Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2021/03/04

Mendaroko gazteei zuzenduriko alokairurako diru-laguntza lerroa lantzen ari da Udala

Helburua da herriko gazteei alokairuko etxebizitza eskuratzeko erraztasunak eskaintzea, modu horretara haien emantzipazioa bultzatzeko eta horretara bideratuko ditu, hain zuzen, hasiera batean, udal aurrekontuko 3.000€, zeina egokitzen joango den eskaera kopuruen arabera.
Mendaroko gazteei zuzenduriko alokairurako diru-laguntza lerroa lantzen ari da Udala

Jakina da gaur egungo gazteek, hainbat arrazoi medio -krisi ekonomikoa, langabezia tasa altua, prekarietate laborala, etxebizitzen eta alokairuaren prezio altuak…- emantzipatzeko zailtasunak dituztela. 

Egoera hori aldatze aldera, baina, eta hauek independizatzeko aukera gehiago izan ditzaten, Mendaroko Udala herriko gazteei zuzenduriko diru-laguntza lerro bat lantzen ari da. Lerro hau, hain zuzen, alokairurako etxebizitzetara bideratu du, mendaroar gazteei horretarako erraztasunak eskaini eta haien emantzipazioa ahalbidetu zein bultzatzeko.

“Gaur egun alokairuan dauden etxeen prezioak orokorrean oso altuak dira eta egungo gazteek zailtasunak dituzte kostu horiei aurre egin ahal izateko. Eta, noski, momentuko krisialdi ekonomikoak langabeziaren igoerak ez du egoera samurtzen”, azaldu dute Udaletik.  Hori aintzat hartuta, Udalak gazteei bultzada ekonomikoa ematearen aldeko apustua egin du, gobernuaren nahia izanik laguntza lerro honen bitartez gazte gehiagok, bakarrik edo pertsona gehiagorekin, emantzipatzeko aukera izatea.

Ildo horretan, politikari zein teknikariak dokumentua osatu eta diru-laguntza eskuratu ahal izateko baldintzak aztertu eta zehazten ari dira, betiere, laguntza-lerroa ahalik eta gazte gehienei eskaini ahal izatea lehentasun hartuta. Diru-laguntzaren xedea da etxebizitza alokatzeagatik ordaindu beharreko hileroko kuota diruz laguntzea eta horretara bideratuko ditu, hain zuzen, hasiera batean, udal aurrekontuaren 3.000€.

Iñaki Arregui alkateak azaldu duenez, “Udalaren asmoa da dokumentu hau datozen asteotan prest izatea eta herriko ahalik eta gazte gehienei emantzipatzeko aukera eskaintzea. Egungo egoera ez da erraza inorentzat, are gutxiago gazteentzat, horregatik, ezinbestekotzat jo dugu, Udalak dituen baliabideekin, gazteei laguntza eskaintzea. Momentuz 3.000€ko aurrekontua dugu jasoa, baina laguntza lerroren harreraren arabera, beharrezkoa balitz, aurrekontu hori handitzeko aukera aztertuko dugu, mendaroar gazte guztiek izan dezaten laguntza horretaz gozatzeko aukera”.

Datozen asteetan xehetuko dira baldintzak eta abian jarri laguntza-lerroa.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube