Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2021/06/02

Suhiltzaileen etxe pareko kamioi aparkalekua ospitale publikorako behin betiko kokapena

Olatz Peon Ormazabal: “Emandako hitza betetzen ari gara eta udal gobernu honek bere lana egin du; dagoeneko badugu ospitale publikoa eraikitzeko eremua eta lanean jarraituko dugu etorkizun hurbilean eskualdeko ospitale publikoa izan dezagun”
Suhiltzaileen etxe pareko kamioi aparkalekua ospitale publikorako behin betiko kokapena

Tolosako Udalak amaitu du eskualdeko ospitale publikoa kokatzeko guneen azterketa eta  suhiltzaileen etxe pareko kamioien aparkalekua zehaztu da behin betiko kokaleku gisa, eremurik egokiena izateagatik.

Elkarlanean eta gardentasun osoz egindako bidea

Olatz Peon Ormazabal alkateak eta Egoitz Sorozabal lurraldeko arloko eta hirigintza saileko zinegotzi arduradunak iragarri dute prentsaurrekoan behin betiko eremua.

Alkateak orain arte egindako ibilbidea eta emandako pausoak gogora ekarri ditu: “2020ko azaroan abiatu genuen ospitale publikoa Tolosan eraikitzeko kokalekuen azterketaren lehen fasea, eta urtarrilean lehen fasearen emaitzak ezagutzera eman genituen; ondoren, bigarren fasea abiarazi genuen 4 kokalekuren azterketa egiteko, behin betiko kokapena zehazte aldera”. “Gardentasun osoz jokatu dugu une oro partekatuz informazioa Eusko Jaurlaritzarekin, alderdi politikoekin eta herritarrekin” azpimarratu du.

“Ospitalaren eraikuntza Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko proiektua da, horregatik, denbora honetan elkarlan estuan aritu gara, proiektuaren baitan aurrerapausoak ematen” azpimarratu du. “Bigarren fase honetan, bisita eta bilerak egin ditugu Osasun Saileko ordezkariekin mahai gainean genituen kokalekuen inguruko informazioa izan zezaten, eta horren ondotik, jakinarazi zuen Osasun Sailak, idatzi baten bidez, sailaren aburuz kamioien aparkalekua izan zitekeela eremurik egokiena” azaldu du alkateak.

“Azken erabakia Tolosako Udalarena da eta horrelako erabaki batek herrian duen eragina jakinda, kokapena irizpide ezberdinak eta herritarrak oso kontutan izanda hartu da, eta kamioien aparkalekua da ospitale publikorako eremurik egokiena, eremu honek betetzen dituelako erraztasunez baldintza guztiak” baieztatu du alkateak.

Ospitale publikoa eraikitzeko eremua finkatuta

Egoitz Sorozabalek azaldu du suhiltzaile etxe pareko kamioi aparkalekua behin betiko kokaleku gisa aukeratzeko arrazoi nagusiak.

Lehen fasean azaleko azterketa bat egin zen eta 4 izan ziren ospitalea kokatzeko puntuazio altuena jaso zuten eremuak: San Blas, Usabal, Santa Lutzia eta Iurramendi. Behin betiko kokagunea lau horien artean hautatu da, Osasun sailak iritzitakoa entzun eta aholkularitza enpresaren txostena aztertu ondoren.

Irizpide ezberdinak izan dira kontutan: irisgarritasuna, eskualdeko mugikortasuna eta baita ere, bizilagunenganako eraginak, besteak beste. Usabal eta San Blas dira zailtasun handienak dituzten eremuak eta bizilagunengan eragin zuzenena dutenak. Eta Santa Lutzia eta kamioien aparkalekuaren artean, azken hau dela kokalekurik egokiena ondorioztatu du Udalak, azterketaren emaitzak eta arestian aipatutako irizpideak kontutan izanda. “Suhiltzaileen etxe pareko aparkalekuaren kokapenak ditu parametro guztietan emaitzarik egokienak” baieztatu du Sorozabalek, “gainera, Osasun Sailak ere garbi utzi zuen bere aburuz hori zela kokagunerik egokiena” gehitu du.

Denbora honetan herritarrek azaldutako kezkaren aurrean, Sorozabalek, argi utzi nahi du mahai gainean izan diren kokalekuek eta aukeratutako eremuak ez dutela ospitalaren eredua baldintzatuko. “Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean aritu gara, eremuen azterketa prozesuan zehar, zoruek ez zezaten eredua baldintzatu” jakinarazi du Egoitz Sorozabalek.

Orain, Udalak behin betiko kokalekua zein den jakinaraziko dio ofizialki Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eta Osasun Sailburuari.

Datozen urratsak

Kokapenaren gaia bideratuta, orain Udalak Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorraren aldaketa abiarazi behar du eta Eusko Jaurlaritzak egingo du Plan Funtzionala eta osasun ereduaren programa, berak du-eta horretarako ardura eta eskumena.

“Bidea geratzen da oraindik egiteko, gaiaren jarraipen estua egingo dugu eta lanean jarraituko dugu etorkizun hurbilean ospitale publikoa izan dezagun Tolosaldean eta orain arte bezala, puntualki eta hala dagokionean, udal honek egindako urratsen berri emango du, gardentasun osoz” azpimarratu dute udal ordezkariek.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube