Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Oñatiko EAJ-PNV: “EH Bilduren udal gobernuak aurkeztutako HAPOaren Aurrerakina ilusio gutxiko plana da, eta, zenbait esparrutan baita kezkagarria ere”
Hain zuzen udal gobernuak Plana diseinatzeko orduan izandako anbizio eza eta zorroztasun falta salatu du EAJ-PNVk eta Aurrerakina herritarrak behar bezala informatu gabe idatzi dela azpimarratu du. Era berean, udal taldeak Garay eta Korriuenaren aldeko apustua egin du eta biak nabarmendu ditu etorkizuneko aukera eremu gisa.Ia hiru urte igaro dira dagoeneko Oñatiko Udalak, EH Bilduren gobernua buru, herriko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren idazketa lanak hasi zituenetik. Denbora tarte guzti horretan, udal gobernuak Aurrerakin dokumentu bat idatzi du, hain zuzen, plan berriaren hiri-eredua eta ildo estrategikoak planteatzeko. Aurrerakin hori 2020ko abuztuaren 12an argitaratu zen GAOn eta hiru hilabeteko epea zabaldu zen, zehazki azaroaren 13ra arte, Aurrerakinari iradokizunak egiteko.
Horrelako Plan batek herriaren eta herritarren etorkizunean duen garrantziaren jakitun, Oñatiko EAJ-PNVk iradokizun sorta zabala aurkeztu zuen eta “EH Bilduren gobernuak oraindik arrazoitutako erantzunik eman ez badigu ere, joan den maiatzaren 10ean egindako saio irekian gure proposamenetako bat bera ere Planean jaso ez dutela ondorioztatu ahal izan genuen”, adierazi du udal taldeak. “Honek, noski, kezkatu egiten gaitu. Asko kezkatzen gaituzte Udala hartzear dagoen irizpide eta helburu orokorrek, gure iritzitan, hainbat gai oker planteatuta baitaude”, gaineratu du udal taldeak.
Gauzak horrela, EAJ-PNVk bere kezka adierazi du, bereziki hiru esparruri dagokionez: 1) bizitzeko lurzoruaren esparrua; 2) ekipamenduena, zehazki kultur eta kirolari lotutakoak, eta 3) herritarren partaidetzarena.
Bizitzeko lurzoruaren esparruari erreparatuz, EAJ-PNVk iritzi du “akats handia dela datozen urteetako etxebizitzak Cegasa eta Eroski-Berazao lurzoruetan kokatzea”. Lurzoru horiek leheneratzearen eta erabilera eta eraikigarritasun berriak ematearen aldekoa bada ere, udal taldeak azpimarratu du hori epe luzerako estrategia dela, bideragarritasun zaila dutelako (15-20 urte). “Beraz, bien bitartean, Oñatiko etxebizitzen eraikuntzarako beste irtenbide bat bilatu behar da. Horrela ez bada, non biziko dira gaur egungo gazteak eta urte horietan independizatu eta familia osatzen dutenak? HAPOak gaur egun planteatzen duenari jarraiki, Kasablanka, Kurtzekua eta San Martineko etxebizitzena bada beraien alternatiba bakarra, astakeria bat ordaindu beharko dute etxebizitza horiek eskuratzeko, prezioa asko igoko baita”, adierazi du udal taldeak. Horri lotuta, etxebizitza hutsen okupazioa aitzakia bezala erabiltzeak balio ez duela gaineratu du, okupazio hori ezin baita denboran zehar kudeatu edota programatu.
Era berean, EAJ-PNVrentzat sinesgaitza da Eroski-Berezaon 190 etxebizitza eraiki ahal izatea. “Azterketa zehatzago bat egingo balitz, ondorio horretara iritsiko ginateke. Izan ere, Natrako (Zahor) eremuan ezin da etxebizitzak egitea proposatu, zarata arazoak eta erabileren bateraezintasuna direla eta”, gaineratu du.
Ildo horretan, Oñatiko EAJ-PNVk Garayko lurzoruaren aldeko apustu irmoa egin du eta EH Bilduren udal gobernuak hori aintzat ez hartzea akats handia dela iritzi du. “Garay eremu oso garrantzitsua izan daiteke Oñatiko hiri-egitura osoan, eta aukera eta hobekuntza handiak ekarri ditzake herrira, besteak beste, hiri-sekuentziaren jarraitasun handiagoa erdigunetik Olakua eta San Lorentzo eremuetara, San Lorenzo eta Errekalde lotzen dituen tunela kentzea aire zabaleko konexioa egiteko (egun udalerriko puntu beltza), edo dentsitate ertaineko bizitegi-garapena, babes ofizialeko etxebizitza-eskaintza zabalarekin (%75) eta ekipamenduekin, hala nola, etorkizuneko Oñatiko Musika Eskola berria.
Kirol ekipamenduei dagonionez, “ez da behar bezala aztertu, ezta eztabaidatu ere, futbol zelaiaren behin-betiko kokalekuaren gaia”, adierazi du EAJk. “Gure iritziz, ez litzateke Korriuena futbol-zelairako aukera gisa baztertu behar, ondo komunikatuta dagoen eremua delako, gertukoa, eta, gainera, harmailak, aldagelak edota aparkalekua eraikitzeko aukera eskaintzen duelako” gehitu du.
Amaitzeko, Euskadiko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legeak jasotzen duenari jarraiki, Aurrerapena egin ostean, EAJk salatu nahi du herritarrei ez zaiel erraztu dokumentuaren ulermena. "Alde horretatik, ahanztura larria egon da EH Bilduren udal gobernuaren aldetik, oñatiarrei dokumentua ezagutzera emateko eta horren ulermena errazteko", adierazi du udal taldeak. Zer pasatzen da orain herritarrek iradokizunak egin nahi badituzte, ez zaielako gustatu maiatzaren 10eko saio irekian azaldu zaiena, behin erabakiak hartuta daudenean? Ezin dute iradokizunik aurkeztu? Oraintxe bertan ez, horiek egiteko epea 2020ko azaroaren 13an amaitu baitzen, Aurrerakina azaltzeko bilera edo saio ireki bat ere egin gabe.
“Laburbilduz, EH Bilduren udal gobernuak asmo gutxiko Plana osatu du, nola edo ahala, gehiegi sakondu gabe eta zorroztasun gutxirekin; kezkagarria da, eta, aldi berean, etsigarria”, amaitu du Oñatiko EAJ-PNVk.
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31