Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2021/06/22

Enplegua eta industria-jarduera sortzeko aukera paregabea alferrik galdu dute

Jabier Larrañaga Sustapen Ekonomikoko diputatuak Azpeitiko Udalaren "ezezko borobila" deitoratu du, "Corrugadosen irekiera bideratzeko elkarlanean aritzeari" uko egin diolako.
Enplegua eta industria-jarduera sortzeko aukera paregabea alferrik galdu dute

Jabier Larrañaga Sustapen Ekonomiko, Turismo eta Landa Inguruneko diputatuak adierazi duenez, Corrugadosen berrirekitzea aztertzeko "prozesu partekatu bat" abiarazteari "ezezko borobila" eman dio Azpeitiko Udalak, eta horrek "udalerrian, Urola Kostan eta Gipuzkoan enplegua sortzeko eta industria-jarduera bultzatzeko aukera paregabea alferrik galtzea ekarri du, lurralderaren izen onari kaltea eragiteaz gain". PPko eta EAJ-PNVko batzarkideek eskatuta Batzar Nagusietako Ekonomia Batzordean egindako agerraldian, diputatuak nabarmendu du "enpresak jarduerari berriro ekiteko interesa adierazi zuenetik, Udaleko agintariek erabaki irmoa” hartu zutela “aukera hori sistematikoki blokeatzeko, eta, hori horrela, sortu gabeko ehundaka lanpostuen eta galdutako jarduera ekonomikoaren erantzukizuna berea baino ez da".

 Larrañagak azpimarratu duenez, CL Taldeak lantegia berriz irekitzeko asmoa adierazi zuenetik, Aldundiaren “helburu bakarra” izan da "aukera hori gauzatu ahal izatea erraztea, lege- eta ingurumen-berme guztiak betez; izan ere, uste genuen onuragarria zela interes orokorrerako, eta herritarrentzat, enplegu sorreraren zein eskualdeko industria-jardueraren dinamizazioaren ikuspegitik; izan ere, inguruko enpresa askok onura atera ahal izango zieten taldeak planteatzen zituen inbertsioei”.

Hori dela eta, Foru Aldundiak otsailean eta martxoan hiru bilera egin zituen enpresa berriro irekitzeko aukerari buruz hitz egiteko, lehenengoa Gasteizen, otsailaren 18an, eta hurrengo biak Aldundian bertan, martxoaren 11n eta 31n, hurrenez hurren. Hilaren 11ko ekitaldian Udaleko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek eta enpresako ordezkariek parte hartu zuten. "Aipatutako harremanetan, lantegia berriz irekitzeko bete behar ziren ingurumen-baldintzei eta proiektuaren hirigintza-izapideei dagokienez eman beharreko urratsak jorratu ziren. Kontuan izanik eremu horietako lehenengoan eskumena duen erakundeak, Eusko Jaurlaritzak, jada zehaztu zuela proiektua bideragarria zela baldintza eta inbertsio jakin batzuk betez gero, geratzen zen oztopoa hirigintzakoa zen, Udalaren esku zegoena, alegia".

 Horren harira, gogorarazi du Aldundiak proposatu zuela, "lehen bileratik bertatik", lan talde bat sortzea Aldundiko, Eusko Jaurlaritzako eta Udaleko teknikariekin eta ordezkari juridikoekin, "mahai gainean zeuden aukerak partekatzeko eta proiektuaren enkaje legala aztertzeko. Hasieratik eskua luzatu genuen prozesua errazteko, maila instituzionalean eta teknikoan, uste baikenuen merezi zuela alternatiba guztiak aztertzea, bide onetik amaitu ala ez. Tamalez, ezin izan zen prozesu hori hasi ere egin. Lehenengo baldintza inplikatutako eragile guztien borondate politikoa zen, baina Udaleko agintariek hasieratik baztertu zuen epe laburrerako aukera bideragarri bakarra, hau da, enpresa aurreko instalazioetan berriro irekitzea. Eta erabaki horrek oinarri politikoa izan zuen, ez teknikoa".

Diputatuak esan du "errespetatzen" duela, baina “bat ez datorrela” jarrera horrekin, eta Azpeitiko Udal gobernuari eskatu dio "bere erantzukizuna gardentasunez onartzeko". "Zilegi da berriro irekitzearen aurka egotea, politikan hartzen den erabaki orok bere alde onak eta txarrak dituelako, eta eragozpen horietako batzuk desatseginak izan daitezkeelako. Baina ondorioak herritarren aurrean haien gain hartu beharrean, hartutako erabakiaren erantzukizuna saihesten saiatu dira bitarteko guztiak erabiliz, ardura gainerako eragileei leporatuz eta proiektuaren existentzia ukatzera iritsiz. Azken hori guztiz zentzugabea da, kontuan hartzen baditugu izandako kontaktu guztiak, dagoen dokumentazioa, edo alkateak berak eskatuta Udalak berriz irekitzeko aukerari buruz txosten bat egin zuela".

Larrañagaren hitzetan, Aldundiak "etsipenez" hartu du erabakia, "baina kontzientzia lasai dugu, gure esku egon den guztia egin dugulako. Beti mantentzen dugu ekonomia indartsua bat dela kalitatezko enpleguaren, gure ongizatearen eta gizarte-kohesioaren oinarri nagusia. Industria indartsu bat izateak lagundu digu bizi-kalitate maila altuko gizarte bat eraikitzen, Europa mailan desberdintasun-tasarik txikienetako bat duena. Gipuzkoa industrial eta lehiakorra egunez egun errealitate bihurtzeko lanean jarraitzea da gure etorkizuneko apustua. Lurraldean industria-jarduera indartzeko eta enplegua sortzeko aukerak suertatzen diren leku guztietan parte hartzen jarraituko du Foru Aldundiak, bokazio eraikitzailearekin. Azpeitiko Udaleko egungo arduradunengan jarrera bera topatu izana gustatuko litzaiguke, baina ez da posible izan, eta alferrik da orain damutzea". 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube