Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2021/05/04

Elkar-Ekin, 3 milioi enpleguaren bidez bazterkeria borrokatzeko

Laguntza hauen bitartez, eragile sarea osatzen lagundu nahi du Aldundiak pertsona guztien enplegagarritasunaren eta kualifikazioaren alde lan egiteko
Elkar-Ekin, 3 milioi enpleguaren bidez bazterkeria borrokatzeko

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak gaur onartu du 2021eko Elkar-Ekin Lanean dirulaguntza deialdia, 2.920.000 euroko zuzkidura duena. Igoera nabarmena du (%250ekoa), beraz, 2020ko deialdian 1,2 milioiko zuzkidura izan baitzuen. “Elkar-Ekin Lanean estrategian lehentasunezko bezala jotako kolektiboei laguntzea izango du helburu deialdi honek, kontuan izanda gainera horien egoera larriagoa izan daitekeela gaur egun, COVID-19ak eragindako krisialdiaren ondorioz. Diruz lagunduko dira, beraz, gizarteratze ibilbide integratuak sustatzeko egitasmoak, enplegu eta formaziorako programak, gizarteratze enpresak sortzeko eta sendotzeko egitasmoak eta enplegu inklusiboa sustatzeko proiektu berritzaileak”, azaldu du Eider Mendoza, Aldundiaren bozeramaileak.

Foru arduraduna hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, astero bezala, Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Elkar-Ekin Laneani lotutako laguntza hauek sare produktibo eta soziala babesteko eta hari euskarria emateko Gipuzkoako Foru Aldundia abian jartzen ari den jardueren esparruan kokatu behar dira. “Etorkizuna Eraikizeko parte den heinean, elkarlana funtsezko pieza da Elkar-EKIN Lanean bezalako proiektu batean. Eta diru laguntza deialdi honen bitartez, eskua luzatzen diogu Gipuzkoako gizarte antolatuari, pertsona guztien enplegagarritasunaren eta kualifikazioaren alde lan egiteko”, azaldu du Mendozak. Interesatuentzat, deialdiaren xehetasun guztiak datozen egunetan argitaratuko dira Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.

Mendozak gogoratuko duenez, diputatu nagusiak pasa den astean aurkeztu zuen estrategia honek datozen urtetan izango duen bide-orria. “Elkar-Ekin Laneanen helburu nagusia bazterkeria arriskuan edo egoeran dauden pertsonak gizarteratu eta lan munduan txertatzea da. Nazioartean eredu gara lan babestuan eta ekonomia sozialean, hirugarren sektore sozialeko enpresei eta kooperatibei esker, hurrenez hurren. Eta horixe bera lortu behar dugu enplegu inklusiboan; lan merkatuan sartzeko eta finkatzeko zailtasun gehien duten pertsonei kalitatezko enplegua, enplegu duina, inklusiboa eskaintzeko sistema garatu behar dugu”, esan du. Horretarako, 16 lan lerro eta 30 neurri zehatzetan banatutako estrategia landu du Foru Aldundiak, Etorkizuna Eraikiz programaren babespean eta Eusko Jaurlaritzaren 2030 Enpleguaren Euskal Estrategiarekin bat eginez.

Pandemia aurreko datuen arabera, lurraldean ia 37.000 lagun aurkitzen dira pobrezia larrian eta, gainera, egoera horretan kronifikatzeko arriskua hor dago. “Elkar-Ekin Laneanen bidez, ibilbide pertsonalizatua eskaini nahi diegu, bidelagun izango duten tokiko babes sare koordinatu bat, lan merkatura iritsi arteko pauso guztiak ematen lagunduko diena, formaziotik hasi eta lan munduan txertatu arte, segimendu pertsonalizatu batekin” adierazi du Mendozak. Bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden pertsonez gain, kualifikazio baxua dutenak, langabezian kronifikatu diren pertsonak, 45 urte baino gehiagorekin langabezian daudenak nahiz indarkeria matxistaren biktimak kontuan izango ditu, bereziki, Elkar Ekin Lanean estrategiak.

“Konbentzituta gaude jauzi garrantzitsua egin dezakegula alor honetan, eta honek populismo xenofoboari aurre egiteko balioko duela. Gipuzkoan ez dute lekurik halako jarrerek, gizarte solidarioa gara eta ehun sozial hori aktibatu behar dugu kolektibo ahulenen alde egiteko eta, horrela, Gipuzkoa pertsonen komunitate gisa indartu dadin” borobildu du Mendozak, beste behin ere elkarlanak Etorkizuna Eraikiz programaren baitan garatzen diren proiektu guztietan duen garrantzian jarriz azpimarra. Azkenik, pasa den urtean, laguntza lerro honen bitartez alor honetako 28 proiektu lagundu zirela ere iragarri du Mendozak.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube