Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2021/02/24

URAk Andoaingo Ziako errekaren uholdeetatik babesteko proiektuaren erredakzioa lizitatu du

Antonio Aiz URAko zuzendari nagusiak eta Mari Jose Izagirre Andoaingo Zerbitzu zinegotziak nabarmendu dutenez, "Ziakoren gaitasun hidraulikoa handitzearekin, Andoaingo eskaera historiko bati erantzuten zaio, eta Ama Kandida eta Bazkardoko etorkizuneko hirigintza-garapenak desblokeatzen ditugu"
Marijo Izagirre

URA-Uraren Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikiak, lizitatu berri du Andoaingo Ziako errekaren uholdeetatik babesteko proiektuaren erredakzioa. Lizitazioaren aurrekontua 254.100 €-koa da, gehi BEZa, eta gauzatzeko epea 8 hilabetekoa.

Ziako erreka, Errekabeltz ere deitua, Oria ibaiaren eskuinaldeko ibaiadar bat da, eta harekin bat egiten du Andoainen, Bazkardo auzoan: errekaren hiri-tarte ia osoa estalita dago, Urnietatik gertu dauden industrialdeetan izan ezik.

Estaldura hori egiteko, garai batean errekastoa gurutzatzen zuten zubi zaharrak hartu ziren oinarri, eta bere garaian ibilguari eman zitzaion zabalera ez nahikoak hainbat uholde eragin ditu iraganean, batez ere Bazkardon, Kaletxikin eta Berrozpen.

Zerbitzu-kontratu honen helburua proiektu bat osatzea da, Andoaingo gune urbanoan Ziako errekaren uholdeetatik babesteko egin beharreko jarduketak erabat definituko dituena, kontuan hartuta indarrean dagoen araudia eta Plan Hidrologikoaren eskakizunak, bai eta bestelako baldintza guztiak ere.

Orain lizitatuko den proiektuak identifikatuko du eremu horretako segurtasuna areagotzeko soluzio hidraulikorik onuragarriena. Horretarako, Ziako errekaren 100 urteko errepikatze-denborako etorraldietarako Kaletxiki auzoa (Berrozpe), Ama Kandida etorbidea eta Bazkardo auzoa babestu ahal izateko dauden aukerak baloratu eta aztertuko dira.

Aukera horien artean, Andoaingo hiri-eremu osoan (Berrozpe auzoa eta Ama Kandida etorbidea) errekaren gaur egungo estaldura erabat kentzea eta haren trazadura egokitzea aurreikusten da, ahal den neurrian Ama Kandida etorbidetik igaroko den aire zabaleko irtenbide berria garatuz.

Ziako errekaren eta Oria ibaiaren arteko elkargunearen funtzionamendua hobetzeko hainbat irtenbide aztertu beharko dira, Bazkardo auzoaren uholde-arriskua murrizteko. Alternatiba guztiek bateragarriak izan beharko dute Andoaingo Hiri Antolamenduko Plan Orokorrarekin, eta A-15 autobidea eta N1 errepidearen oztopoa gainditzeko irtenbiderik onena identifikatuko da.

URA agentzia eta Andoaingo Udala elkarlanean ari dira udalerriko erronka hidraulikoei aurre egiteko. Antonio Aiz URAko zuzendari nagusiak eta Mari Jose Izagirre Andoaingo Udaleko Zerbitzu zinegotziak azpimarratu dutenez, "Ziako errekaren gaitasun hidraulikoa handitzearekin batera, Andoainen eskaera historiko bati erantzuten zaio, eta Ama Kandida eta Bazkardoren etorkizuneko hirigintza-garapenak desblokeatzen ditugu". Izagirreren hitzetan, "eremu honetan ematen da Udalerriko hazkunde naturala, eta guneak birsorkuntza integrala eskatzen du, hobekuntza hidraulikoa eta saneamendua egiteko jarduerek bizitegi-espazio berriak edo jarduera ekonomikoak sortzeko aukera emango baitute".

Egindako koordinazio-bileretan, bi administrazioek adierazi dute jarduera lehentasunezkoa dela, eta Eusko Jaurlaritzak Europako finantzaketa lortu nahi duten Next Generation proiektuen artean sartu du. Laguntza horrekin edo gabe, bi aldeek konpromiso irmoa hartu dute Ziakon jarduketa bikoitza egiteko.

Bata, uholdeei aurre egiteko, dagoeneko aktibatu dena, eta, bestea, saneamenduari buruzkoa. Horretarako, URAk errekako isurketak biltzeko proiektu berri bat lizitatuko du datozen asteetan. Ziako errekaren saneamendua hobetzeko obrak zehazteko proiektu horri esker, gaur egun errekara isurtzen diren hiri- eta industria-isurketa guztiak jaso ahal izango dira, eta Oria Erdiko hodi biltzailearekin lotu, Andoain parean.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube