Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2021/03/02

Indarrean da Gipuzkoan egoitzetako protokolo berria, irteerak eta bisitak areagotzen dituena

Maite Peña Gizarte Politika diputatuak azaldu duenez, egoiliarrek astean gutxienez lau irteera eta bi bisita egiteko aukera dute gaurtik aurrera
Indarrean da Gipuzkoan egoitzetako protokolo berria, irteerak eta bisitak areagotzen dituena

Euskadiko COVID-19aren Koordinazio Organoak atzo adostu zuen protokolo partekatua gaur sartu da indarrean Gipuzkoan, Gizarte Politikako foru diputatu den Maite Peñak akordio horretan jasotzen diren neurriei argi berdea ematen dien foru agindua sinatu ostean. Foru arduradunak azaldu duenez, honi esker lurraldeko adinekoen egoitzetako erabiltzaileek astean gutxienez lau irteera eta bi bisita egiteko aukera dute gaurtik aurrera, “senideekin eta gertukoekin harremana sendotzeko hain beharrezkoa direnak". Egoitzetako arduradunekin elkartu da gaur goizean foru diputatua telematikoki, gaur sartu diren neurrien berri emateko.

Ondoren, Peña hedabideen aurrean agertu da, Eider Mendoza foru bozeramailearekin batera, astero egin ohi den Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien eta landu diren gaien berri emateko prentsa agerraldian. Bertan gogoratu duenez, azken asteetan hiru foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak jarduera protokolo bat landu eta adostu dute adinekoen eta desgaitasuna dutenen egoitza zentroetako bisitei eta irteerei dagokienez; izan ere, zentro horietako egoera "nabarmen" hobetu da azken asteetan, alde batetik, erabiltzaileen eta langileen txertaketaren ondorioz, eta, bestetik, komunitateko egoera epidemiologikoak bilakaera ona izan duelako.

Gizarte Politikako foru diputatuak zehaztu duenez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erakundeak azken asteetan lantzen ari diren protokoloak adinekoen eta egoitza zentroen "beharrei eta gaitasunei" erantzuten die. Hori dela eta, "gutxieneko kontaktuak" ezartzeko erabakia hartu da: izan ere, egoerak ahalbidetzen badu, bisitak eta irteerak egunero egin daitezke. Gainera, diputatuak adierazi du orain arte pertsona bakarra sar zitekeela, eta protokolo horrek bi pertsona aldi berean izatea aurreikusten du, eta ez dute beti berberak izan beharko.

Hala ere, foru arduradunak ohartarazi du protokoloan jasotzen diren neurri berriak etenda geratuko liratekeela egoitza dagoen udalerriak 100.000 biztanleko 500 kasutik gorako 14 eguneko intzidentzia metatua gaindituko balu. "Gipuzkoaren kasuan, irteerak lurraldeko egoitza guztien ondoan sortutako gune seguruetan egiten jarraituko lirateke, paseo horiek modu seguruan eta kontrolatutako gune batean egitea ahalbidetzen dutelako", azaldu du Maite Peñak. Diputatuak joan den ostiralean iragarri zuenez, protokoloaren proposamena martxoaren 5eko LABIra eramango da, bertan berretsi dezaten.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube