Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2021/04/26

Aldundia agenda estrategiko berri bat lantzen ari da Gipuzkoa zaintzaren abangoardian kokatzeko

Gipuzkoa 2020>2030 Agendaren helburua da lurraldeak gizarte politika "partekatuak" izatea, arreta eta zaintzarako eredu berri bat eratzeko gai direnak
Aldundia agenda estrategiko berri bat lantzen ari da Gipuzkoa zaintzaren abangoardian kokatzeko

Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak Gipuzkoako Batzar Nagusietan aurkeztu du gaur goizean Gipuzkoa 2020>2030 Agendaren lehen zirriborroa. Agenda horren helburua da COVID-19aren krisiak eragindako arazoei erantzun partekatuak ematea eta pandemia ostean eratuko diren agertokiak marraztea. Peñak azaldu duenez, helburua "Gipuzkoa zainketen abangoardian kokatzea" da, eta hori prozesu "parte-hartzaile eta partekatu" baten bidez soilik egin daiteke. Horregatik, batzarkide taldeei eskatu die laguntzeko "guztion artean gizarte agenda bat sortzen, arreta eta zaintzarako eredu berri bat eratzera eramango gaituena".

Gipuzkoako Batzar Nagusietan lehen aurkezpen hori egin ondoren, hainbat kontraste talde sortuko dira, eztabaidatzeko eta ekarpenak jasotzeko: besteak beste, gizarte baliabideen erabiltzaileak eta senideak, profesionalak, zentroetako kudeatzaileak, adituak, lurralde kontseiluak, sindikatuak, enpresari elkarteak eta beste erakunde eta entitate publiko batzuk. "Helburua da 20>30 Agenda honek ibilbide-orri bat ezartzea Gipuzkoa osorako, etorkizuneko erronkei behar bezala erantzuteko gai izan gaitezen, eta, gainera, gero eta desberdintasun gutxiago dituen eta solidarioagoa den lurralde bat eraikitzen jarrai dezagun", adierazi du diputatuak.

"Plangintza tresna tradizionalen eraginkortasunik ezaren aurrean, Gipuzkoa 20>30 Agendak gizarte politiken hiru dimentsio biltzen ditu: epe laburrean, COVID-19aren larrialdiari lotutako kontingentzia agenda bat; epe ertainean, erabiltzaileen bizi kalitatea bermatzeko beharrari lotuta dagoen egonkortze agenda bat; eta epe luzerako trantsizioen agenda bat, berrikuntzari lotua", azaldu du diputatuak. Orobat esan duenez, Gipuzkoa 20>30 Agendak dakarren berrikuntzarik handiena da gizarte politikak trantsizioaren kudeaketarekin lotzen dituela.

Ekintza planaren lehen zirriborroak 2021-2023 aldirako 10 jarduketa ardatzetan oinarritutako ibilbide-orri bat proposatzen du, gai dena "berrikuntza eta esperimentaziotik” zaintzako tokiko ekosistemak sortzeko prozesua bizkortzeko, egoitza eredua berrikusteko eta pandemiaren kudeaketa sistema indartzeko, besteak beste.

Maite Peñak gogorarazi du COVID-19aren pandemiak gizarte politiketarako agertoki berri bat bultzatu duela eta, adierazi duenez, "hazten jarraitzeko aukera gisa hartu behar dugu, krisi honek mahai gainean jarri baititu arreta eta zaintza modeloaren indarguneak eta ahuleziak". Eta gaineratu du: "horregatik aurrea hartu nahi diegu etorkizunean etorriko diren erronkei, eta bizi dugun erritmo azkarrak ekartzen dizkigunei egokitu".

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube