Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2021/05/21

Martin Ugalderen jaiotzaren mendeurrena ospatzeko programazio berezia osatu da

Egitasmo bateratua antolatu dute Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Andoaingo eta Hondarribiako udalek, Elkar Fundazioak, Berria Taldeak, Jakinek, Euskal Idazleen Elkarteak eta Martin Ugalderen familiak
Martin Ugalderen jaiotzaren mendeurrena ospatzeko programazio berezia osatu da

Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean jendaurreko agerraldi publikoa egin dute Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Andoaingo eta Hondarribiako udalek, Elkar Fundazioak, Berria Taldeak, Jakinek, Euskal Idazleen Elkarteak eta Martin Ugalderen familiak. Ekitaldiaren helburua Martin Ugalderen jaiotzaren mendeurrena ospatzeko osatu den programazio bateratua aurkeztea izan da.

2021ean 100 urte betetzen dira Ugalderen jaiotzatik. Horregatik, mendeurrena ospatu ahal izateko egitasmo bateratua antolatu da bi helburu nagusirekin: Ugalde gogora ekartzea, eta haren lana edonoren eskura jartzea, euskal kulturari hark egindako ekarpenak garrantzi handia baitu.

Ekitaldian parte hartu dute Bingen Zupiria, Kultura sailburuak; Harkaitz Millan, Kultura foru diputatuak; Maider Lainez, Andoaingo alkateak; Txitxu Ruiz, Andoaingo Kultura zinegotziak; Alexander Huitzi, Andoaingo Euskara zinegotziak; Txomin Sagarzazu, Hondarribiko alkateak; Iban Arregi eta Beatriz Zabalondo, BERRIA-tik; Josemari Sors, ELKAR-etik; Lorea Agirre, JAKIN-etik; Garbiñe Ubeda, Euskal Idazleen Elkartetik; Joanmari Larrarte, Martin Ugalde Kultur Parketik; eta Unai Ugaldek, familiaren ordezkari gisa.

Andoaingo herriarentzat eta Udalarentzat, “Ugalde erreferente garrantzitsua izan da eta izango da euskalgintzarentzat. Kazetaria, idazlea, euskaltzain urgazlea, politikaria… arrasto oparoa utzi duen gizona, euskaldun nekaezina. Andoaingo herriarentzat erreferente nabarmena.” Halaxe, nabarmendu dute Ugalderen garrantzia udal ordezkariek agerraldian.

Gogora ekarri denez “1997ko azaroaren 9an Andoaingo udal ordezkariek aho batez herriko izendapen gorena eman zioten Ugalderi. Martin Ugalde Orradre, Andoaingo herriko seme kuttun izendatu genuen. Euskal kulturaren ordezkari eta herriko eragile ugari lekuko zirela”.

Udalak gogora ekarri du “Martinek bere jaioterriari egin zion oparia: orain 11 urte, Martinen eta bere familiaren nahia betez, bere bizitza osoan egindako lana jasotzen duen funtsa jaso zuen Andoaingo Udalak. Bere obra guztiak, jatorrizkoak eta argitaratuak, bere agiritegi pribatua, bere liburutegia eta bere oroigarriak jasotzen dituen altxorra. Honenbestez, Udalari dagokio, andoaindar guztion izenean, Martinen ondarea arretaz eta maitasunez zaindu, antolatu eta herritarren esku jartzea”. Prozesu hau familiarekin elkarlanean burutuko da, eta gaineratu du “bere izena emango duen herriko liburutegi berriaren eginkizunetako bat hauxe izango dela”.

Kultura eta Euskara sailen artean koordinatuko den programan ekimen ezberdinak ageri dira: erakusketak, hitzaldiak, edo bere lanaren irakurketa publikoa, besteak beste. Andoaingo Udalak horietatik bat nabarmendu nahi izan du: Martin Ugalde ipuin lehiaketa.

2021eko edizioa oso berezia izango da, alde batetik, mendeurreneko ekitaldien barruan kokatzen delako, eta bereziki sariak 25 urte betetzen dituelako. 10-17 urte bitarteko idazle gazteen topaleku bilakatu da urtez urte. Gogoan izan dute “nola urtero Ugalde bera etortzen zen sari banaketara, goxo eta apal aritzen zen idazle gazteekin solasean”. “Gaur egun, familiaren elkarlana etengabea izan da. Esker hitzak soilik esan ditzakegu. Ziur gara, gazte horietako askorengan sortu duela idazketarako zaletasuna”, azaldu du Lainezek.

2004ko urriaren 4an zendu zen Ugalde, Andoain herriak eman duen erreferente garrantzitsuenetariko bat. Horregatik, 2021ean egingo den omenaldi honen bidez, bere ekarpena eta lana eguneratzeko balio izango duela espero du Andoaingo Udalak. Lainez, Ruiz eta Huitzik “Andoaingo Udalaren eta Andoaingo Herriaren berotasuna” eskaini nahi diote Martin Ugalderi “bere lanaren bozgorailu izan gaitezen, lau haizetara zabaltzeko”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube