Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2021/03/05

EAJ-PNVk, Irun berpizten laguntzeko, adostasunaren alde lan egitea proposatu du

Datorren asteartean, martxoaren 9an, ezohiko osoko bilkuran eztabaidatuko den aurrekontu proiektua Covidaren aroko lehen aurrekontua izango da. Pandemia baten erdian egonda prestatu den lehena, eta osasun eta ekonomia krisialdian gauzatuko den bakarra. Horregatik, bizi dugun egoerak eskatzen duen maila eskaini behar du aurrekontuak.
EAJ-PNVk, Irun berpizten laguntzeko, adostasunaren alde lan egitea proposatu du

Krisi hau, gainera, ez da orain arte ezagutu dugun beste krisi ekonomiko bat. Osasun krisia du sorburu, eta horrek jarduera ekonomikoaren beherakada azkarra eta sakona ekarri du. Baina beherakada azkarra izan den bezala, susperraldia ere, hala diote adituek behintzat, aurreko krisietan baino azkarragoa eta eraginkorragoa izango da.

Hau da, 2008an bizitako azken krisiarekin alderatuta, ez dugu basamortuko zeharkaldi luzerik espero. 2021ean, txertaketa kanpaina hasita dagoela kontuan izanik, momentu honetan inflexio puntu baten erdian gaude, eta laster hasiko gara aurrera egiten.

Guzti horregatik, 2021a urte garrantzitsua da. Irungo Udala bezalako erakunde publikoetatik, ahal ditugun baliabide eta laguntza guztiak aktibatu behar ditugu, gure sare ekonomiko gehienak bizirik iraun eta irundarrek aurrera egin dezaten laguntzeko. Apustu publikoaren unea da. Gure aukera guztiak erabili behar ditugu, susperraldia hasten denerako, gure sare ekonomikoak oraindik bizirik jarrai dezan. Eta horrelako egoera batean, egunek pisu handia dute. Ez da gauza bera orain, edo hemendik hilabete edo bi barru.

Hori dela eta, euskal administrazio guztiak erantzun oso bat emateko behar diren tresna guztiez hornitu dira. Alde batetik, aurrekontu araudia malgutu egin da, eta, bestetik, aurreko urteetan metatutako finantza egoera onbideratuak, ahaleginak handitzeko aukera eskaintzen digu. Irunen, zehazki, 6.600.000 euroko defizita dugu baimenduta. Baina, baimendutako defizit guztia ahalik eta pertsona gehienei laguntzeko erabili beharrean, ia 3.000.000 euro utzi dira erabili gabe. Irunek soberakin nahikoak ditu ahalegin hori finantzatzeko, gure zorra handitu gabe.

Hala ba, 63 proposamen aurkeztu ditugu 3.000.000 euro horiengatik, gobernuaren proposamena osatzen eta indartzen dutenak. Hiru multzo handitan biltzen ditugu proposamen hauek: sektore kaltetuenentzako zuzeneko laguntzak, etorkizuneko Irun indartuko duten inbertsioak eta etorkizuneko Irun martxan jartzeko apustua.

Zuzeneko laguntzak funtsezkoak dira negozio askori bizirauteko aukera emateko. Laguntza horiek azkarrak eta eraginkorrak izan behar dute. Beraz, EAJ-PNVtik "Irun Aurrera" laguntza programari 750.000 euro gehiago ematea proposatzen dugu, hau da, guztira 1.020.000 euro planteatzen ditugu. Une honetan gobernuak "Irun Aurrerak" programari eskaintzen dizkion 270.000 euroen ordez. Apustu eskasa dela iruditzen zaigu. Are gehiago ostalaritzak, tokiko merkataritzak eta beste hainbat zerbitzuk laguntzak orain behar dituztela dakigunean.

Inbertsioei dagokienez, gure taldeak hainbat gai jorratzea proposatzen du, hala nola Agenda 21ean gure gazteek islatu zuten, Mendibilen, Martindozenean eta Belartzan komun publikoak jartzea, Miguel de Ambulodi eta Villa Madariaga lursailetan lur gaineko aparkalekuak egitea, herritarrek jasaten duten arazoari erantzuna ematen hasteko, halaber, udal-instalazioak hobetzea, San Martzialeko tenis pista estaliak egokitzea, San Migueleko futbol zelai berria osatzea, baita Alzukaitz, Ibarrola, Artiga eta Blaiara igotzeko kaleen arteko bidegurutzean zubi eta biribilgune berria eraikitzea, eta Jaizubiako Eihera plazaren eta Txingudi Ikastolaren arteko oinezkoen eskola ibilbidea hobetzea, besteak beste.

Eta, azkenik, etorkizuneko proiektuak daude, Covid-a gainditu eta etorkizuneko Irun eraikitzen lagunduko dutenak. EAJ-PNVtik apustu argia egiten dugu euskara, gazteria, hezkuntza, berdintasuna sustatzeko, bai eta emakumeen eta gizonen arteko eskubide berdintasunean aurrera egiteko ere. Horrez gain, Irun bidezkoagoa eta kohesionatuagoa izan dadin, adinekoei laguntzeko sare komunitario bat sortzea, bazterketa arriskuan dauden pertsonen enplegagarritasunerako programa bat garatzea ere proposatzen dugu. Baita Irungo auzoetan kultur jarduerak formatu txikian egiteko Kultura Plan estrategikoa eta aukeren azterketa egitea, Ibarrolako errekaren bailarako planari ekitea, Irun Berdeari benetako bultzada emateko, San Miguel-Anakako kiroldegi proiektua eta Txenpereneako kirol instalazioen proiektua idazten hastea, gure ondare historikoa diren Erromatar Termen errekuperazioa eta Lucas de Berroa udal eraikinar erabilera sozialetarako erabili ahal izateko azterlan bat gauzatzea.

Joan den apiriletik egiten ari garen bezala, EAJ-PNVtik akordioaren eta talde guztiak batera joataren alde lan egingo dugu.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube