Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Udalak 75.000 euroko balioa duten 1.500 bonu kaleratuko ditu Andoaingo merkataritza eta ostalaritza bultzatzeko
Kontsumo-bonuak, bakoitzak 50 euroko balioa izango dute, ekainaren 7tik 11ra bitartean erosi ahal izango dira, 25 euroren truke, SALKINen lokalean. Ekainaren 30era arte erabili ahal izango diraAndoaingo Udaleko Ekonomi Sustapen, Enplegu eta Gazteria Sailak abian jarri du berriz ere 'HAN EDO HEMEN, EROSI ANDOAINEN' kanpaina, herriko merkataritza eta ostalaritza sustatu eta suspertzeko helburua duena.
Hain zuzen, Mari Jose Izagirre arloko zinegotziak azaldu duenez, "gure merkataritzarentzat eta ostalaritzarentzat hain beharrezkoa den pizgarri bat eskaintzea da kanpaina honen helburua, gure laguntza osoa merezi baitute kalitatearen, konfiantzaren eta Andoainekiko konpromisoaren alde egiten duten lanarengatik". Ekaineko kanpainarako 1.500 bonu jaulkiko dira, zuzeneko kontsumoaren bidez 75.000 euroko gastua aktibatuko dutenak. "Bultzada bat", zinegotziaren hitzetan, "tokiko kontsumoa, hurbileko merkataritza eta gure dendek eta zerbitzuek ematen diguten guztiaren balioa nabarmentzeko".
Bonuak ekainaren 7tik aurrera erosi ahal izango dira SALKIN elkartearen egoitzan (Agustin de Leiza kalea, 11) eta prezioa 25 eurokoa izango da. Horrela, bonu bakoitzaren balioa bikoiztu egingo da, eta 50 euro gastatu ahal izango dituzte bezeroek ekainaren 7tik 30era, biak barne, kanpainari atxikitako edozein saltoki eta establezimendutan. Bat egiten duten establezimenduak kanpainaren bereizgarriarekin identifikatuko dira erakusleihoetan. Beraz, Udalak tokiko ekonomia aktibatzeko bideratzen duen 37.500 euroko zuzkidura honek, 75.000 euroko eragina izango du Andoaingo merkataritzan eta ostalaritzan, diru-sarrera gisa.
Bultzada ekonomikoa "funtsezko" sektore bati
Kanpainaren aurkezpen saioan Mari Jose Izagirrek azaldu duenez, ekimen hau Udaletik Andoaingo ekonomia eta merkataritza- eta ostalaritza-sektorea sustatzeko egiten ari diren ahaleginei batzen zaie. "Funtsezko sektore hauek" babestea, Izagirreren ustez, "lehentasunezkoa" da Udalarentzat, "are gehiago, hain urte gogorrean, pandemiak gehien zigortutako sektoreetako batzuk izanik". "Orain arte aktibatutako laguntzez gain, merkataritza eta ostalaritza sustatzea helburu duen ekimen hau gehitzen dugu orain", zehaztu du.
Gainera, SALKIN Andoaingo merkatari eta ostalarien elkartearen laguntza eta kolaborazioa ere badauka kanpainak. Izagirrek, hala, lankidetza hori eskertuz, hurbileko merkataritzaren eta ostalaritzaren jardueraren garrantzia azpimarratu nahi izan du, zuzeneko bultzada ekonomiko horren beharra azpimarratuz, bonuen onura jasoko duten merkatari eta ostalariengan eta herritarrengan eragina izango duena. "Ez ditugu ahaztu behar jasaten ari diren zailtasunak", esan du zinegotziak. "Ezta ere dendak, tabernak eta establezimenduak direla kalitatezko, konfiantzazko eta Andoainekin konprometitutako kontsumoaren bermerik onena".
Ekainekoa hau izango da bonuak jaulkiko diren lehen kanpaina, eta irailean izango du jarraipena. Hirugarren zati bat abenduan izango du, Gabonei begira. Lankidetza hori antolatzeko, Udalak hitzarmen bat sinatu du SALKINekin, 118.000 euroko zenbateko ekonomikoarekin, eta, besteak beste, kontsumo-kanpaina horiek bultzatu eta garatu ahal izango ditu.
Bonuak nola eskuratu
Kontsumo bonuak ekainaren 7tik 11ra bitartean edo izakinak agortu arte erosi ahal izango dira. Andoaingo adinez nagusi guztiek 50 euroko balioa duen bonu bana eskuratu ahal izango dute, 25 euroko prezioa ordainduz. Horretarako, NANa aurkeztu beharko dute (gehienez ere, NAN bakoitzeko bonu bat salduko da). Ordutegia 10:00etatik 13:00etara izango da goizez, eta 16:00etatik 19:00etara arratsaldez.
Erosketa kreditu-txartelarekin ordaindu beharko da, ez da eskudirurik onartuko. Bonu bakoitza 5 euroko 10 txarteletan banatzen da, eta banaka edo batera erabil daitezke, erosketa batean edo gehiagotan. Bonuaren zenbatekoa ezin izango da eskudiruarekin trukatu, eta erosketaren zenbatekoa bonuaren zenbatekoa baino txikiagoa bada, ez da dirua itzuliko.
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31