Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2021/05/26

EAJ-PNVk, Irungo eskoletan, udalak, euskara modu eraginkorragoan sustatzen lagundu beharko lukeela uste du

Talde jeltzaleak, pasaden abenduaren 9an, Irungo eskolek eta bertako guraso elkarteek egindako eskaerarekin bat egiten duela azpimarratu du
EAJ-PNVk, Irungo eskoletan, udalak, euskara modu eraginkorragoan sustatzen lagundu beharko lukeela uste du

"Irungo errealitate soziolinguistikoak argi erakutsi du haurren gehiengoarentzat eskola dela euskararekin harremana izateko gune nagusi eta bakarra (…) Nahiz eta Irungo eskola eta ikastetxeetan D eredua den nagusi, lehen aipatutako errealitate soziolinguistikoa dela eta, argi dago eskolan egiten dena ez dela nahikoa. Era berean, Udalak aurrera eramaten dituen ekimenek (FamiliaOla, adibidez), lagungarri izanik ere, inondik inora ere ez dute lortzen gabezia hori betetzea". Hala hasten zuten pasaden 2020 urte amaieran, Irungo eskola publikoko hainbat ikastetxek eta bertako guraso elkarteek euskararen ezagutzarekin eta bereziki honen erabilpenarekin duten kezka azaltzeko udalari bidali zioten eskutitza. Errealitatea ikustarazten zuen eta udalari hainbat eskaera luzatzen zizkion idatzia.

EAJ-PNVtik jakin badakigu ikastetxeak eta eskola publikoak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailaren menpe daudela, baina badakigu ere Irungo Udaleko Euskara arloak hauen kudeaketan baduela eskumena ere. Horregatik, Irunen udalak badu zer esan eta zer egin kontu honetan. Are gehiago, bizi izan dugun pandemia egoera eta gero. Covidak euskararen egoera zaildu eta nahastu egin baitu Irunen. Hainbat familiek eta umeek ez dute euskara ama hizkuntza gisa eta eskola da euskara erabiltzeko duten gune bakarra, ondorioz, etxean egon diren bitartean haur eta gazte hauek aukera gutxiago izan dute euskaran murgildu eta hau erabiltzeko.

Honen harira, abenduan ospatu zen batzorde informatiboan eskolek egiten zituzten eskaeren inguruan galdera bat egin genuen, eta euskara arlotik gaia koordinatuko zela esan zitzaigun. Era berean, udalak bide honetan aurrera pausoak eman zitzan, 2021eko Aurrekontuetan, Covid egoera dela eta, EAJ-PNVtik Euskara arloak, euskararen erabilera sustatzeko material digitala sortzeko edota dagoena egoki antolatzeko eta bideratzeko diru kopuru bat proposatu genuen. Tamalez, udal gobernuak ekimen honi ezezkoa eman zion.

Dagoeneko maiatza da eta kurtso amaiera bertan dugu. Hilabeteotan, ordea, udalak ez die orain urte erdi ikastetxeetatik egin zen eskaerari eta proposamenei erantzuna eman. Nahiz eta ikastetxeek beraien esku zegoen guztia egin, eskutitza, alkatearekin bilera pertsonala, etab. udalak ikasturte honetan zerbait abian jartzea zaila ikusten duela esan zaigu.

Badakigu udala euskararen egoera hobetzeko eta sustatzeko ekimenak martxan jartzen saiatzen dela, besteak beste; Solas Jolas, Udagiro, Euskara errefortzuak... baina ikastetxeek ez dela nahikoa adierazi eta frogatu ere frogatu dute. Hortaz, errealitate honen aurrean, gure taldeak hurrengo galdera plazaratzen du; Udalak ez al ditu proposatutakoak aztertuko eta bideragarriak direnak martxan jarriko?

Guk, gure taldetik, EAJ-PNVtik argi dugu. Euskara gure nortasuna da, gure izatea eta erroa. Irundarrok euskaraz zein gaztelaniaz ikasteko eta bizitzeko aukera eta eskubidea dugu, eta udalak asko du bide honetan egiteko. Guztia inolako muga geografikorik eta ekonomikorik gabe. Borondatea egiazkoa bada, jarri gaitezen elkarlanean denon artean, laguntza eta ekarpenak proposatzen. Eta Udalak informa gaitzala behar bezala egoera hauen inguruan. Ez balitz gure galderengatik, ez genuke egin diren edo hartu diren erabaki askoren berri edukiko eta. Ziur irtenbide bat eman diezaiekegula edo gutxienez saiakera egin dezakegula. Hiriko haur eta gazteek merezi dute, eta euskarak ere merezi du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube