Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Arrasatearrekin hartutako konpromisoa betetzen ari gara: proiektu estrategiko guztiak martxan daude
Maria Ubarretxena, alkatea: "Arrasatearrak ardatz nagusi dira, herriaren garapen soziala, ekonomikoa, iraunkorra, kulturala eta identitarioa bultzatuz eta etorkizuna oso presente izanik".2019-23 legegintzaldiaren erdialdera iritsita, Arrasateko Udal Gobernuak bere ibilbide politikoaren balorazio "positiboa eta errealista" egin du: "Azken urte hau zaila izan da, Covid-19aren pandemiak eragin sanitarioak, sozialak eta ekonomikoak izan ditu gure udalerrian, eta horrek ere eragina izan du udal-politiketan. Gure ahalegina inor atzean ez uztea izan da, baina badakigu ez dugula beti asmatu. Hala ere, gure helburua legealdi hasieran emandako hitza betetzea da, eta proiektu estrategiko guztiak martxan jartzea lortu dugu. Arrasatek suspertu beharra dauka, arrasatearren ongizatea eta bizi-kalitatea bermatzeko. Ausartak izan behar dugu, eta horregatik lanean jarraitzen dugu Arrasaterentzat, bere etorkizunarentzat eta bere herritarrentzat ", adierazi du Maria Ubarretxena alkateak.
"2020ak ekarri dizkigun zailtasunak kontuan izanda ere", Victoriano Fuentes obra eta zerbitzuetako zinegotziak azpimarratu duenez, "Inbertsio mailari eutsi diogu eta hainbat sektoreri babesa eta laguntza emateko neurriak martxan jarri ditugu. Aurreko legealdian, Udalak zuen hiru milioi euroko zorra kitatzea lortu genuen, eta, gaur egun, 0 zorra duen udalerri bat garela esan dezakegu".
"Dena den, ez gara konformatzen eta lanean jarraitu behar dugu belaunaldi berriak ondo bizi ahal izateko leku bat uzteko, ongizatea eta garapen sozial eta ekonomikoa bermatuz. Eraikitakoaren gainean hobetzeko eta hazteko garaia da. Oraindik erronka asko ditugu aurrean", azpimarratu du Ubarretxenak.
Udal Gobernuak adierazi du legegintzaldi honetan ibilbide-orri bat lantzen ari dela, "2019-2023ko Legegintzaldiko Plana. Arrasate 2030" eta bi ardatz nagusitan oinarritzen da: gizarte-ongizatea eta garapena bere forma zabalenean.
Plan horrek 6 ardatz estrategiko hauek jasotzen ditu:
- Udalerri aurreratua, komunitateari kalitatezko aukerak eta zerbitzuak eskainiko dizkiona
- Lan-ingurune egokia, udalerri bizia eta erakargarria
- Klima-aldaketa eta udalerriaren eraldaketa
- Inor atzean uzten ez duen udalerria
- Euskaraz bizi nahi duen Arrasate
- Herritarrekin batera aurrera egiten duen udalerria
"Legealdiko planaren helburua Arrasateko garapen soziala, ekonomikoa, iraunkorra, kulturala eta identitarioa bultzatzea da, etorkizuna oso presente izanik. Hori da gure proiektu estrategiko guztien oinarria eta gakoa. Eta denak martxan daude. Gure hitza bete dugu eta lanean jarraituko dugu etorkizunean horrela izaten jarrai dezan, herritarrekin batera".
10 proiektu estrategiko abian
- Kulturola kulturaren gune lokala izango da. Lanak 2021aren amaieran amaitzea aurreikusten da eta 2022aren hasieran 18 eragile eta elkarte kultural baino gehiago hartuko ditu, euskaltegia ere.
- Irisgarritasuna: Arrasatek auzo altu asko ditu eta Udal Gobernuarentzat funtsezkoa izan da eta da oraindik ere irisgarritasuna bermatzea. Aurreko legealdian Makatzenako igogailuak jarri ziren martxan eta legealdi honetan Erguin eta Santa Teresa auzoetan igogailuak jarriko dira. Erguinen lanak 2021eko ekainean amaituko dira eta Santa Teresak 2023an izango ditu igogailuak.
- Gobernu-taldeak herritarrekin batera egin du TAO sistema berria. Arrasaten mugikortasun-eredu jasangarriagoa eta oinezkoentzat atseginagoa eta erakargarriagoa eraiki nahi da, horretarako autoen fluxua murriztuz. 2021eko irailean jarriko da martxan.
- JAME, Juan Azarmendi Musika Etxea: Arrasate musikal eraikin enblematiko honetara itzuliko da azkenean, 14 urteko behin-behinekotasunaren ondoren, eraikinaren egoera txarraren ondorioz lehen solairua eraitsi zenean. Eraikin hau Arrasate Musikalen eta Goikobalu abesbatzaren egoitza izango da. Auditorio txiki bat ere izango du, hainbat ekitaldi egin ahal izateko. 2022an amaituko dira birgaitze-lanak.
- Ekobulebarrak bidegorriari jarraipena emango dio San Andreseko Maiatzak 1 plazatik Gipuzkoa Etorbideraino. Mugikortasun-parametro berrien aldeko apustu irmoa da, udalerria eraldatuz, oinezkoei lehentasuna emanez eta bizikletari leku egokia eskainiz. Ekobulebarrak espaloi zabalak, bidegorria eta trafikorik gabeko hirigunea eskainiko dizkie arrasatearrei. 2022an erabat amaituta egongo da.
- Arrasateko Udalak Parkour parkea eraikiko du Obenerrekan. 2019an Haurren Kontseiluak proposatutako ekimenetako bat izan zen. Ezaugarri horiek dituen lehenengo gunea izango da Arrasaten, gizabanakoaren mugitzeko gaitasunean oinarritutako lehen parkea. Eraikuntza berri honekin, Obenerreka ingurua biziberrituko da, aisialdirako eta kirolerako gune gisa. Obraren amaiera-data: 2022.
- Arrasatek mendekotasun txikia duten pertsonentzako Eguneko Zentro berri bat irekiko du Garibain, herritarren ongizatea bermatzeko. Narriadura fisiko edo kognitiboren bat edo eguneroko zereginak normaltasun osoz egiteko ezintasuna duten adinekoak zaintzeko zentro espezializatu bat izango da. 600.000 euroko inbertsioa, 2023an erabat funtzionamenduan sartzeko.
- Jose Luis Iñarra kalea berrurbanizatzea izan zen herritarrek 2019ko aurrekontu parte-hartzaileetan lehenetsitako proiektuetako bat. Horrela, herritarrekin hartutako konpromisoa betez eta Arrasate atseginago baten aldeko apustua eginez, udal-gobernuak auzoaren irisgarritasuna bermatzeko eta hobetzeko beharrezkoak diren esku-hartzeak landu ditu bizilagunekin batera. 2023a izango da bere urtea.
Etorkizunerako proiektua: Arrasateko kirol instalazioak – Musakola kiroldegia
Musakola kiroldegiak 44 urte ditu eta Gipuzkoako zaharrena da. Aurreko legealdian Udal Gobernuak prest utzi zuen Musakolako kiroldegia berritzeko aurreproiektua. Orain, bigarren faseari ekin diote: Musakolako kiroldegiaz gain, herriko azpiegituren mapa landu nahi dute herritarrekin, hala nola Iturripeko kiroldegia edo Uarkapeko frontoia berritzea, Arrasatek kirol azpiegituren sistema integrala izan dezan.
2. fasearen helburua Arrasateko kirol-azpiegituren mapa partekatua sortzea izango da, tokiko klubetako ordezkariekin, erabiltzaileekin zein herritarrekin. Maparen barruan, kirol-azpiegiturei eta horiek berritzeari buruzko egungo diagnostiko partekatua sortuko da, eta berritze-lanak egiteko kronograma adostuko da.
Eskerrak emateko mezua herritarrentzat
"Ez dugu aukera pasatzen utzi nahi, eta eskerrak eman nahi dizkiegu Arrasateko herritarrei udalari eta udalerriari dagokien guztian parte hartzeagatik. Ehunka arrasatearrek parte hartu dute Arrasate hobetzeko urte hauetan martxan jarri diren parte-hartze prozesuetan. Era berean, hobetzeko iradokizunak jasotzen dira egunero, eta horrek agerian uzten du herritarrek beren herriarekiko duten interesa eta inplikazioa. Inplikazio hori gabe ezinezkoa izango litzateke Arrasate hobetzen jarraitzea, beraz, Udal Gobernutik esan nahi dizuegu: eskerrik asko", azpimarratu dute.
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31