Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2021/02/02

Gaizki egindako aurrekontuak

Ia 3.000.000 euro alde batera uzten dituen eta irundarrek dituzten beharrei erantzun osoa emateko aukerez baliatzen ez den aurrekontu proiektua
Gaizki egindako aurrekontuak

Duela egun batzuk, udal gobernuak 2021eko aurrekontuen proiektua aurkeztu eta honen ildo nagusien inguruan berri eman zuen. Gobernuak adierazi zuen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ezohiko finantza araudi berriak, toki erakundeei eskaintzen dizkien aukerez baliatuta egin zirela kontuak, eta, horri esker, udalak 6 milioi euro arteko zorpetzeko aukera izango zuela. Era berean, "Irunek egoera ekonomiko onbideratua duela", "erakunde eta politika publikoek orain egin behar dutela apustu sendoa”, eta "hori dela egin behar duguna" aipatu zen. Horrela, Irunek zorpetzeko aukera duela arrazoituz. Gure taldea erabat ados dago baieztapen hauekin. Horixe da egin behar duguna, gure inguruko beste hainbat erakunde egiten ari diren bezala.

Baina, behin dokumentua aztertuta, Santanok eta bere koalizio gobernuak gaizki landutako aurrekontu bat aurkeztu dutela ikusi dugu. Gure hiria suspertzeko eta behar handienak dituzten pertsonei laguntzeko, erabili daitezkeen ia 3.000.000 euro alde batera uzten dituen proiektua aurkeztu dute. Santano alkateak gainean daraman nekearen erakusgarri argia, eta konformismoa eta erosotasuna sorburu dituena. Gobernuak gai asko ziurtzat ematen dituela ikusi dugu, eta honek ez luke horrela izan beharko. Irunentzat ezinbestekoak diren funtsezko aurrekontuak, zorroztasunik gabe egin dira, eskaintzen diren aukera guztiak kontuan hartu gabe. Beste behin Irunen aukerak erdibidean utziaz.

Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak, bizi dugun pandemia egoeraren ondorioz, ezohiko araudi bat onartu du. Honek udalei 2021ean baliabide gehiago izateko aukera ematen die defizit maila zehatz bat baimenduz; Irunen kasuan, 6.668.387 euroko baimena. Alferrik galdu ezin dugun aukera da hau. Irunek laguntza gehiago merezi ditu; ostalaritzarako, tokiko merkataritzarako, kulturako profesionalentzat, beharrak dituzten familientzat... Eta, gainera, ezin dugu saihestu, Irunek oraindik garatu beharreko beste hainbat inbertsio dituela.

Aurrekontua, udal baten erabaki nagusia da, lehentasunak ezartzen dituena eta baliabide publiko guztiak nola kudeatuko dituen argitzen duena. Koalizio gobernu berri honek 6.668.387 euroko defizita duen proiektua aurkeztu beharrean, 3.774.379 euroko defizita duena aurkeztu du. Santanorentzat eta bere gobernuarentzat ez al da lehentasuna ahalik eta baliabide gehien martxan jartzea? Alkateak nahiago du 3.000.000 euro alferrik galdu? Non dago diskurtsoaren eta proposamenen arteko koherentzia?

Aurrekontuak bezalako gai garrantzitsu batean, esaten denaren eta egiten denaren arteko inkoherentzia kontuan izanik eta honen inguruan hausnartuz, udal gobernuaren lardaskeria baten aurrean gaudela esan dezakegu. Guzti honek harritu eta kezkatu egiten gaitu; izan ere, beste erakunde batzuk araudiaren aukerak %100ean zukutzen ari diren bitartean, Irungo alkateak ia 3.000.000 euro ahaztu edo alde batera utzi ditu. Zergatik? EAJ-PNVtik argibide bat eskatzen dugu, baita hau behar bezala, gardentasunez eta koherentziaz jakinaraztea, eta milioi euro horiek aurrekontuan aurreikustea erregutzen diogu ere.

Irunek maximoetara joatea merezi duela uste dugu eta, horregatik, gure taldeak 2,9 milioi euroko zuzenketak aurkeztuko ditu. Kezkatuta gaude, baina era berean, prest gaude Irungo etorkizunerako, bere beharrei behar bezala erantzuteko eta gure egitea eta eskarmentua nahi duenari eskaintzeko.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube