Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2021/03/18

Berdintasunak pandemia osteko Gipuzkoa eraikitzeko duen garrantzia azpimarratu dute Aldundiak eta Aspegik

Egoera ekonomikoaren azterketa partekatu, eta Emekin programaren balantzea egin dute gaurko lan-saioan
Berdintasunak pandemia osteko Gipuzkoa eraikitzeko duen garrantzia azpimarratu dute Aldundiak eta Aspegik

Foru Aldundiak eta Aspegi Gipuzkoako Emakume Profesional eta Enpresarien Elkarteak gaur egungo egoera ekonomikoaren azterketa partekatu dute, eta, horrez gain, enpresa-eremuan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko abian jartzen ari diren ekintzen balantzea egin dute. Markel Olano ahaldun nagusiak eta Jabier Larrañaga Sustapen Ekonomiko, Turismo eta Landa Inguruneko diputatuak bilera egin dute Nerea Ibañez Aspegiko presidentearekin eta Belen Fornies presidenteordearekin. Bi eragileek iragarri dutenez, emakumeek enpresa arloan duen presentzia indartzen jarraitzeko, eta haren ikusgarritasunaren alde egiteko konpromisoan sakonduko dute Izan ere, nabarmendu dutenez, erronka horrek "garrantzi berezia" du "pandemia osteko Gipuzkoa eraikitzeko".

Gaurko lan-topaketa foru erakundea lurraldeko ekonomia eta gizarte arloko eragile nagusiekin azken asteotan egiten ari den bilera-sortaren barruan kokatzen da, atzo behin betiko onartu zen aurrekontu-proiektuaren berri emateko eta jarduera ekonomikoari laguntzeko urteko planari begira ekarpenak eta proposamenak jasotzeko, hain zuzen. Plan horren diseinua burutzen dihardu Aldundiak uneotan, eta datozen asteetan aurkeztuko du emaitza. Krisiari aurre egiteko tresna nagusia izango da, eta sektore ekonomiko guztiak hartuko ditu kontuan, kudeaketa dualaren ikuspegiarekin. Ekonomia suspertzea Aldundiaren bigarren ardatz nagusia da, aurrekontu-zuzkidurari dagokionez, gizarte-politiken ondoren.

Horrekin barera, Aldundia eta Aspegi lankidetzan ari dira aspalditik, Laboral Kutxarekin batera, Emekin programaren garapenean. Programa horrek Gipuzkoan emakumeek sustatutako enpresak sortzea bultzatzen du, eta prozesu osoan zehar laguntza integrala eskaintzen die. 2020an, Emekin-en eskutik 112 enpresa sortu ziren, gehienak, % 65, zerbitzuen esparruan. 2007an abian jarri zenetik, programak 1.300 lanpostu baino gehiago sortzea erraztu du, eta lurraldeko gizonen eta emakumeen artean ekintzailetza-jardueraren tasa murrizten lagundu du. Aldundiak berriro babestuko du ekimena 2021ean, eta 240.000 euro bideratuko ditu. Era berean, foru-erakundeak beste hainbat lan-esparru jorratuzen jarraituko du: kontziliazio erantzukidean, 35 enpresak dagoeneko hartu dute konpromisoa Erantzunkide Sarean; neskatoen eta gazteen artean bokazio zientifiko-teknikoak – STEAM – sustatzen; edota lurraldeko I+G+b ekosisteman emakumeen parte-hartzea bultzatzeko ekintzak hedatzen.

Markel Olanok azpimarratu duenez, arlo guztietako (generoa, ekonomia, gizartea, lurraldea, hizkuntza…) "desberdintasunak murriztearen" aldeko apustua "pandemia osteko agertokia finkatzeko giltzarri" izaten jarraitzen du. “Ezin dugu atzerapausorik eman erronka honetan. Gizonen eta emakumeen arteko aukera-berdintasuna ezinbestekoa da ekonomia- eta lan-eremuan, gizarte justuagoa eta lehiakorragoa eraikitzeko, eta etxeko eta zaintza-arloko erantzunkidetasunaren kontzeptua txertatzen badugu bakarrik berma daiteke”. Diputatu nagusiak Aspegik erronka horretan egindako lana txalotu du, “ekintzailetza bultzatuz, emakumeen enpresa-ahalduntzea bultzatzeko sarean lan eginez eta erreferente eta praktika arrakastatsuak ikusaraziz”.

Bestalde, Nerea Ibañezek adierazi duenez, “emakumeek ekonomian eta enpresetan parte hartzeak ez dio soilik berdintasunaren aginduari erantzuten, baizik eta, gainera, onura korporatiboari ere eragiten dio. Beren emakume exekutiboak zuzendaritza-karguetara bultzatzen dituzten enpresek irabaziak handitu dituzte ekonomiari eta produkzioari dagokienez, Lanaren Nazioarteko Erakundeak egindako azterlanaren txostenak erakusten duenez”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube