren oinarrian kokatu ditugu. Euskararen defentsa eta hizkuntza-normalizazioa, lehentasunezko helburu dira Gipuzkoako Batzar Nagusi hauentzat, bai eta lurraldeko herritar ororentzat ere. Era berean, Europako kulturaren eta hizkuntza-aniztasunaren aldeko mezua zabaldu nahi dugu, harro gaudelako euskarak hizkuntza-aniztasunari egiten dion ekarpenaz.  Euskarak, hizkuntza orok duen izaera unibertsala dela eta, Europako hizkuntza-aniztasuna aberasten duelako, gure gizartea aberasten duelako eta, ondorioz, gutako bakoitza aberasten gaituelako. Euskara, gure hizkuntza propioa, gure kultura kolektiboan funtsezko oinarria da, lurralde-banaketetatik harago”, adierazi du Gipuzkoako Batzar Nagusietako EAJ-PNV bozeramaile Maria Eugenia Arrizabalagak, euskaldunek gizarteko esparru guztietan euskaraz aritzeko duten eskubideari buruz.

“Ez gatoz bat deialdi publikoetan euskara merezimendu gisa ezabatzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak, Irungo Udalari zuzendutakoa, non "diskriminatzailea" iruditzen baitzaio Udaltzaingoan plaza bat lortzeko euskara jakitea, edota Nafarroako Gobernuko Funtzio Publikoko Departamentuak emandako ebazpenekin, euskararen defentsan eta sustapenean egindako ahalegina zalantzan jartzen dutelako. Euskararen defentsak herritarren gehiengoaren babes zabala behar duelarik hizkuntza-berdintasunaren alde” azpimarratu du Arrizabalagak. Era berean, jarraitu du “Frantziako Konstituzio Kontseiluak hizkuntza gutxituen aldeko "Molac Legea" arbuiatzeko hartutako erabakia salatzen dugu. Lege horrek aurrekaririk gabeko atzerakada bait dakar Iparraldeko sistema publikoan murgildutako irakaskuntzan”. “Laburbilduz, Euskal Herriko errealitate soziolinguistikoaren aurkako erabakiak” azpimarratu du.

“Gipuzkoako herritarrentzat lehentasunezkoa den gai batek, euskararen defentsak, Batzar Nagusietan lortu duen adostasun zabala azpimarratu nahi dugu. Horregatik guztiagatik, erdibideko zuzenketa sinatu dugu. Erdibideko horretan, aipatutako epai eta erabakiekiko desadostasuna adierazteaz gain, «Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legean» jasotako printzipioak eta ondorengo lege-garapena aldarrikatzen ditugu. Gipuzkoatik, euskaldun gehien dituen lurraldea, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiari eskatzen diogu amore eman dezala euskararekiko jarrera atzerakoian, Nafarroako Parlamentua osatzen duten taldeei eskatzen diegu euskaldunen hizkuntza-eskubideak errespeta ditzatela, eta Eusko Legebiltzarra osatzen duten taldeei eskatzen diegu, irizpide orokor gisa, lehentasunez gara ditzatela euskaldunen hizkuntza-eskubideak”.

“Euskara, gure hizkuntza propioa, gure kultura kolektiboan funtsezko oinarria da, lurralde-banaketetatik harago” amaitu du  Maria Eugenia Arrizabalagak, EAJ-PNV bozeramaileak.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube