Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2021/02/02

EAJ-PNVK Gizarte Politiken eta pertsonen ongizatearen aldeko apustu eta konpromiso irmoak berretsi ditu

Oposizioak azkenaldian udal gobernuaren lana itsusitzeko ahaleginean egindako adierazpen eta zabaldutako mezu eta datuak argitu nahi izan ditu EAJk eta horiek zuzentzeko eskatu, 2021 urteko aurrekontuak inoizko sozialenak direlako, inbertsio soziala %9 igo baita, ia 3 milioi euroko aurrekontuarekin.
EAJ-PNVK Gizarte Politiken eta pertsonen ongizatearen aldeko apustu eta konpromiso irmoak berretsi ditu

Egungo testuinguru zailaren aurrean, Tolosako EAJ-PNVk udal gobernuaren lana balioan jarri, jeltzaleen gizarte politiken eta pertsonen ongizatearen aldeko apustu eta konpromisoak berretsi eta oposizioak azkenaldian egindako adierazpen eta zabaldutako datuen aurren argibideak eman nahi izan ditu.

Inoizko aurrekonturik sozialenak

Udal gobernuak Covid19aren pandemiak sortutako ondorioei aurre egiteko aurrekontu proiektua landu du, gizarte babesa eta ekonomiaren suspertzea lehenetsita, tolosarren beharrei eta kaltetuen suertatu diren sektoreei erantzuteko eta herriko etorkizuneko garapena ahalbideratzeko.

Inoizko aurrekonturik sozialenak dira, inbertsio soziala %9 igo baita, ia 3 milioi euroko aurrekontuarekin. Horregatik, udal gobernuaren jarduna itxusitzeko ahaleginean, EH Bilduren udal taldeak azkenaldian egindako adierazpenak gezurtatu eta salatu nahi izan ditu EAJ-PNVk.

Aurtengo aurrekontuetan ez da murrizketarik izan, are eta gutxiago gizarte alorrean. Beren diskurtso politikoa janzteko eta herritarrak nahasteko, parekoak ez diren datuak alderatu ditu oposizioak. 2020 urte amaierako inbertsio soziala, 2021 urte hasierako inbertsio sozialaren aurrekontuarekin alderatu dute murrizketa izan dela adierazteko, baina kontuan izan behar da, tartean, urte osoan zehar, hainbat kreditu aldaketa egiten direla eta aurrekontuak aldatzen eta gehitzen joaten direla hasieratik urte bukaerara arte. Iaz gainera, 1,3 milioi euroko Suspertu Tolosa txoke plana gehitu zitzaion aurrekontuari, momentuko beharrei erantzuteko. Beraz, 2020 urte hasierako eta 2021 urte hasierako aurrekontuak alderatuta, %9 igo da aurten inbertsio soziala, herritarren gizarte beharrei erantzuten jarraitzeko, bestea beste: gizarte larrialdietarako laguntzak, familiei dirulaguntzak, familia eskuhartze programak, etxez-etxeko laguntza zerbitzua, alokairu ordainketa errazteko dirulaguntzak... Eta iaz bezala, larrialdi egoeraren bilakaeraren ondorioz beharrak areagotuko balira, horiei erantzuten jarraitzeko konpromiso osoa du udal gobernuak.

Gauzak horrela, aurrekontuak direnez udal gobernuaren eta EAJ-PNVren konpromisoen islada, oposizioari eskatzen diogu zabaldutako informazio okerra zuzentzeko, joko zikina egin eta datuak manipulatzeari uzteko eta batez ere, herritarrak errespetatzeko, aurrekontu txostenean jasotako eta udal gobernuak zabaldutako informazioa zuzena delako.

Pertsonak eta beren ongizatea udal jardunaren eta politika ororen erdigunean

EAJ-PNVk beti egin du, han eta hemen, Gizarte Politiken eta pertsonen ongizatearen alde lan, pertsonak erdigunean kokatuz, eta horren islada dira azken urteotako datuak, izan ere, 2015. urtetik hona, bataz beste, %6,5 igo da gizarte alorrera bideratutako aurrekontua.

2016. urtean esaterako 2.556.033€ bideratu ziren gizarte alorrera, eta azken urte honetan, ia 3 milioi (2.922.691€), esanguratsua da, beraz, igoera.

Desadostasuna, EH Bilduren estrategia

Eta herritarrek jakin nahiko dute ea guztiok elkarlanerako eskuak zabalik baditugu zergatik ez garen adostasunetara iristen, desadostasuna delako EH Bilduren estrategia politikoa, hemen Tolosan, Batzar Nagusietan eta Eusko Legebiltzarrean. Gauza bat esan eta kontrakoa egiten dutelako. Eta datuen manipulazioa estrategia politiko horren adibideetako bat baino ez da.

Baina EAJren lehentasuna, orain are eta gehiago, herritarren beharrei erantzutea da eta egoerari aurre egiten jarraitzea, udal baliabideak modurik eraginkorrenean kudeatuz, gainerako erakundeekin koordinatuta eta herritarrekin elkarlanean; baina baita ere tolosarrei emandako hitza betetzea, hauteskunde programan jasotako proiektuak ahal den neurrian, eta zailtasunak zailtasun, garatzen eta aurrera eramaten jarraitzeko, gure herriaren etorkizuna hobetu eta Tolosa hobe bat elkarrekin eraikitzeko helburuarekin.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube