Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Gipuzkoaren “komunitate izaera” sendotzeko proiektuei arreta berezia eskainiko die aurten Etorkizuna Eraikizek
Abian da herritarren proiektu esperimentalak babesteko laguntza deialdia, zeinak sustatuko dituen lankidetzazko gobernantza, garapen komunitarioa, gazteen partaidetza, belaunaldien arteko elkarlana eta euskaratik egindako berrikuntzaGuztiok elkarrekin Gipuzkoako gizarteak etorkizunean izango dituen erronkak hautematea eta horiei aurre egiteko modua diseinatzea, askotariko eragileekin lankidetzan eta esperimentazioan oinarrituta. Horixe da, finean, Etorkizuna Eraikiz foru programaren xedea. Helburu hori lortzeko bidean, herritarren proiektuak garatzeko diru-laguntza deialdi berria kaleratu du Foru Aldundiak, “izaera eraldatzailea” daukaten egitasmoak bultzatu asmoz. 2021eko deialdiak, bereziki, gipuzkoarron “izaera komunitarioan” sakontzeko ekimenetan jarriko du arreta, “lankidetzaren, erantzunkidetasunaren, gizarte inplikazioaren eta talde lanaren kultura” sendotuz, besteak beste.
Halaxe jakinarazi du Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, gaur goizean Aldundian Etorkizuna Eraikizeko Herritarren proiektuetarako 2021eko laguntza lerroa aurkezteko eskainitako prentsaurrekoan. Gaineratu duenez, 722.000 euro bideratuko dira aurten deialdi honetara eta, garapen komunitarioari lotutako egitasmoez gain, lankidetzazko gobernantza, gazteen partaidetza, belaunaldien arteko elkarlana eta euskaratik egindako berrikuntza izan beharko dute langai aurkeztutako proiektuek. Gipuzkoako elkarte, fundazio, enpresa, unibertsitate, GKE eta eragileek aurkeztu ahalko dituzte beren ekimenak.
Diputatu nagusiarekin batera izan dira, prentsaurrekoan, Sebas Zurutuza, Kudeaketa Estrategiako foru zuzendaria; Maria Ruiz Amurrio, ISEA kooperatibako I+G koordinatzailea; eta Martin Zuñiga, Deustuko Unibertsitateko Gizarte Langintza alorreko ikerlaria. Azken bi horiek 2020ko deialdiaren babespean garatutako proiektu bana aurkeztu dute prentsaurrekoan. Lehena, Legazpiko belaunaldien arteko elkartrukerako, esperimentaziorako eta lankidetzarako gune irekia sortzeko ikerketa eta berrikuntza prozesua da. Bigarrena, konfinamenduan sortutako babes sare eta erlazioak aztertzeko lana, dinamika horiek dituzten onura eta zailtasunak identifikatzeko helburuarekin.
108 proiektu esperimental azken 5 urteotan
Herritarren proiektuak sustatzeko diru-laguntza lerroak azken bost urteotan izandako ibilbide oparoa nabarmendu du diputatu nagusiak. Izan ere, dagoeneko bost deialdi gauzatu dira 2016tik hona –aurtengoa seigarrena izango da, beraz– eta guztira 108 proiektu finantzatu ditu, hiru milioi eurotik gorako inbertsioaren bitartez eta 200 eragile baino gehiago inplikatuz –unibertsitateak, lanbide heziketa zentroak, elkarteak, enpresak, udalak, garapen agentziak–. “Datuak esanguratsuak dira oso, agerian uzten baitute lurraldeko gizarte antolatuak Gipuzkoaren etorkizunaren eraikuntzan inplikatzeko duten konpromiso eta nahia”, esan du Olanok. Gainera, gogoratu duenez, Etorkizuna Eraikizek bultzatzen duen elkarlaneko gobernantza eredu berriaren parte da sarean lan egiteko joera hori.
Hain zuzen ere, diputatu nagusiaren ustez, ezaugarri horrek erakusten du gipuzkoar gizartearen “ezaugarri nagusitzat” har daitekeen “izaera komunitarioa”. Aurtengo deialdiarekin, hain zuzen ere, bereizgarri hori indartzea da laguntza lerroaren helburu nagusietako bat. “Pandemiaren ondorioei aurre egiteko garaian, gure lurraldean berebiziko garrantzia izan du komunitate gisa jarduteak, elkarlanean aritzeak, erakunde, ekonomia eta gizarteko eragile eta herritar. Lankidetza eremuak, baina, ez dira bat-batean sortzen. Urtetako saretze lan bat eskatzen dute. Gizarte ehun aberats hori sendotzen jarraitu nahi dugu, herritarren proiektuetara bideratutako laguntza hauen bitartez”, adierazi du Olanok.
2021ko diru-laguntza deialdi honek bi esparru nagusi izango ditu. Alde batetik, Gipuzkoaren etorkizuneko erronkei erantzungo dioten proiektu berritzaileak lagunduko dira: gobernantza publiko kooperatiborako eredu berriekin lotura dutenak, lurralde garapen komunitarioa sustatzen dutenak, gazteen parte-hartzeari zuzendutakoak eta belaunaldien arteko lankidetza bilatzen dutenak. Bestetik, euskaraz eta euskaratik elkarlanean landu daitezkeen proiektu esperimentalak babestuko dira, honako gaiak jorratuz: gazteak eta aro digitala, euskara eta aukera berdintasuna, hezkuntza formala eta ez formala, digitalizazioak, gizarte inklusioa eta euskara, eta hizkuntzaren rola COVID osteko gizartean.
Legazpi intergenerazionala eta Auzotu
ISEA kooperatibako I+G koordinatzaileak, Maria Ruiz Amurriok, Legazpi Intergenerazionala proiektua aurkeztu du prentsaurrekoan. Egitasmo honen xedea udalerri honetako herritarrentzat gune ireki berri bat diseinatzea da, belaunaldien arteko trukea, esperimentazioa eta elkarlana sustatuko dituena. Legazpin abian jarritako ekimenak biztanleriaren zahartzeak dakarren erronkari erantzuteko asmoa du, eta, aldi berean, lankidetza, erantzunkidetasuna eta elkartasuna bezalako balioak indartuko ditu. Lehen faseak honezkero bukatutzat eman dira, bertan, zentroaren osagai eta zerbitzu posibleen azterketa egin da, Mondragon Unibertsitateko Diseinu Estrategikoko Masterreko ikasleen partaidetzarekin. Azken horiek, dagoenekoz, lau proposamen aurkeztu dizkiote Legazpiko Udalari belaunaldien arteko elkartrukerako, esperimentaziorako eta lankidetzarako gune ireki bat sortzeko. Orain, akzio planaren definizioan murgilduta dago ISEA..
Martin Zuñiga ikerlariak, berriz, Auzotu proiektua aurkeztu du. Deustuko Unibertsitateak, Donostiako Udalak, Saiazeko mankomunitateak eta Telesgik 2020ko Etorkizuna Eraikiz deialdira aurkeztu zuten egitasmoa da Auzotu, Aptes, Apitropik, La Escalera, Farapi eta Loturak sortutako lantaldearen laguntzarekin garatzen ari dena. Ikerketa eta berrikuntza prozesu bat da, konfinamendu garaian sortutako babes sare eta erlazioak aztertzen dituena, dinamika hauek dituzten onura eta zailtasunak identifikatzeko. Helburua da ikertzea nola indartu daitezkeen dinamika horiek, bereziki tresna teknologikoen bidez. Gainera, prozesu osoa sistematizatua izaten ari da, eta batutako informazio guztiaren azterketaren ondorioz, lan publiko-komunitariorako eredu edo metodologia bat proposatuko da, beste tokietan errepikagarria izan dadin.
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
GBB
2024/11/21
Berria
2024/11/11
DONOSTIA
2024/11/05
Gipuzkoa
2024/10/31
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2018/08/31