Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Pandemiaren amaiera ikusten hasiak garenean, Gipuzkoak ilusioz egiten dio aurre etorkizunari
Eider Mendoza foru bozeramaileak legealdiaren lehen erdiaren balantze positiboa egin eta ekainaren 11n kontu emate ekitaldia egingo dela iragarri duPandemia Gipuzkoara iritsi zenetik, honi eta honen ondorioei erantzutea izan da Gipuzkoako Foru Aldundiak esku artean izan duen egiteko nagusia. Hala ere, denbora honetan foru erakundeak ez du alboratu etorkizuneko agenda estrategikoa gauzatzeko lana eta, Etorkizuna Eraikiz programaren bitartez, Gipuzkoaren biharko ekonomian eta gizartean “funtsezkoak” izango diren proiektuak bultzatzen jarraitu du. “Orain, pandemiaren amaiera ikusten hasiak gaudenean, Gipuzkoak badaki nora jo, badu bide-orria eta badu etorkizuna. Ilusioz begiratzen diogu biharko egunari, eta gogotsu gaude MUBIL, Adinberri, Naturklima edo Elkar-EKIN Lanean bezalako proiektu interesgarrien bitartez pandemia osteko agertokian eraikitzen jarraitzeko”, esan du Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak.
Foru arduraduna hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, astero bezala, Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Bertan gogoratu duenez, bihar, maiatzak 26, bi urte betetzen dira egungo foru Gobernua eratzera eraman zuten foru hauteskundeak egin zirenetik. “Han lortutako emaitzen ondorioz, ekainaren 28an Markel Olanok diputatu nagusi kargua hartu zuen, eta uztailaren 1ean eratu zen egungo foru Gobernua”, esan du. “Beraz, legealdi erdian gaudelarik, gobernu honen jardunaren lehen bi urteen balantzea egin dugu gaurko Diputatuen Kontseiluan”, gaineratu du.
Mendozak azaldu duenez, 2015-2019 legealdiaren lehenengo erdian, aurreko gobernuak utzitako arazoei irtenbidea ematea izan zen lehentasuna, errepide sarea amaitzea edo hondakinen kudeaketa kasu. “Hauek bideratu ostean, bigarren erdian erronka nagusia lurraldea modernizatu eta honen etorkizuneko agenda estrategikoa martxan jartzea izan zen, Etorkizuna Eraikizek gorpuztu zuen ahalegina”, azaldu du. 2019 urtetik aurrera, behin legealdi honetan sartuta, agenda hori “errealitate” bihurtzen joan da: “Hortik, esaterako, legealdi honetan ateak zabaldu dituzten erreferentziazko zentro guztiak, hala nola MUBIL, Ziur edo Arantzazulab, eta beste batzuk martxan direla, esaterako Adinberri edo pasa den astean lehen harria jarri genuen Naturklima”, nabarmendu du.
Bozeramailearen esanetan, Aldundiak “sendo” hasi zuen legealdia, duela urtebete pasatxo pandemia iritsi zen arte. “Honen aurrean, erakunde bezala bizkor erantzun genuen, lehenengotakoak izan ginen erakundea egokitzen, eta gure eskumenak erabiliz pandemiari aurre egiteko ahal genuen guztia egin genuen”, esan du. “Gizarte politikan lan itzela egin da, funtzio publikoak sekulako egokitzapen ariketa egin du, fiskalitatearen bidez ekonomia lagundu da, laguntza zuzenak atera dira sektore kaltetuenentzat… Etxearen alor guztiak egon dira ahalegin honetan inplikatuta, beti esan izan dugun bezala, gure helburua nagusia izan delarik krisi honen aurrean kaltetuenak izan diren sektoreak babestea”, adierazi du.
Nabarmendu duenez, ordea, pandemiaren iritsierak ez du ekarri Gipuzkoako etorkizuneko agenda estrategikoa alboratzerik. “Are gehiago, pandemia ostera begira jarri eta berreraikuntzaren bide-orri nagusi bihurtu dugu agenda hau, Etorkizuna Eraikizek bultzatzen duen estrategia”, azpimarratu du. Gaineratu duenez, agenda honen eduki zein balioak “% 100ean” daude lerrokatuta Europak pandemia osterako marraztu duen agertokiarekin. “Etorkizuna digitala, berdea, jasangarria, erresilientea… izango da, eta Gipuzkoan, Etorkizuna Eraikizen eskutik, 2016tik ari gara honelako lurralde bat eraikitzeko proiektuak martxan jartzen. Beraz, pandemia betean ere, ez dugu jardun egunerokotasuna bakarrik kudeatzen, baizik eta etorkizunari begira jarraitu dugu lanean. Eta ekintzekin egin dugu, ez bakarrik hitzekin: MUBILen irekiera edo berriki aurkeztu dugun Gipuzkoa Living Lab proiektuak dira honen erakusle argiak”, azpimarratu du.
Zer egin den gogoratzearekin batera, lan egiteko moduetan ere jarri du azpimarra Mendozak, Etorkizuna Eraikizek sustatzen duen gobernantza ireki eta elkarlanekoa izan baitu oinarri momentu oro Aldundiaren jardunak. “Honen adibide garbia Elkar-EKIN Lanean dugu, enpleguaren bitartez bazterkeria borrokatzeko arlo guztietako eragileak mobilizatzen ari den egitasmoa”, azaldu du. “Izan ere, zer egiten dugun bezain garrantzitsua da nola egiten dugun eta, bide horretan, Etorkizuna Eraikizek egin duen ekarpena da denon artean lan egiteko modu hau, gipuzkoarrok DNAn daramaguna, lurraldeak dituen arazoei eman beharreko erantzunetan txertatzea”, azaldu du.
“Beraz, bi urte hauetaz egiten dugun balantzea positiboa da; zailtasunak zailtasun, Gipuzkoak aurrera egiten asmatu du. Harrokeriarik gabe, baino harrotasunez esan dezakegun zerbait da”, esan du. “Egindako lanari esker, pandemiatik irteten ari garela dirudien momentu esperantzagarri honetan, Gipuzkoak badu etorkizuneko agenda, badu norabidea; eta orain bide horretan lanean segi behar dugu, hori da Aldundiak datozen bi urtetan izango duen egiteko nagusia”, adierazi du bozeramaileak. Honela, eskerrak eman dizkie “ahalegin honetan” inplikatuta dauden ehunka eragile eta milaka herritarrei. “Batzuetan, ahaztu egiten zaigu gure lurraldeak duen potentziala: ehunka eragile aktibo, gizarte kritikoa, akademia oso aurreratua, ehun ekonomiko lehiakorra… elkarrekin ari gara eraikitzen etorkizun ilusionagarri hau”, esan du.
Mendozaren ustetan, garrantzitsua da etorkizuneko lan horrekin jarraitzea, betiere “inor atzean utzi gabe, gizarte kohesioan sakonduz”. Izan ere, desberdinkeria borrokatzea eta Europa mailan desberdinkeria maila txikiena duten lurraldeen artean kokatzea da Gipuzkoako Foru Aldundiaren helburu estrategiko nagusia”, gogoratu du. Azkenik, iragarri du legealdi erdiko mugarria markatuko duen eguna ekainaren 11 izango dela, orduan egingo baita foru Gobernuaren jardunaren lehen bi urteen kontu ematea egiteko ekitaldia egingo, Kusaalean. “Bertan foru Gobernu guztiak hartuko du parte, diputatu nagusia buru, eta atzerriko aditu bat ere izango dugu gurean, kanpoko ikuspegia emango diguna. Joango gara honi buruzko xehetasunak ematen, data hurreratzen doan heinean”, aurreratu du.
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31