Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2021/05/26

Ostalaritza establezimendu bakoitzeko Elgoibarko Udalaren 1.200 euroko diru-laguntza zuzena eskatzeko epea, zabalik

Laguntza zuzen horri zabor zein terrazen tasetan ezarritako %50eko hobaria ere gehitu behar zaio, guztira 115.000 euro gehiago.
Ostalaritza establezimendu bakoitzeko Elgoibarko Udalaren 1.200 euroko diru-laguntza zuzena eskatzeko epea, zabalik

Covid-19ak gogor kolpatu du ostalaritzaren sektorea. Baita merkataritzarena ere, beste hainbaten artean.  Elgoibarko Udalak, baina, horren jakitun izanik, 2020ko apirilean Sustapen Plana jarri zuen martxan, hain zuzen herriko hiri ekonomia babestu eta bultzatzeko eta aipatu sektoreengan Covid-19ak izandako eragina leuntzeko.

Eta hain zuzen Sustapen Planari jarraipena emanez, 2021eko aurrekontuan, 120.000 euro jaso ditu merkataritza eta ostalaritzari zuzenduta. Horren bitartez, oraingoan, ostalaritza sektoreari zuzenduriko diru-laguntza zuzenen deialdia zabaldu du Udalak.

Deialdi honen onuradun izango dira ostalaritza sektorean lan egiten duten Elgoibarko norberaren konturako langile edo autonomoak, ondasun erkidegoak, sozietate zibilak, mikroenpresak eta enpresa txikiak. Helburu nagusia da osasun krisialdiak sortutako galera ekonomikoko egoera arintzea eta aipatu sektorea indartzea, Covid-19ari aurre egiteko hartu behar izan diren neurrien ondorioak leunduz, ostalaritzaren jarduera ahalik eta azkarren berrabiarazteko.

Gauzak horrela, Udalak 60.000 euroko partida zuzenduko du aipatu sektorea babestu eta indartzera, eta horri jarraiki, eskatzaile bakoitzak 1.200 euroko diru-laguntza zuzena jaso ahal izango du. Kreditua agortu ondoren erantzun gabeko eskaerarik egonez gero, halaber, Udalak hori handitzeko konpromisoa hartu du.

Ane Beitia alkateak nabarmendu du “Covid-19aren pandemiaren inpaktua pixkanaka samurtzen badoa ere, kalte handia eragin du hiri ekonomian. Taberna eta ostatuak itxita egon behar izan dute hainbat astez eta kontsumoa ere jaitsi egin da. Udaletik, egoera berezi honetan, ostalariei lehen unetik lagundu nahi izan diegu: on egin bonoak, tasa ugariren hobariak, terrazen azalera handitzea kosturik gabe… Eta orain, diru-laguntza zuzenak eskainiko ditugu. Herriaren Garapen Ekonomiko integrala dugu jomuga, eta pandemia egoera honetan, babes neurriak funtsezko dira. Mantendu egin behar gara, etorkizun hurbilean hazi eta ehun ekonomiko aurreratu bat izateko Elgoibarrek. Lagundu eta elkarlanean aurrera egin. Hiri ekonomia garrantzitsu da, industria edota lehen sektorearekin batera; garrantzitsu ekonomikoki, baina bereziki sortzen dituen lanpostu eta herriaren bizitzan duen eraginagatik. Bagaude, eta jarraituko dugu egoten, beti, herritarren alboan”.

Diru-laguntza eskaerak elektronikoki aurkeztu beharko dira www.elgoibar.eus webgunean ekainaren 15a baino lehen. Horretarako, baina, beharrezkoa da ziurtagiri digital bat (B@K-Q, NAN elektronikoa, IZENPE txartela…) izatea.

Diru-laguntza eskatzeko bete-beharreko baldintzen edota aurkeztu beharreko dokumentazioaren informazio gehigarria udal webgunean dago eskuragarri.

Hiri ekonomiaren babeserako 500.000 euro inguruko inbertsioa egin du Elgoibarko Udalak 2020-2021 bitartean

Aurrez aipatu bezala, 2021eko aurrekontuetan 120.000 euro jaso ditu Udalak herriko hiri ekonomia babestu eta Covid-19ak, bereziki merkataritza eta ostalaritza alorrean eragin dituen kalte ekonomikoak leuntzera.

Horri jarraiki, esaterako, maiatzean bertan, merkataritza kontsumo bonuen laugarren kanpaina jarri du martxan Udalak eta horretara bideratu ditu 30.000 euro. Orain, baina, ostalarien laguntza zuzenetara bideratutako 60.000 euroak gehitu behar zaizkio, baita zabor zein terrazen tasen kobrantzan ezarritako %50eko hobaria ere, 115.000 euro gehiago. Guztira, beraz, 235.000 euroko inbertsioa.

2020an, halaber, guztira ia 300.000 euroko inbertsioa egin zen, neurri desberdinen bitartez: merkataritza alorrean 3 bono kanpaina jarri ziren abian, 200.000 euroko inbertsioarekin, konfinamendu garaian, itxita egondako ostalaritza eta saltokien hondakinak biltzeko tasa ez zen kobratu. Guztira urte erdia ez zen kobratu, 76.000 euroko balioarekin merkataritza eta ostalaritzaren artean.

Terrazak jartzeari dagokion tasa ere ez zen kobratu, urtean %50eko hobaria ezarriz. Gainera terrazen azalera bikoizteko aukera eskaini zitzaien ostalariei, inolako kosturik gabe, eta terrazarik ez zuten establezimenduei aukera eman zitzaien terraza jartzeko, aukera zegoen lekuetan. Guztira 15.000 euro kobratzeari utzi zion Udalak.

Saltokien artean ere maskara banaketa burutu zuen Udalak.

Udaberriko bono kanpaina, abiatzear

Udaberriko kontsumo bono kanpaina honetan, Udalak 30.000 euro inbertituko ditu eta 3.000 merkataritza-bonu izango ditu. Herritarrak %30eko deskontua eskuratu ahal izango du egindako erosketetan.

Gutxi barru jarriko da abian kanpaina. Bonuak 2021eko uztailaren 30era arte trukatu ahal izango dira atxikitako dendetan, baldin eta dendak data horretara arteko bonuak baditu eta horiek merkataritza establezimenduetan erabili ahal izango dira. 2021eko lehen deialdi honi dagozkion 3.000 bonuak modu ekitatiboan banatuko dira deialdi honi atxikitako establezimendu guztien artean.

Atxikitako establezimenduetan egindako gastuak, gutxienez, 5 eurokoak, eta gehienez, 60 eurokoak izan daitezke.

  • 5 euroko balioa duten erosketak; Udalak 1,5 euroko dirulaguntza ematen du.
  • 10 euroko balioa duten erosketak; Udalak 3 euroko dirulaguntza ematen du.
  • 20 euroko balioa duten erosketak; Udalak 6 euroko dirulaguntza ematen du.
  • 30 euroko balioa duten erosketak; Udalak 9 euroko dirulaguntza ematen du.
Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube