Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2021/05/10

Estreinatu du toki berria Udal Artxiboak

Martxoan ireki zituen toki berriko ateak, eta azkeneko asteotan bukatu dute funtsak hara aldatzen
Estreinatu du toki berria Udal Artxiboak

Funtsak Egiako Blas de Otero plazan den toki berrira aldatu eta gero, gaur bisitatu du Eneko Goia alkateak Donostiako Udal Artxiboaren egoitza berria. Gobernantzako zinegotzi Juan Ramon Vilesekin batera, artxibategi berria ikusten izan da alkatea. Denera 1.878 metro koadroko instalazioak dira, 115.916 dokumentu historiko eta administratibo gordetzeko prestatuak.

“Leku ezin hobea da gure hiriak 1292az geroztik gordeta dituen milaka dokumentu aurkitzeko. Historiak eta teknologia modernoenek bat egiten duten tokia da, dokumentu-perla horiek guztiak baldintzarik onenetan gordetzeko modua ematen diguna”, azpimarratu du Goiak.

Izan ere, instalazio berri horietan era askotako agiriak daude: pergaminoak, aktak, gutunak, udal-errolden erregistroak, balio historiko handiko liburu zaharrak, eta beste asko; kontu handiz kasu egin eta zainduta, denak ala denak ere, eta herritarrek kontsultatzeko moduan jarriak. Dokumentu horiek, zuzen-zuzenean ematen digute Donostian izan diren gertakizun garrantzitsuenen berri. Zubietako aktek, esate baterako, ingelesek eta portugaldarrek hiria hartu, su eman eta arpilatu ondoren, hiritar batzuek Zubietan --hiria artean sutan zela-- egindako aurreneko Batzarra jasotzen dute; eta hala dakigu hiria berriz altxatzea erabaki zutela 1813an erabat suntsitu zuen sutearen ondoren. Edota Altza anexionatu aurretik zen udal artxiboaren bidez, haren historiaren berri dakigu.

Gureak enpresak ekarri ditu hemen diren agiri hauek denak, ehun mila baino gehiago. Azkeneko hilabete honetan ekarri ditu, kontu handiz, Udaletxeko egoitza zaharretik eta hiriko beste leku batzuetatik. Biltegi berriak 1.000 m² inguru hartzen ditu, eta 5 salatan banatuta dago. Aireztapen-sistemak, termohigrometroa eta segurtasun sistema handiz jarrita dago (sua izanez gero oxigenoa mugitzeko sistema edota erabat zigilatutako guneak, suak aurrera ez egiteko, konparazio baterako).

Instalazio berriak

Blas de Otero plazako 1etik du sarrera nagusia artxibategi berriak. Handik, igogailuan edo eskaileretan behera jaitsi eta beheko solairura ailegatzen da. Han dago harrera eta informazio gunea, erabiltzaileei kasu egiteko eta katalogoa online kontsultatzeko.

Hantxe bertan, ordenagailuz osatutako kontsulta gunea dago (artxiboaren onlineko katalogoa begiratzeko), erabiltzaileentzako armairuak eta erreprografia gela. Udal Artxiboak badu kontsulta gela bat ere, akustika aldetik isolatua; 15 mahai postu, 3 ordenagailu (aldez aurretik eskatutako dokumentu digitalizatuak kontsultatzeko) eta argindarrerako eta datuetarako lotura puntuak ditu hark.

Era berean, sailkapen-gela bat era badauka, artxiboan sartutako dokumentazioa antolatzeko eta kanpoko enpresen lanak edo zerbitzuak egiteko, toki batetik bestera mugitzeko moduko lan-mahai batzuk dituena. Azkenik, erabilera anitzeko gela bat du, zabalkunde eta prestakuntza jardueretarako prestatua.

Udal Artxiboari kontsultak

2020an, 3.543 kontsulta egin zaizkio Udal Artxiboari. Kontsulta horien %58 administratiboak izan ziren, eta %42 historikokoak. Gainera, 418 barne-mailegu egin ziren (batez ere Hirigintza departamenduari), eta 72 kontsulta Udalinfo Estatistikaken bidez.

2021ean, guztira 1.294 kontsulta egin dira (%68 administratiboak, %32 historikokoak), 210 mailegu eta 24 kontsulta Udalinfo Estatistikaken bidez.

Herritarrentzako arreta

Udal Artxiboak astelehenetik ostiralera ematen du zerbitzua, 9:00etatik 14:00etara, eta ezinbestekoa da aurretik ordua eskatzea. Ordua eskatzeko, 943 481053 telefonora deitu edo udaleko webgunearen helbidera jo daiteke.

Kontsulta Aretoaren edukiera 9 postu bete artekoa izango da, harik eta bilakaera epidemiologikoak beste bat izateko modua eman arte, behintzat.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube