Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2021/02/19

"Tolosa badabil" Mugikortasun Plan berria aho batez onartua

Udal gobernuak mugikortasun planean jasotako ekintzak 2019-2023 Legealdirako Kudeaketa Planeko lan ildoekin lerrokatu ditu eta datozen urteetarako lehentasunak ezarri: oinezkoei lehentasuna ematea, motordun trafikoari espazioa irabaztea eta trantsizio energetikoa eta elektromugikortasuna sustatzea.

Gea21 taldeak herritarren parte hartzearekin gauzatutako TOLOSA BADABIL generoaren ikuspegia txertatua duen mugikortasun jasangarrirako plana aho batez onartua izan zen azken Osoko Bilkuran.

Dokumentu estrategiko honek duen planifikazio izaera eta legealdi honetatik haragoko eragina dela eta, plana aho batez eta talde politiko guztien babesarekin onartu izana garrantzitsua da. Izan ere, Mugikortasun Plan berriak epe labur, ertain eta luzerako ekintzak jasotzen ditu eta etorkizuneko Tolosa marraztu, hortaz, datozen urteetan garatuko den plana izango da. 8-10 urteko epealdia izango du, eta bost urtero ebaluatu eta eguneratu egingo da.

Tolosan mugikortasun jasangarria sustatu eta pertsonak erdigunean jokatzen dituen herri ereduaren alde egiteko, 2019. urtean ekin zitzaion plan berria garatzeari. Esan bezala, herritarren parte hartzearekin garatu da, saio ezberdinen bitartez, tolosarren iritzi eta ekarpenak jasotzeko. Alorrean zeresana duten herritar eta eragileekin ere mugikortasun mahaia osatu zen eta gaztetxoenen nahian eta eskaerak ere jasotzeko, planaren lanketa egin zen Haurren Hiria eta Eskola Agenda 21 egitasmoen baitan.

Helburua: mugikortasun eredu berriak sustatzea eta hiriko mugikortasuna hobetzea

Mugikortasun Plan berriaren helburu nagusia da ingurumenarekiko errespetu handiagoa sustatuko duten mugikortasun eredu berriak Tolosan bultzatzea eta hiriko mugikortasuna hobetzeko ekintzak proposatzea, jasangarritasun irizpideak jarraituta.

Dagoeneko udal gobernua hasi da mugikortasun planean jasotako ekintzak gauzatzen eta legealdi honetarako hainbat proiektu eta neurri ere lehenetsi ditu, mugikortasun planean jasotako ekintzak 2019-2023 Legegintzaldirako Kudeaketa Planarekin lerrokatuz.

Udal gobernuarentzat plana estrategikoa da, Tolosa etorkizunean udalerri atseginagoa, seguruagoa, eraginkorragoa, jasangarriagoa eta berdeagoa izan dadin, eta bide horretan trantsizio energetikoa eta hiri-mugikortasun jasangarria lehentasunezkoak izango dira. Proiektu eta neurri guztiek oinezkoei lehentasuna emango diete, herriko joan etorrietan oinezko zein txirrinduen mugikortasuna errazteko urratsak egingo dira eta motordun trafikoari espazioa irabazi. 

Mugikortasun eredu berriak sustatzeko aurrera eramango diren hirigintza proiektu eta ekintza txikiak

Tolosako Udalak urteak daramatza hirigintza lanetan oinezkoei lehentasuna ematen. Ildo horretatik, oinezkoentzat espazioak berreskuratzen jarraitzeko, espazio publikoaren kalitatea hobetzeko, oinezko joan etorriak  bultzatzeko eta mugikortasun-eredu jasangarriago eta inklusiboago baterantz pauso sendoak ematen jarraitzeko ondorengo hirigintza proiektu eta neurriak lehenetsi ditu udal gobernuak legealdi honetarako:

  1. Zumarditxiki  herritarrentzat berreskuratu eta oinezkoentzako pasealeku eta berdegune bilakatzea.
  2. Hiribus elektrikoa eta kargarako-puntuak ezartzea.
  3. Laskoain kalea eta Gernikako Arbola berritzea oinezkoek lehentasuna izan dezaten.
  4. Paper kalean eta Oria kaleko berurbanizazio lanetan mugikortasun planeko irizpideak txertatu.
  5. Larramendi-Belaten oinezkoentzako zubia eraikitzea.
  6. Gorriti plaza txukundu eta espazioa oinezkoentzat egokiagoa bilakatzea.
  7. Bidegurutzeetan biribilguneak eta oinezkoentzako pasabide gehiago jartzea.
  8. 30 km/h-ko muga ezartzea, oro har, erdigune osoan eta bizitegi guneak sortzea S28 kartelekin seinaleztatuta.
  9. Argiztapena eta seinaleztapena hobetzea oinezkoen ibilbide-sarea indartzeko.
  10. Txirrinduentzako aparkaleku gehiago jartzea.
  11. Kontzientziazio-, sentsibilizazio- eta formakuntza-kanpainak egitea mugikortasun-ohitura osasungarriak sustatzeko.
Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube