Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2021/04/22

Inbertsioak egiteko momentua da eta Diputazioak ematen digun aukera baliatu behar dugu, baimendutako defizita aprobetxatuz

Errenteriako jeltzaleek astelehenean aurkeztu zituzten proposamenen artean daude baita ere irisgarritasuna hobetzera bideratutako hainbat proposamen, jarduera ekonomikoa sustatzera bideratutakoak, haur gazte eta nerabeei zuzendutakoak edota Pontikako pilotalekuaren eta Fanderiako padel pisten estalpeak, besteak beste.
Inbertsioak egiteko momentua da eta Diputazioak ematen digun aukera baliatu behar dugu, baimendutako defizita aprobetxatuz

EAJ Udal Taldeak urtero legez, ekarpenak egin dizkio udal aurrekontuari eta prentsaurreko agerraldian xehetu ditu aipatu proposamenak. 2021eko aurrekontuaren lanketa “bai daten eta bai datuen aldetik” aurreko urteetatik desberdina izan dela azalduz hasi dute prentsaurrekoa Elixabete Murua eta Garbiñe Oiarbide jeltzaleek. Covid 19 gaitzak sortutako egoerak eragin duen ziurgabetasunaren aurrean “onargarria” deritzote EAJko kideek aurrekontuaren onarpenaren atzerapena, baina “pentsatzen genuena baina gehiago atzeratu da” azaldu du Elixabete Murua EAJ udal taldearen bozeramaileak. “Ia maiatzean gaude eta horrek aurrekontuan proposatzen ditugun inbertsioak gauzatzeko ez du tarte handirik uzten, baina denborarik galdu gabe proiektuei helduz gero gure proposamenak gauzagarriak direla uste dugu” jarraitu du Muruak.

2021eko aurrekontuak, zerga-bilketan izan den jaitsieraren ondorioz, ohiko diru-sarrerak murriztuta izango ditu, eta udal gobernuak azaldu zuen moduan, maileguekin konpentsatu da sarrera horien galera. Diru-sarreren murrizketa honi aurre egiteko, salbuespeneko neurriak baimendu dira, tartean, defizita handitzea eta jeltzaleek hori aprobetxatzea proposatu dute “udal gobernuaren aurrekontuak ez du aprobetxatzen GFAk baimentzen digun defizit guztia eta guk 1,6 milioiko igoera proposatzen dugu aukera hori eskura izanik inbertsioak handitzeko momentua dela uste dugulako”.

1,9 milioi batzen dituzte EAJren ekarpenek, horietatik kopuru handiena hirigintza eta ingurumen sailetan inbertsioak egiteko dira, 580.000 euro eta 652.000 euro hurrenez hurren, “hirigintza sailaren aurrekontuan %34,59ko jaitsiera proposatzen du udal gobernuak eta gure ekarpenekin jaitsiera gogor hori %19,20ra jaistea lortuko genuke”. Arlo honetarako proposamenak 3 dira, Gaztañoko igogailua egiten hasteko 200.000 euro, Beraungo kultur etxearekin aurrera jarraitzeko 150.000 euro eta auzoetako irisgarritasuna hobetzeko 200.000 euro. “Gaztañoko igogailua aurrekontutik kanpo geratu da udal gobernuaren proposamenean. Gure ustez aukeratutako kokapenak eragin ditu atzerapenak, horregatik, 2011ko irisgarritasun planak Gaztañorako Maria de Lezo kaletik proposatzen zuen aukera garatzea da momentu honetan egokiena atzerapen gehiagorik ez izateko” azaldu dute jeltzaleek. Bestalde, irisgarritasun bertikalean gauza asko egin direla azken urteotan eta horrek auzoak erdigunearekin eta baita auzo artean ere hobeki lotzen lagundu duela azaldu du Muruak, “baina auzoetan bertan oinezkoen ibilbide irisgarriak osatzeko beharra gero eta handiagoa da, biztanleria adinean aurrera doan heinean eta ibilbide horiek aztertu eta lanak aurrera eramateko kontu-sail bat behar dugula iruditzen zaigu”.

Ingurumen arloari dagokionez, 652.000 euroko igoera proposatzen dute jeltzaleek “%4,35eko jaitsiera jasotzen du ingurumenean udal gobernuaren proposamenak. Joan den urtean esan genuen bezala, ez da ingurumen politiketan murrizketak egiteko momentua, pandemiatik harago aldaketa klimatikoa baita dugun erronka nagusia” azaldu du Muruak. Sail honetan azken bi urteotan jaitsiera nabarmenak izan dituzten partidatan igoerak proposatu dituzte, hala nola, hondakinen prebentzioan, LED argiterian edo ingurumenaren birgaitzean, “lehen sektoreko jarduerak sustatzeko aurkeztu genuen proposamena garatzeko kontu-saila ere jaso dugu eta baita landa eremuko baserri eta etxeetara iristeko seinaletika hobetzeko partida”.

Kultura arloan Errenteria auzolanean dirulaguntza lerroa proposatu du EAJk. “Errenteriak arlo desberdinetan diharduten elkarte ugari ditu eta bakoitzak bere esparrutik egiten dituen lanak diruz laguntzen ditu udalak, baina uste dugu bereziki aberasgarria litzatekeela elkarteen arteko sinergiak eragitea, zeharkakotasunez arlo desberdinak lotzea eta guztion artean Errenteria Auzolanean eraikitzea”. Dirulaguntza lerro honek bi elkarte edo gehiagoren artean aurrera eramandako proiektuak diruz laguntzea luke helburu eta proiektu horiek aurtengo Atlantikaldira bideratzea aukera egokia litzatekeela diote, “ez dugu uste nazioarteko artistak ekartzeko momentua denik edo inguruetatik jendetza erakartzeko momentua. Herriko kultura indartzeko momentua dela uste dugu, irailean izango dugun egoera epidemiologikoa hobea izatea aurreikusten bada ere (txertaketetan aurrera egiten badugu behintzat) ez da egoera normala izango”.

Berrikuntzan oinarritutako ideiak garatzeko dirulaguntza lerroa da jeltzaleen beste proposamenetako bat, “Errenterian berrikuntzan aritzeko zumeak baditugula iruditzen zaigu, Don Boscoko ikasleek proiektu berritzaileak lantzen dituzte eta Tknika era badugu Errenterian”. Ekimena Don Bosco eta Tknikarekin elkarlanean garatzea proposatu du EAJk.

Haur eta nerabeetan transexulitatearen normalizaziorako ekintzak aurrera eramateko kontu-saila da jeltzaleek egin duten beste ekarpenetako bat, “uste dugu haur eta nerabeetan transexulitatea normalizatzea oinarrizkoa dela, bai haur transexualek naturaltasunez bizitzeko aukera izan dezaten eta baita transexualitatea normaltasunez biziko duen gizarte bat eraikitzeko ere”. Zentzu horretan Naizen elkarteak egiten duen lana balioan jarri nahi izan du EAJk helburu honetan udalaren bidelagun ezin hobea izango litzatekeela adieraziz “orain bizpahiru urte, artean Chrysallis Euskadi zirenean gonbidatu genituen hitzaldi bat ematera eta izugarri interesgarria izan zen”.

Jeltzaleek egiten dituzten proposamen berrien artean daude baita ere zaintza lanetan euskararen erabilera sustatzeko ekintzak, Pontikako pilotalekuaren estalduraren proiektua edota haur, nerabe eta gazteetan covid-19aren ondorioak leuntzeko laguntza psiko-soziala. Aurreko urteetan proposatutako gizarte arloko hainbat ekarpen ere jasotzen ditu EAJren proposamenak , hala nola, Euskadi Lagunkoiari atxikitzea, haurren babesgabetasunaren prebentzio eta sentsibilizazio programa edota haur eta nerabeen ludopatiak duen eraginaren diagnosia. Fanderiako igogailua berritzea eta padel pistak estaltzea ere berriro eskatu dute jeltzaleek, baita Iztietako autobus geltokia handitzeko proiektua egitea ere. Udal gobernuak Fanderian egin nahi duen trafiko aldaketa ekiditeko irtenbide alternatibo bat ere proposatu dute.

Azkenik, udalgintzan parte-hartzea sistematizatzea premiazkoa iritzita, horretarako joko arauak finkatuko dituen ordenantza  herritarrekin elkarlanean definitzeko prozesurako kontu-saila ere proposatu du EAJk.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube