Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2021/06/10

Donostiak bere uda kultural osasuntsuenaren argiak piztu ditu

Kultura eragileek goi-mailako programazioak aurkeztu dituzte, eskaintza anitzekoak eta herritar guztientzako irisgarriak. Bostehun jarduera baino gehiagok osatzen dute pandemiaren etenaldiaren ondoren hiria bultzatuko duen agenda
Donostiak bere uda kultural osasuntsuenaren argiak piztu ditu

Donostiak udako kultur denboraldia irekiko du, eta eskaintza “aberatsa, zabala, anitza, irisgarria, publiko guztiarentzat, dinamikoa eta hurrengo hilabeteetako osasun egoera aldakorrera egokituta egongo da”. Hala adierazi du gaur Eneko Goia alkateak, Donostiak datozen hiru hilabeteetan eskainiko duen kultur programazioaren aurkezpenean.

Alkatea, aldez aurretik, lan-bilera baten buru izan da Donostiako udaldiko aktore nagusiekin: Donostia Kultura, Jazzaldia, Hamabostaldia, Zinemaldia, Chillida Leku, Tabakalera, San Telmo Museoa, EHUko Udako Ikastaroak, Kutxa Kultur, Aquarium, Elizbarrutiko Museoa eta Kursaal. Horiek guztiek, eremu pribatuko beste sustatzaile batzuen eskaintzarekin batera, proposamen sorta handia osatuko dute. Eta proposamen horiek aukera kulturalez betetako uda aurkezten dute donostiarrentzat zein bisitarientzat, eta hiria hainbat diziplinatako  agertoki bihurtuko dute.

Bostehun jardueratik gora osatuko duten programazioa, hain zuzen ere, lehengo astean HONDALEA jendaurrean aurkeztuta hasi eta irailaren amaiera arte, Zinemaldia arte, luzatuko diren jarduerak. Hiruhileko bat izango da, ohiko jai hitzorduekin, irismeneko erakusketekin, kaleko antzerki jarduerarekin, kontzertuekin,  jai jarduerekin eta jarduera ludikoekin.

Hori guztia, gainera, osasun-bilakaeraren ondorioz aldatzen ari den testuinguru batean egingo da. Hortaz, udak dimentsio dinamikoa izango du, agintariek ezarritako edukiera-baldintzetara egokitzeko.

Kultura programazio hori “askotarikoa eta gainditzen zaila izango da, izan ere, hainbat modutan eta leku desberdinetan gozatzeko aukera emango du, eta gainera,  kultura-sektorearen eta zerbitzu osagarrien jarduera laguntzeko balioko du. 

“Une zailean, Donostiak kultura-jarduera babesteko formulak bilatu ditu, eta uste dugu  egin dezakegun ekarpenik onena programatzea dela”, adierazi du alkateak.

DONOSTIA KULTURA                                                                                                    

San Telmo Museoa: “Bidaiarik luzeena”, munduaren lehen itzuliaren oroitzapenezko erakusketa, ekainaren 26an iritsiko da San Telmo Museora. Erakusketa honek, munduaren lehen itzulia historia unibertsaleko gertaera garrantzitsu gisa kontatzeaz eta oroitzeaz gain, gizakiaren espiritu esploratzaileari eta ezezagunaren aurrean duen jarrerari egindako omenaldia ere bada.

Museoaren aldi baterako erakusketen eskaintza beste proposamen interesgarri batzuekin osatuko da uda honetan: Magia, materia eta beharra, Jose Mari Zabalaren lan bideografikoa Museo Bikoitza programaren barruan, eta Cristina Iglesiasen Hondalearen sorkuntza-prozesua erakusten duen erakusketa.

Bestalde, pandemiagatik itxitak egon ondoren, Urgull mendiko hiru zentroek ateak irekiko dituzte uda honetan: Historiaren Etxea ekainaren 18tik aurrera egongo da zabalik, Donostiara Begira erakusketan aldaketa batzuk eginda; eta aldiz, Natur Txokoak eta Liburutegiak uztailaren 1etik aurrera irekiko dituzte ateak.

Gainera, aurten hirurek umeentzako jardueren eskaintza berreskuratuko dute, beti ere egoerari egokitua: edukierak murriztu eta jarduera guztietan izena eman beharko da. Bakoitzak astean behin eskainiko ditu, euskaraz eta 5 urtetik gorako haurrentzat.

Jazzaldia: Jaialdia uztailaren 21etik 25era izango da, eta doako zein ordainpeko 60 kontzertu izango ditu, hiriko 8 agertoki desberdinetan. Sarrerak eta abonuak atzo, ekainak 9, jarri ziren salgai.

Emakumezkoen ahotsen eta pianisten jaialdia izango da hau, eta musikari espainiar ugari izango ditu ere. Honetaz gain, familientzako Txikijazz sailak lau saio izango ditu, doakoak, Guuk Gunea terrazan eta Kutxa Kultur Tabakaleran.

Festak: Donostia Festak-ek kultura eta kirol jarduera programa bat prestatu du; ekainaren 24an hasiko da, San Vicente elizan emango den abesbatza-kontzertuarekin eta irailaren 12an amaituko da, Donostiako Estropaden bigarren egunarekin.

Formatu txikiko jarduerak izango dira, eta musika, kale-antzerkia, herri-kirolak, haurrentzako jarduerak eta zinema izango dira protagonistak. Era guztietako publikoarentzat programatutako kirol-proposamen ludikoetan ere parte hartu ahal izango da.

Zinemak eta antzerkiak auzoak bisitatuko dituzte abuztuan zehar eta, irailean, estropaden inguruan, eta euskarazko ekoizpenari lotutako kultura-programazioa izango dute. Gainera, Erraldoiak San Telmo Museoan egongo dira ikusgai abuztuan zehar.

Antzerkia kalean: Donostia Kulturak, kultur etxeen sarearen bidez, Antzerkia Kalean 2021 antzerki-programa antolatzen du, ekainaren 11tik irailaren 10era. Guztira, 18 konpainiak hogeita bat ikuskizun aurkeztuko dituzte 25 emanalditan. Hauekin ikuskizuna, musika, umorea, zirkoa, jolasa eta kolorea izango dira gure hirian.

Haur eta familientzako proposamenak nagusi dira helduentzako dantza eta antzerki proposamenak biltzen dituen programan. Eta programa hau hainbat auzotan egingo da.

Udako antzerkia: Iaz agertokiak seguruak direla erakutsita, Udako Antzerkia 2021an itzuliko da, komedian oinarritutako programazioarekin, ikuskizun ezagunekin, eta artista eta izenburu entzutetsuekin.

Besteak beste, “Ramper”, “Yo soy el que soy”, “La mujer de negro”, “Por lo pelos” antzezlanak, eta  Loles León, Jorge Javier Vazquez, Oscar Terol eta Gorka Otxoa bezalako aktoreen lanak ikusi ahal izango dira. Gainera, bi estreinaldi izango dira, hala nola “5 minututan” eta “Capullas” antzezlanak.

Dkluba: Donostia Kulturako Dkluba zirkuituak kontzertuak antolatzen jarraituko du hiriko areto pribatutan. Hala, ekainetik irailera, hainbat emanaldi daude programatuta Bataplan, Dabadaba, Doka eta ¡Beclub! lokaletan… Besteak beste, Dupla, El Meister, Manolo Kabezabolo, Havoc taldeak entzun ahal izango dira.

Public diplomacy & cultural diplomacy: UPV/EHUko Udako Ikastaroen eskaintzaren barruan, Donostia Kulturak “Public diplomacy & cultural diplomacy” ikastaroa eskainiko du. Bertan, euskal kultura-diplomazia publikoaren lau hamarkada aztertuko dira, eta kultura-diplomaziaren tipologien hurbilketa eskainiko da. Uztailaren 21etik 23ra izango da.

ZINEMALDIA                                                                                                                   

2021ean, Zinemaldiak uste du osasun-egoerak 69. edizioa antolatzeko aukera emango duela, pandemiak baldintzatuta, baina urte normal baten antzeko baldintzetan.

Emanaldi-kopurua eta aretoen edukiera handitzea espero du, eta izarrek alfonbra gorrian duten presentziak berreskuratu nahi ditu. Azken finean, aurtengo jaialdia ilusioa hirira itzuliko duen jaialdia izatea, hilabete zailak igaro ondoren esparru guztietan.

Irailaren 17tik 25era, izen ezagunen bidez zuzendutako tituluak eta talentu gazteen lanak txandakatuko ditu Sail Ofizialak; New Directors-ek bere zinemagileen lehen edo bigarren lanak aurkeztuko ditu; Horizontes Latinosek Latinoamerikako zinemari begiratuko dio; Zabaltegi-Tabakalerak arauik eta estilo- edo denbora-mugarik gabeko lanak erakutsiko ditu; Perlak-ek beste lan batzuk erreskatatuko ditu. Gainera, Culinary Zinema, Made in Spain, Zinemira eta eskola-umeentzako proiekzioak ere izango dira.

Bigarren urtez jarraian, belodromoa ezingo da erabili zinema-areto erraldoi gisa, baina Zinemaldiak Klasikoak eta ‘Loreak infernuan. Koreako zinemaren urrezko aroa’, iaz bertan behera utzi behar izan zena pandemiagatik.

HAMABOSTALDIA                                                                                                     

82. Donostiako Musika Hamabostaldia abuztuaren 1ean abiatu eta hilaren 27an amaituko da. COVID-19ak eragindako mugek baldintzatuta bada ere, aurtengo programazioa normaltasunera aurrerapauso gisa ondu da eta aurreko jaialdien tamaina berreskuratu du, hein handi batean.

Donostia izango da Hamabostaldiaren erdigunea, baina 2020an pandemiaren eraginez baztertuta geratutako zenbait eszenatoki zein ekimeni helduko diegu berriz ere; hartara, jaialdia Gipuzkoa, Araba, Nafarroa eta Iparraldeko hainbat herritako kultur bizitzako eragile izango da berriro ere.

Kursaal Auditoriorako atondu den programazioa, hauxe da jaialdiaren egoitza nagusia, normaltasunera itzultzeko bokazio horren adierazgarria da eta, jenderarentzat eskuragarri den eskaintzari esker, aukera bikaina izango da munduko bakarlari onenetakoak, orkestra nahiz abesbatza handiak, eta askotariko errepertorioa entzuteko.

Kursaal Auditorioan izango diren emanaldiez gain, 82. Musika Hamabostaldiaren programazioaren zutarri dira, halaber, beste zenbait eszenatokitan izaten diren zikloak. Eszenatoki horietako batzuk klasikoak dira honezkero, Victoria Eugenia Antzokia edo San Telmo Museoa, adibidez; beste hainbat, Tabakalera, kasurako, finkatu dira jaialdiaren programazioan; eta badira aurten berriz ere programazio horretara itzuli direnak, Arantzazu eta Chillida Leku, esate baterako.

TABAKALERA                                                                                                                  

Artearen esparruan, bi erakusketa nagusi izango dira ikusgai Tabakaleran uda osoan, Arteguneak antolatutako Irudi sekuentziatuak. Argentinar emakume argazkilariak, alde batetik, eta Mikel Laboaren (1934-2008) Lekeitioak obra oinarri duen Komunikazio-inkomunikazio, bestetik.

Erakusketekin batera, Julio Le Parc artista argentinarraren Kuboa lanaz eta Niño de Elche artistaren La pena y el alivio soinu-instalazioaz gozatu ahal izango dute herritarrek.

Tabakalerako pantaila partekatuak aurrera jarraituko du bere ohiko eskaintzarekin, eta film emanaldi ugari izango da zine-zaleentzat: urte osoko Buñuelen zikloari, Jazzinema eta Alice Rohwacherren ziklo berriak gehituko zaizkio.  

Medialab liburutegi laborategiak, bestalde, proposamen berezi eta ezberdin bat antolatu du herritar guztientzat uda garaia igarotzeko. Izan ere, bigarren solairuan ohiko programazio eta zerbitzua ematen jarraitzeaz gain, Tabakalerako kanpoaldean ere izango baitugu Medialab, Zigarrogileak plazan, “Medialab magnolietan” izeneko ekimenari esker: irakurtzeko, jolasteko eta sormena lantzeko txokoak, adin tarte ezberdinetarako jarduerak, maileguan eramateko edukiak, eta udaz haize zabalean gozatzeko espazio bikaina eskainiko da uda osoan zehar.

CHILLIDA LEKU                                                                                                              

Chillida Lekuk ekainetik irailera bitarteko programazioa antolatu du. Aurreko denboraldiko jarduera arrakastatsuenak eta ekitaldi-eskaintza berri bat batzen ditu; horietako batzuk, opera esaterako, inoiz egin ez direnak museoan.

Programazioak espazio honen garrantzia aldarrikatzen du, diziplinen arteko elkarrizketak sortzeko aukera ematen duen topaleku gisa.Uda honetarako programazioan, haur eta gazteentzako esperimentazio artistikoko tailerrak ere badaude. Horietan, artearekin eta naturarekin harremanetan jarri eta adierazpen artistikoko beste modu batzuk (dantza, esaterako) esploratu ahal izango dituzte.

Aurten, Chillida Leku berriro arituko da lankidetzan Donostiako musikaren erreferenteekin, museoaren lehen garaian egiten zuen bezala, Donostiako musikaren erreferenteekin, hala nola Jazzaldia eta Musika Hamabostaldia, eta uztailaren 15ean streaming bidez emango den Dantz point-aren egoitza izango da.

Jarduera hauetaz gain, ekainaren 10ean, Chillida Lekuk erakusketalerro berri bati ekingo dio, artista gonbidatuen programa, Chillidaren artista garaikide esanguratsuen obrak hartuko ditu ardatz.

KUTXA KULTUR                                                                                                             

Kutxa Kultur Gauak programak udako gauak girotuko ditu berriro. Maiatzaren 29tik aurrera, musika, dantza, antzerkia, arte eszenikoak eta tokiko ia 60 proposamen izango dira Kutxa Kultur-eko terrazan, Tabakalerako laugarren solairuan.

Kontzertuak, antzerkia, topaketak, elektro-saioak, dantza garaikidea, moda…,  eskaintza osoa eta kalitatezkoa da, eta, gainera, berrikuntzak ere baditu, hala nola Kutxa Kultur Musika 2021 banden aurkezpen-kontzertuak, Dock of The Bay jaialdiaren eskutik irrati eta dock live saioak, zinema-saioak… Aire zabalean gozatzeko pentsatutako proposamena da, baina, eguraldia lagun ez bada, Kutxa Kultur Plazara eramango da.

Gainera, José Ramón Amondarain artista donostiarraren erkusketa handi bat ikusgai egongo da udako goi denboraldian Kubo Kutxa aretoan 2021ko maiatzaren 21etik irailaren 26ra. Irudiak astintzea José Ramón Amondarainen lanari buruzko atzera begirako lehen erakusketa da; sakon aztertzen du artistaren 30 urtetik gorako ibilbidea, eta 200 pieza baino gehiago biltzen ditu, donostiar artistaren sortze etapa ia guztietakoak.

Halaber, Argentinar emakume argazkilariak 1930-1990 erakusketa Kutxa Kultur Artegunea aretoan egongo da zabalik, 2021eko ekainaren 18tik urriaren 12ra.

AQUARIUM                                                                                                                     

Donostiako Aquariumak bere ohiko ordutegia berreskuratuko du udara honetan uztailaren 1etik abuztuaren 31bitarte eta egunero irekita edukiko ditu bere ateak goizeko 11etatik arratsaldeko 20ak arte. Lehiatila ordubete lehenago itxiko da.

Segurtasun neurriak bermatuz, T aretoan Uri Bong Gipuzkoan bizi den artista korearraren erakusketa egongo da ikusgai eta Aquariumeko erronka nagusia den Dibulgazioan urrats bereziak emango ditugu Itsas ingurumenaren gaineko ezagutza eta sentsibilizazioa iturri bihurtzeko uztaila eta abuztuko hilabetean burutuko ditugun “Plisti Plasta” izeneko udalekuak prestatuz.

Gainera, aurtengoa lehengo udara izango dugu ikusentzunezko Audiogida berriak edukiko ditugula eskuragai turista eta bisitari guztientzat eta azpimarratzekoa da ezgaitasuna bisuala duten pertsonei zuzenduriko Amuse aplikazio berriaren eskaintza udara honetan,  gure Aquariumeko bisitan zehar orientazio sisteman laguntzeko eta aberasteko balioko duena.  Soinu eta ahozko mezuen bitartez bisita berezi eta aberats bat eskeiniko du Donostiako Aquariumak.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube