Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Euskadik iragaitzazko migratzaileen egoerak planteatzen duen erronka etiko eta humanitarioari erantzuten dio
Lander Ugartemendia: “Europa iparraldeko herrialdeetarako bidean Euskadira iristen diren migratzaileei, modu humanitarioan, solidarioan eta antolatuan ematen diegu arreta”“Lehenik eta behin, azken egunotan Irungo mugan hildako bi pertsonak ekarri nahi ditut gogora. Bakean har dezatela atseden. EAJ-PNV Batzarkide-taldeak konpromiso irmoa erakutsi nahi du Gipuzkoako herritarrek migratzaileen eta errefuxiatuen eskubideak bermatzeko eskatzen dutenarekin bat, bai eta kontzientzia zibikoak eta printzipio humanitarioek agintzen dutenarekin ere“ adierazi du Lander Ugartemendiak (EAJ-PNV), gaur Batzar Nagusietan eztabaidatu den Irunen dauden pertsona migranteentzat baliabideak egokitzeari buruz.
“Migrazio-fluxuak munduko arazo dira. Azken urteotan, Bigarren Mundu Gerraren amaieratik izan den migrazio-erronka larrienari aurre egin behar izan dio Europak. Horrek, agerian utzi ditu Europar Batasuneko estatu kideen asilo-sistemaren gabeziak. Izan ere, ez dugu ahaztu behar Estatuen eskumena eta erantzukizuna dela migrazio-politikak kudeatzea. Eta tamalez, Euskadi ez da oraindik Estatua" azpimarratu du bozeramaile abertzaleak.
“Euskadiri dagokionez, Eusko Jaurlaritzak 2018an egindako SHARE proposamena nabarmendu nahi dut" azpimarratu du Ugartemendiak. "EBn zeharka aplikatzeko mekanismo bat da, erantzunkidetasun-printzipioan oinarritua, Europako, Estatuko eta Euskadiko ekimenen esparruan, migrazio-erronka berriei erantzun integrala emateko. Halaber, funtsezkoa da administrazio-egoera erregularizatzeko mekanismo azkarrak artikulatzea eta aniztasuna herritartasunaren ikuspegitik kudeatzea. Horregatik, errefuxiatuen eta nazioarteko babes eskatzaileen harrera- eta integrazio-politikak transferitzea eskatzen dugu" adierazi du.
Jarraian, Lander Ugartemendia EAJ-PNVko batzarkideak, gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietan onartutako proposamenaren gakoak azaldu ditu. Proposamen horretan azpimarratzen da, migratzaileei arreta emateko irizpideak malgutzeko beharra eta aukera, eta erabaki hori hartzeko ardura Espainiako Gobernuari dagokiola. Era berean, arreta berezia eskaini nahi zaie hiru migratzaile-talderi: kalteberatasun handiko egoeran daudenei, nazioarteko babesa eskatzen dutenei eta Euskadin bizitzeko asmoa azaldu duten migratzaileei. "Igarobidean dauden pertsonei arreta humanitarioa eskaini behar diegu, bizi duten aldi baterako larrialdi-egoeraren barruan, eta, horrela, berehalako laguntza-beharrari erantzun behar diogu" azpimarratu du. "Horrela egiten ari gara Euskadin, eta, bereziki, Bidasoaldean gaitutako baliabideetan".
Azkenik, Lander Ugartemendiak adierazi duenez, "Euskal erakundeak, nahiz eta arlo horretan eskumenik ez izan, giza eskubideen aldeko pedagogia soziala egiteko eskudun dira, bai eta pertsona guztien arteko errespetu- eta bizikidetza-balioen aldeko pedagogia egiteko ere, haien jatorria edozein izanda ere. Argi dugu migrazio-erronka guztioi eragiten digun erronka dela, eta guztion artean eman behar diogula erantzun, Gipuzkoarrek eskatzen dutenarekin eta kontzientzia zibikoak eta printzipio humanitarioek diotenarekin bat etorriz. Pertsona ororen eskubideen babesa eta laguntza, gizarte osoari dagokigu" amaitu du.
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31